COPEL NAFARROAKO HITZAn

Presoak boteretu zirenekoa

2018, martxoak
Edurne Elizondo

Erabat aldatu ninduen”. Horixe erran du Daniel Pontek (Madril, 1959) kartzelari buruz. 17 urte zituenean sartu zuten lehenengoz preso; Francoren garaiko Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zuen espetxera. Carabanchelgo, Teruelgo eta Zamorako kartzeletan izan zuten Espainian, bai eta Arabako Langraiz Okan ere. 22 urterekin atera, eta handik urtebetera berriz espetxeratu zuten, hainbat banketxetan lapurreta egin eta gero. “Bertze sei urte egon nintzen barruan. Kartzelak erabat aldatu ninduen. Jarrera otzana nuen sartu nintzenean, bai eta beldurra ere. Baina espetxean boteretu nintzen, lortu nuen presoon eskubideen alde borrokatzeko indarra, bai eta gure aldarrikapenak zabaltzekoa ere”.

Espetxean, Copel koordinakundeko kide izan zen Pont. Sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten Copel. Milaka izan ziren, Espainiako Gobernuaren administrazioaren pean ziren espetxeetan, eta haien historia jaso dute koordinakundeko hainbat preso ohik, orain, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentalean. Iruñean aurkeztu du Pontek, Copeleko kide Fernando Alcatrazekin batera.

1976ko abenduan sortu zen Copel, eta hiru urtez egon zen indarrean, 1979an desegin zuten arte. Denbora horretan, dozenaka mutin, gose greba, protesta eta ihesaldi egin zituzten hamaika espetxetan. Trantsizioa hasi zen garaian, duintasuna eta beren giza eskubideak errespetatzea exijitu zuten, bai eta amnistia ere, preso sozial guztientzat. Estutasunean jarri zuten estatua, eta garai hartako politikarien agendetan kokatu zuten presoen auzia. Espetxeetako teilatuetara igo ziren, beren burua zauritu zuten, su eman zieten ziegetako koltxoiei. Antolatzeko gai izan ziren, koordinatzeko gai, inolako buruzagirik gabe.

Antolatzeko eta lan egiteko modu hori da Fernando Alcatrazek (Valentzia, 1959) Copeli buruz nabarmendu nahi izan duena. Copeleko presoen alde hiriz hiri sortu ziren babes taldeetako batean aritu zen lehendabizi; gero, 18 urterekin kartzelan sartu zutenean, banketxeen kontra molotov koktelak botatzeagatik, koordinakundeko kide bilakatu zen. “Zortzi urte egon nintzen barruan. 26 urterekin atera nintzen. Oraindik ere beharrezkoak ditugun esperientziak eta ikasketak mahai gainean jartzea da Copelen historia kontatzea. Copel sortzeko izan ziren arrazoiak indarrean dira, oraindik ere”, erran du.

Alcatrazen hitzekin bat egin du Salhaketako kide Libertad Francesek. Argi du Copeleko presoek salatzen zituzten giza eskubideen urratzeak gertatzen direla egun ere. Horregatik antolatu du Salhaketak dokumentalaren Iruñeko aurkezpena, hain zuzen ere. Lana egiteko prozesuan ere parte hartu du elkarteak, proiektua diruz lagunduta. Izan ere, hamabi urteko bidea dago Copeli buruzko dokumentalaren atzean. Baliabideak urriak izan dira, eta, azken txanpan, finantzaketa kolektiboaren alde egin zuten bultzatzaileek. Laguntza horri esker amaitu zuten lana, eta iazko azaroan estreinatu zuten.

14.000 preso

“Gizarteak ez dio espetxeari so egiten. Hirietatik atera dituzte kartzelak horretarako. Guztiz beharrezkoa da espetxeetan gertatzen dena agerian uztea, eta presoen eskubideak aldarrikatzea”, nabarmendu du Francesek. Copeleko kideen xedea ere horixe zen. Hirietako erdiguneetatik hurbilago baziren ere, espetxeetako errealitatea ikusezina zen herritar gehienentzat, orduan ere. Hori aldatu nahi izan zuten Copelekoek beren protesten bidez.

Frankismoaren amaieran, 14.000 preso zeuden Espainiako administrazioaren peko kartzeletan, preso politikoak eta sozialak kontuan hartuta. Haietako 8.000 inguru Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zituen espetxera. Diktadorea hil eta gero, hainbat amnistia prozesuk kartzelatik atera zituzten preso anitz, baina milaka preso sozial barruan gelditu ziren. Horren aurka altxatu zen Copel. “Argi genuen une horretan kartzelan ginen preso guztiak ginela preso politikoak, eta irmo defendatu genuen preso guztien amnistia, espetxea errepresio gune bat zelako”, gogoratu du Pontek.

Espetxeak ahaldundu zuela nabarmendu du solasaldiaren hasieran, eta mezu hori berretsi nahi izan du. “Copelek denoi ekarri zigun boteretzeko aukera. Ikasi genuen gure biktima izaera ez onartzen, ez behintzat jarrera kritiko eta erresistentziazkoa erakutsi gabe”.

Boterea beren esku izan zutela erantsi du. “Arazo larria eragin genion estatuari kartzeletako teilatuetara igota eta ziegei su emanez”. Estatuak ikasi zuen, ordea, pultsuari erantzuten. “Preso nor zegoen orduan? Pobreak, gizarteak baztertuak, orain bezala. Benetan sinetsi zuten demokraziaren aldeko beren aldarrian, baina estatuak errepresioa baino ez zien eman”, erran du Alcatrazek.

