«Askatasuna, etengabeko borroka bat» BERRIAn

Angela Davisen lan berria euskaraz kaleratu du Katakrak argitaletxeak

'Askatasuna, etengabeko borroka' liburua argitaratu dute. Iruñeko liburu dendan sorturiko proiektuak saiakera lantzea eta munduko narratiba euskarara ekartzea hartu ditu helburu

2016-11-30 / Ainhoa Sarasola

Argitaletxe berri bat eta liburu berri bat. Iruñeko Katakrak liburu dendako kideek bi aurkezpen batean egiteko baliatu zuten Donostian atzo eginiko agerraldia. Liburuak argitaratzeari ekin diotela, eta plazaratu duten lehena Angela Davisen lan berriena izan dela jakinarazi zuten. Euskaraz plazaratu dute Askatasuna, etengabeko borroka bat liburua, Amaia Apalauza Ollo, Iñigo Roque Eguzkitza eta Garazi Ugalde Pikabearen itzulpen lanari esker. Davisek intersekzionalitatea landu du lan berrian, munduko hainbat gatazka eta borroka elkarren artean lotuz, eta puri-purian dauden gaiak aletu ditu horrela. Horiek guztiak Euskal Herriko gaurkotasunera ekarri dituzte Katakrakeko kideek liburuari egindako hitzaurrean, besteak beste, duela hilabete Iruñeko polizia etxe batean hildako Elhadji Ndiayeren kasua, protesta mobilizazioaren argazki eta guzti, gogora ekarrita.

Politikari marxista, ekintzaile afro-amerikarra eta Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitatean Kontzientziaren Historiako irakaslea da Davis, eta, militantziagatik ez ezik, intersekzionalitatearen inguruan egindako gogoetengatik egin zen ezagun 70eko urteetan, jasan zuen jazarpenaren harira munduko hainbat txokotarik jasotako elkartasunaren ildotik. Lan berrian, AEBetan piztutako Beltzen Bizitzak Axola Du fenomenoaz dihardu, baita orain dela mende erdi sortu zen Pantera Beltzen mugimenduaz ere. Horiek ez ezik, beste hamaika auzi jorratu ditu liburuan, tartean, Palestinako erresistentziaren zilegitasuna, indarkeria, feminismoa, kartzelak eta «mozkinak ateratzeko zigorraren kultura hedatzen duten korporazioak», aktibismo politikoa, elkartasun trasnazionala eta beste. «Hainbat gai hartzen ditu, baina ardatz bakarra du liburuak. Bere luma informatu, militante eta finarekin, mahai gainean jartzen digu intersekzionalitatearen garrantzia, hau da, munduko borroka ezberdinak lotu eta konektatzeko beharra, eraldaketa osotasunean sortzeko», azaldu zuen Nerea Fillat Katakrakeko ordezkariak. Borroka horien konexioen harira du liburuak azpititulutzat Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak.

Hamar ataletan banatua dago liburua, eta hainbat formatutan idatzitako testuak biltzen ditu: elkarrizketak, hitzaldiak eta prentsan argitaratutako artikulu laburrak topatuko ditu irakurleak. Lana hiru itzultzailek elkarlanean euskaratu dutela eta, prozesua berezia izan dela esan zuen Amaia Apalauzak hiruren izenean, eta «luxua» eta «erronka» izan dela, aldi berean, halako testu bati heltzea. «Saiakeraren ezaugarrietako bat zehaztasuna izaten da», azaldu zuen; «gai jakin bati buruzko gogoeta edo azalpen zehatzak izaten dira, eta itzultzaileak jatorrizkoaren zehaztasun hori bera jaso nahi du». Hitz teknikoegiak ez dauden arren, Davisek feminismoaren edo kapitalismoaren gaineko diskurtsoan baliatzen dituen termino zehatz batzuk badirela azaldu zuen, eta horiek identifikatu eta txukun emateko, «bateratze lan handia» egin zutela itzultzaileek —horretan Mirentxu Larrañaga Sueskunen eta Irene Arraratsen aholkuak eskertu zituen—. Bestalde, ahozko hizkuntzari oso lotuta dagoen testua izanik, jatorrizkoaren ezaugarri horiei eustea ere erronka izan dela gaineratu zuen itzultzaileak.

Maitasun istorio bat

Euskaraz ez dela saiakera askorik argitaratzen uste du Apalauzak, «are gutxiago, halako gaien inguruan: feminismoaz, arrazakeriaz, kapitalismoaz, aktibismoaz, eta abarrez». Horregatik, pozgarritzat jo zuen azkenaldian interesa piztu izana; horren erakusle, Katakraken liburuaz gain, Susaren Lisipe eta Jakinen Eskafandra bilduma berriak aipatu zituen —Davisen Emakumeak, arraza, klasea liburua euskaraz argitaratuko du aurki azken horrek—. Katakrak argitaletxearen asmoa ere ildo beretik joango da, Fillatek adierazi zuenez. «Gure helburua saiakera lantzea da, bai hemengoa bai mundukoa, eta, bestalde, munduko narratiba ere ekarriko dugu euskarara». Bidean baten bat eroriko ote den beldur, ez zituen datozen lanak aurreratu nahi izan, baina urtean hamar bat plazaratzeko asmoa dutela azaldu zuen.

Argitaletxearen atzean dagoen istorioa ere azaldu zuen Fillatek, liburuekiko maitasuna eta elkarlana zutabe nagusi dituena. «Guk aspaldi jakin genuen argitaratzen hasi nahi genuela, hain zuzen ere, liburuak ikaragarri maite ditugulako. Liburuak aukeratu, testuak landu, itzultzaileekin lan egin, inprentara eraman... hori guztia oso hasieratik egin nahi genuen, baina ez zitzaigun posible». Liburuekiko maitasun horren harira, La hormiga atomica liburu denda sortu zuten argitaletxeko kideek orain hamar urte, eta duela hiru zabaldu zuten Katakrak liburu denda, denda hutsa baino zerbait gehiago ere badena, Fillatek nabarmendu zuenez. Kantina bat eta ekitaldi sozial nahiz kulturalak egiteko areto bat liburu dendaren parte dira, baina baita, eta batez ere, inguruan ehunduz joan den lagunen sarea ere, eta horiek gabe ezin dela argitaletxea ulertu uste dute kideek. Susa eta Traficantes de sueños argitaletxeei ere eskerrak eman zizkieten bidean erakutsitakoagatik.

Argitaletxe berriak salmahaia jarriko du Durangoko Azokan.

Albiste hau Berrian argitaratu zuten

Libro: