Listado de artículos

Bob Brown BERRIAn

BOB BROWN. AFRIKAKO HERRIEN ALDERDI IRAULTZAILEKO KIDEA

«Pentsamoldeak, ekintzarik gabe, pentsamolde hutsak dira»

Trump presidente denetik sortutako herri mugimenduen alde egin du Brownek, eta ohartarazi beren auzien borrokari eusten jakin behar dutela. Pantera beltz ohiak uste du gazte zurien klase kontzientzia faltagatik gailendu dela Trump.

Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ 2017-02-17 Ander Perez Zala

1960ko eta 1970eko hamarkadetako beltzen borroken erdigunean izan zen Bob Brown (Chicago, AEB, 1948). Chicagoko Black Panther Party alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, beltzen eskubide zibilen alde borrokatu zuen alderdia. Egun, Afrikako Herri Guztien Alderdi Iraultzaileko kide esanguratsua da, eta abenduaz geroztik Europan dago, kontinenteko errealitateak ezagutzeko eta harremanak sortzeko. Euskal Herrian izan da egunotan.

Mugimendu asko sortu dira Donald Trump presidente denetik, eta gaur grebak izan dira. Gizarte borroka piztu da berriro?

Alde batetik, ondo dago horrelako mugimenduak sortu izana. Masa kritiko baten areagotzea erakusten dute, herritarren kontzientziazioaren areagotzea, ekintzen areagotzea. Eta horrekin pozik gaude, ezker iraultzailearentzat leiho bat ireki baita. Belaunaldi berri bat ordezkatzen dute mobilizazioaek, jarraitutasunaren belaunaldia, alegia. Baina, beste alde batetik, manifestazio horiek Alderdi Demokratak eta George Sorosek [milioidun enpresari eta filantropoak] kontrolatuko dituzte. Iraganeko mugimenduen hutsak eta kontraesanak dituzte, eta izango dituzte. Esaterako, iraganean izan genuen hutsegiteetako bat izan zen ezker zuriarekin aliantzak egitea. Demokratek eta Sorosek Trumpen administrazioa ezegonkortuko dute datozen urteetan, kaleetako indarra erabiliz. Eta hori soilik egin dezakete Black Lives Matter mugimenduaren kontrolaren zati bat edo mugimendu osoa kontrolatuta. Diruak agintzen du, eta diruak esaten du zer egin. Mugimendu horiek beren auziaren alde borrokatuko dira, baina, nahita edo nahi gabe, dirua jartzen dutenen agenda garatuko dute.

Orduan, zer egin dezakezue hori ez gertazeko?

Ezin ditugu manifestazioak gelditu. Ezin duzu elefantea irentsi, baina menderatu dezakezu, txikiagotu. Egin behar dugun lehen gauza da beraiek ulertzen saiatu, ezin duzulako aldatu ulertzen ez duzuna. Analisi sofistikatu bat izan behar du, ez soilik hedabideetan agertzen dena sinetsi. Hurrengo pausoa indarrak eta gaitasunak sortzea da. Eta, kasu batzuetan, egokia izan daiteke beste mugimenduekin aliantzak egitea. Gobernu koalizioak egitea zentzuduna bada, zentzuduna da, eta askoz garrantzitsuagoa, beste mugimenduekin aliantzak egitea. Edo mugimendu paraleloak sortzea, izaera independentea dutenak. 1960ko hamarkadan, polizia indarkeria zegoenean, hiri iraultzak egon ziren. Martin Luther King Jr. hil zutenean, hiriak sutan jarri ziren. Hori zelako gure arma, masaren arma. Panthera Alderdia, Beltzen Armada eta bestelakoak iraultza horietatik sortu ziren. Zer egin beharko litzateke? Masa indarra erabili, baina ez dago hori egiteko baldintzarik. Estrategia munduarekiko duzun ikuspuntuaren arabera egin behar da, eta agintzen duten indarrekiko duzun ikuspuntuaren arabera. Gure ikuspuntua, ezkerrarena, aliantzak egitea da.

Mugimendu baten arrakastarako bidean bi aktore daude: kalea eta erakundeak. Nola ikusten duzu bien arteko harremana, arrakasta helburu izanik?

Bata bestea baino baliagarriagoa izan daiteke, egoeraren arabera, denboraren arabera, espazioaren arabera. Baina biak erabili behar dira. Alde batean, kaleko armadak sortzen ari zara, eta bestean alderdiak, mugimenduak eta antolabideak. Zure indarraren arabera eta etsaiaren ahultasunaren arabera, batek funtzionatuko du eta besteak ez. Estrategia bat behar da, eta, noski, ez duzu estrategia eztabaidatzen zurekin ados ez daudenekin. Borroka horretan jakin behar da zer nahi duzun, estrategia zehazteko. Baina beti moralan eta etikan oinarrituta. Gainera, helburuaren eta baliabideen artean harremana egon behar du. Eta balio horiek izango dira estrategiaren eta baliabideen mugak. Morala baduzu, noski. Ez pentsa etsaiak berdin jardungo duenik.

Zaila da morala zehaztea, subjektiboa baita.