Errepresio horrek, gainera, hainbat aurpegi ezberdin erakutsi zituen. Batetik, estatuak sakabanatu egin zituen Copeleko kide nagusi gisa identifikatu zituenak. “1.000 preso inguru mugitu zituzten espetxe batetik bertzera”, azaldu dute Copeleko kideek. Bertzetik, tratu txarrak eta torturak areagotu ziren. “Indarkeriak goia jo zuen Herrera de la Manchako espetxea inauguratu zutenean. Istiluetarako poliziak sartu zituzten espetxeetan”. 1978ko ekainean zabaldu zuten Herrera de la Manchako kartzela.

Urte horretako otsailean errepresiorik gordinena sufritu zuen Agustin Rueda Copeleko presoak. Koordinakundeko kide izateagatik Carabanchelera mugitu zuten urtarrilean. Ihesaldi batean parte hartu eta gero, jipoia eman zioten Ruedari, eta, kolpeen ondorioz, hil egin zen.

Hirugarren elementua jarri du mahai gainean Pontek estatuak presoen borroka indargabetzeko erabilitako tresnen adierazgarri: droga. “Espetxeetan heroina sartzen hasi ziren”. Laugarren auzia aipatu nahi izan du Alcatrazek: Carlos Garcia Valdes Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusiaren jokabidea eta haren jarduerak izan zuen eragina, alegia. “Izendatu zutenean, Copeleko kide anitzek konfiantza zuten harengan, baina errepresioarekin baino ez zuen erantzun”. Garcia Valdes bertzelako irudi bat ematen saiatu zela erantsi du Alcatrazek. “Partekatutako kudeaketaren auzia jarri zuen mahai gainean, presoen protestak baretzeko. Baina garrantzirik gabeko kontuetan baino ez zuen ezarri”. Gogoratu du oraindik indarrean dagoen Espetxeen Lege Organiko Orokorraren atzean Garcia Valdesen lana dagoela, eta, haren bidez, “Copelen protestak indargabetu eta errepresioa legitimatzea” bertzerik ez zutela helburu. “Lege horren arabera, edozer gauza har dezake estatuak mutin gisa”, erantsi du Francesek, araudiaren eragina egungo errealitatera ekartzeko.

Alcatrazek ikuspuntu kritikoa du Copel koordinakundearen azken garaiari buruz, uste baitu Garcia Valdesek zabaldutako bidetik beren aldarrikapenak lausotu, eta, neurri batean, amore eman zutela preso anitzek. Ez da iritzi berekoa Pont: “Copelek inoiz ez zuen erran mutinen bidetik jarraitu behar ez genuenik, eta preso sozial guztientzat indultua lortzeko borrokan segitu genuen; partekatutako kudeaketaren bidetik negoziazioak gertatzen ziren bitartean, ihesaldiak egiten jarraitu zuten presoek, gainera”.

Emakumeak, ikusezin

Copeleko kideek ez zuten preso sozialen amnistia lortu. Baina orduko irakaspenen garrantzia nabarmendu nahi izan dute Pontek eta Alcatrazek. “Geure burua batzarren bidez antolatzeko gaitasuna erakutsi genuen; antolatzeko eta koordinatzeko gai izan ginen”. Francesek txalotu egin du Copeleko presoen esperientzia, eta nabarmendu du lortu zutela trantsizioaren garaiko ardatzeko bat bilakatzea presoen auzia.

Gizonen espetxe barruko borroka islatzen du Copeli buruzko dokumentalak, baina aipamen berezia egin die lanak preso ziren emakumeei. “Matxistak ginen”, onartu du Pontek. Orain, bereziki nabarmendu eta eskertu nahi izan du babes taldeetan aritu ziren emakume guztien lana. “Anitz egin zuten”. Senideek osatutako babes taldeetan emakumeak izan ziren nagusi. Copeleko kideak laguntzen aritu ziren abokatuen artean ere anitz ziren emakumeak.

Espetxeetan gutxiago ziren. “300 inguru, 1970eko hamarkada hartan”, azaldu du Pontek. “Madrilgo eta Bartzelonako espetxeetan ziren, eta Talavera de la Reinako zentro batean. Mojek zuten preso ziren emakumeen ardura; emakume pobreak ziren, ikasketarik gabeak, gehienak. Mojen zaintzapean, politizatzeko aukera gutxiago izan zuten”, erran du Copeleko kideak.

Hala eta guztiz ere, antolatzeko eta protesta egiteko gai izan ziren preso ziren emakumeak ere. “Madrilgo espetxeko teilatura igo ziren, eta gose grebak ere egin zituzten. Kontua da emakumeen borroka ezkutuan gelditzen zela; are ikusezinagoa zen”, gaineratu du Alcatrazek. Copeleko kideak nabarmendu nahi izan du preso anitzen ihesaldietan ere laguntzaile izan zirela emakumeak.

Gaur egun preso direnak laguntzeko eta babesteko sareetan ere emakumeak dira nagusi. Orain, halere, 1970eko hamarkadan baino zailagoa da Copelen gisako esperientzia bat martxan jartzea, preso sozialen eskubideen alde. Saiakerak badirela erran du Fernando Alcatrazek. “Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena”. Ezkor agertu da, halere, valentziarra. Daniel Pontek ere beltz ikusten du egungo egoera. “Gure garaian baino okerrago daude espetxeak”. Kartzelei so egiteko eskatu diote gizarteari.