Listado de artículos

Dave Randall BERRIAn

Dave Randall. Musikaria eta idazlea

«Erlazio dialektiko bat dago artisten eta herri mugimenduen artean»

Musikaren botere politikoa aztertu du Dave Randallek 'Sound System: The Political Power of Music' liburuan. Musika mundua aldatzeko tresna bat izan daitekeela uste du, baina baita boteredunentzako arma bat ere.
IÑIGO URIZ 2019ko martxoak 13

Faithless taldearekin eta Sinead O'Connor kantariarekin munduko toki askotan ibilia da Dave Randall gitarra jotzaile britainiarra. Horietan guztietan bizi izandako esperientziek erakutsi diote musikaren eta politikaren arteko harremana estua dela, bai eta konplexua ere. Harreman horrek erakarrita, iaz gaiaren inguruko gogoetak bildu zituen liburu batean: Sound System: The Political Power of Music. Horretan, musikak duen botere politikoa erakutsi du, hainbat adibideren bitartez. Orain, Luis Soldevila Katakrak argitaletxeko kideak gaztelaniara itzuli du lana. Randallek eta Soldevilak bira bat egin dute Euskal Herrian, liburua aurkezteko.

Zerk eraman zintuen politikaren eta musikaren arteko lotura aztertzera?

Musikari gisa munduan zehar nenbilenean bizi izandako esperientzia askoren eraginez liluratu ninduen musikaren eta politikaren arteko loturak. Politikarekin harremana izan nuen lehenbiziko esperientzia izan zen Free Nelson Mandela izeneko kanta entzutean. 14 urte nituen, eta aurretik ez nuen inoiz entzun Nelson Mandelaren inguruko deus. Baina kanta hura entzun nuenean, sentitu nuen Mandela libre izatea nahi nuela. Kanta horrek eragin politikoa izan zuen nigan.

Zein beste esperientziak izan dute eragina zugan?

Adibidez, 1997an, Faithlessekin Hegoafrikara joatera gonbidatu ninduten. Apartheida eroria zen, eta Mandela zen herrialdeko presidentea. Niretzat izugarria zen pentsatzea askatutako nazio batean jo genezakeela, ospakizun moduan. Baina, han geundela, jakin nuen zigarroen konpainia batek babesten zuela bira; haientzat, biraren helburua zen jende gaztea erretzera bultzatzea, haiek dirua irabazteko. Hala, konturatu nintzen musikaren esanahia aldatu egiten dela testuinguruaren arabera, musikaren eta politikaren arteko harremana konplexua dela, eta, hura ulertzeko, azalez azpikoa begiratu behar dela.

Musika arma gisa ikusten duzu, baita boteredunentzat ere.

Bai. Boteredunek oso ongi ulertu dute zer eragin duen musikak jende arruntarengan, eta maiz erabili izan dute subertsibotzat jotzen den musika beren irudia sustatzeko gizartearen aurrean. Horren adibide dira XX. mendeko diktadoreak; haiek ez ziren salbuespena izan. Musika erabiltzen zuten haien onurarako, eta, aldi berean, arduratzen ziren haientzat ona ez ez zen musika ezabatzeaz. Adibide gisa, Hirugarren Reichak errekrutatu egin zuen Richard Strauss konpositorea; eta Stalinek harreman deserosoa izan zuen Dimitri Xostakovitx konpositorearekin.

Antonio Gramsciren ideiak erabili dituzu musikaren eta politikaren arteko erlazioa ulertzeko.

Gramsci oso pentsalari interesgarria zen; hark esaten zuen, preseski, kultur adierazpide oro dela inkonformista eta, hortaz, garrantzitsua. Hark zioenez, zuk kontrolatzen baldin baduzu gizarteak ikusten dituen irudiak eta entzuten duen musika —zer estilotakoa den kontuan hartu gabe—, aukera izango duzu jendearen pentsamendua kontrolatzeko.

Zuk diozu marxismotik interpretatu behar dela musika?