Subjektiboa eta objektiboa da. Zailena da morala ulertzea eta definitzea. Baina iraultza ere zaila da ulertzeko. Mugimenduek izpiritua galduko dute borroka ez badute beren alde eta beraien arrazoiengatik egiten. Pertsonek kultura bat dute, baikorra edo ezkorra izan daiteke, eta kultura horrek definituko du zer egin dezakezun eta zer ez mugimendu batean. Eta auzi horietan dauden subjektibotasun eta objektibotasunek sortzen dituzte mugimendu barneko desberdintasunak, bai ideologietan baita balioetan ere. Pentsamoldeak, ekintzarik gabe, pentsamolde hutsak dira.

Barack Obama presidente izendatu zutenean, aldaketarik espero zenuen harremanetan?

Ez. Ez nuen ezer espero. Ez nuen bere alde bozkatu. Gizabanako bat da, sistema politiko eta ekonomiko baten ordezkaria, eta jendeak gizabanako gisa ikusten du. Hori akatsa da. Egitura zuri kapitalista arrazista baten buru beltzena zen Obama. Hauteskundeak irabazi izanak ez zuen esan nahi arrazismoa amaituko zenik. Aurkakoa gertatu da, bere agintaldietan arrazismoa areagotu egin da, arrazismo itsusiagoa. Ez du ezer egin eta ezin zuen ezer egin. Polizia gorenena da, inteligentzia agentzia komandante burua zen. Azken hemezortzi urteetan beltz gehiago atxilotu dituzte azken 30 urteetan baino, errepresioa handitzen ari delako. Berriz diot: ez du ezer egin beltzen alde.

Beraz, Obama presidente izatea ez da garaipen bat izan beltzen komunitatearentzat.

Ez, bat ere ez. Gehienek Obama bozkatu eta babestu zuten, ez uste zutelako zerbait egin zezakeela, etiketarengatik baizik: lehen presidente beltza. Historiaren alde bozkatu zuten, zalantzarik gabe. Baina gaitasunen kontua dago hor: ez zuen gaitasunik, ezta indarrik ere ezer egiteko. Eta Alderdi Errepublikanoak Obamaren aurka egin zuen, orain Alderdi Demokratak Trumpen aurka egiten ari den moduan. Trumpek esaten du gazte zurientzako adina lanpostu sortuko dituela, eta, horri esker, gazte zurien %60k errepublikanoak bozkatuko dituztela datozen 30 urteetan. Eta esan du beltzentzako ere adina lanpostu sortuko dituela, eta, horri esker, beltzen %40k errepublikanoak bozkatuko dituztela datozen 30 urteetan. Eta hori gerta daiteke. 1965. urtea arte, borrokak hasi arte, bozkatzeko eskubidea zuten beltzek Alderdi Errepublikanoa bozkatzen zuten. Martin Luther King Jr. errepublikanoa zen, bere aita ere. Baina Kennedy familiak kartzelatik ateratzen lagundu zionez, demokrata bihurtu zen.

Bere proposamenei esker garaitu du Trumpek?

Trump eraikitzaile bat da. Hotelak eraiki ditzake. Segurtasun sistema ona dut,e eta ez da beltzik sartuko. Segurtasun ona du gu barrura ez sartzeko. Iraultzak egon daitezke kanpoan, gatazkak, baina zu hor seguru zaude, ez zaizu ezer gertatuko. Beraz, hesia eraiki dezake. Ahal du. Mexikarrak azpitik pasatuko dira, gainetik, barrutik, baina eraiki dezake. Trumpen lanpostuak sortuko dituela esan du, eta gose daudenek onartuko dituzte lan horiek. Beraz, bai, gazte zuriek errepublikanoak bozkatuko dituzte, lana emango dietelako; beren klase- kontzientzia oso baxu dagoelako da. Eta horregatik eraiki behar dugu klase kontzientzia.

Hori daTrumpen garaipenaren giltzarria.

Bai. Lehen esan dizut AEBetako hegoaldeko zuriek 1964tik aurrera errepublikanoak bozkatzen dituztela, eta Chicagoko demokratek behin bozkatu zituztela errepublikanoak. Prozesu bera da orain. Iparraldeko gazte zuriak, gizonak eta emakumeak, austeritatea jasaten ari dira, lanpostuak galtzen dituzte. Eta Obamaren aurretik datorren joera da, austeritatearena. Obamak bilioika dolar eman zituen bankuak erreskatatzeko, petrolio eta etxebizitza industria salbatzeko. Klase kapitalista salbatu zuen, eta, horrekin batera, lanpostu pila. Baina ez zuen salbatu zurien langileria klasea. Eta horregatik bozkatu dute Trump. Baita Alderdi Demokrataren eta Hillary Clintonen aurkako boto gisa ere, noski. Ez dira soilik arrazistak, sexistak ere bai. Zuri gazteei buruz eta zurien langileria klaseari buruz ari naiz. Obamaren izendapena gehiengo errepublikanoaren finkatzea gelditzeko saiakera bat izan zen. Ez dut uste gazte zuriek Trumpen alde bozkatu zutenik soilik arrazistak direlako. Badira, noski, baina klase kontraesanengatik izan da. Gazte zurien arazoez hitz egin behar da beren klase kontzientzia sortzeko. Oso baxua da, eta zerbait egin behar da hori igotzeko. Horrela ikusiko dute Trump dela etsaia, ez ni.

Eskaini zuen ekitaldiaren audioa osorik ingelesez eta gaztelaniaz:



Más artículos sobre este tema