Ez hori, zehazki. Nik ez diot inori esan nahi zer egin behar duen, baina egia da marxismoaren ideia batzuek eragin handia izan dutela nigan. Eta baliagarria iruditzen zait ikuspegi marxista bat izatea historia ulertzeko, baita musikarena ere. Karl Marxen aipamen hau egokia iruditzen zait: «Gizarte klaseen historia da klaseen borrokaren historia». Eta uste dut borroka horretako alde guztiek erabili izan dutela musika.

Auzi politikoen inguruan kokatu izan duzu zeure burua. Horrek kalterik egin dizu musikari gisa?

Konpromiso handia hartu nuen kanpaina batekin, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko kanpainarekin. Izan ere, Palestinako gizarteak eskatu zuen Israeli kulturalki boikota egitea, eta, musikari gisa badakidanez aukera dudala mezuak zabaltzeko, boikota egin nuen. Horrek tentsioa eragin zuen gure taldearen administratzaileekin, haiek kontratuak sinatzen ari zirelako Israelgo enpresekin. Zure motibazio nagusia bada dirua irabaztea, zaila izango da Israeli boikot egitea; beraz, bazegoen tentsioa.

Halere, merezi du sinesten duzunarengatik borroka egiteak?

Nire gomendioa hau da: zerbaitetan sinesten baduzu, eta ziur bazaude zure jarrera politikoarekin, egin ezazu hori. Lagun batzuk galduko dituzu, baina lagun hobeagoak ezagutuko dituzu: kamaradak. Niretzat, hasieran zaila izan zen, baina merezi izan du.

Liburuan diozu politikan engaiatu behar direla underground kulturan diharduten musikariak, baina baita famatuenak ere.

Bai, nik pertsona guztiei eskatuko nieke has daitezela konpromisoa hartzen mugimendu politikoekin; mugimendu aurrerakoi indartsuak baldin baditugu ingurumenaren alde, arrazismoaren kontra, justiziaren alde edota homofobiaren eta misoginiaren kontra, orduan kultura hasiko baita hori guztia islatzen. Eta mugimendu horiek eragina izango dute pop izar handienengan ere.

Beraz, herri mugimenduek eta artistek elkarri eragiten diote?

Bai, hori da: erlazio dialektiko bat dago horien artean. Liburuan ematen dudan adibide bat da Beyoncek Black Lives Matter mugimenduarekiko elkartasuna adierazi zuenekoa, 2016an. Aurretik, hark inoiz ez zuen ezer esan beltzen askapenaren inguruan. Baina, bat-batean, egin zuen. Eta, liburuan proposatzen dudan moduan, hark erabaki hori hartu zuen mugimenduak indar handia hartu zuelako kalean, masa kritiko bat sortuz. Eta eragina izan zuen Beyonceren gisako izarretan ere. Beraz, herri mugimenduak eragina du artistengan, eta haiek laguntzen diote mugimenduari.

Egungo musikariak politikoki engaiatuak daudela uste duzu?

Nire ustez, gaur egun konpainia handiek gehiago kontrolatzen dituzte musikariak; baina, aldi berean, artista asko ari dira kontrol horretatik alde egiten, eta gizarte edo politika mugimenduekin engaiatzen. Gainera, Internetek aukera berri asko eman dizkigu: orain, zure herrialdeko presidentearen kontrako bideo bat egin dezakezu, sare sozialetan jarri, eta une batean milioi bat lagunei helduko zaie. Beraz, egungo argazkia nahasia da: kontrol handia dago, baina baita aukerak ere.

Musikak garaian garaiko egia unibertsalak erakusten dituela diozu. Egun, zer erakusten du?

Egungo kantarik arrakastatsuenek hitz egiten dute bakardadeaz, atsekabeaz eta nostalgiaz. Gizartearen alienazioarekin lotuta dago hori: konektatzeko ezintasun handia eta bakardadea sentitzen dugu. Bada, uste dut gustuko ditugula musika eta kontzertuak, laguntzen digutelako konexio bat sentitzen berriz, artistarekin edota gainontzeko pertsonekin.

Zein da zure helburua liburuarekin?

Gizarte kritikoago bat sortzea ez da lan erraza izango; horregatik, horretarako ditugun bide guztiak erabili behar ditugu, eta bat da kultura. Baina ezkerreko jendeak ez du kulturari buruz aski hitz egiten. Bada, liburuarekin elkarrizketa hori bultzatu nahi dut. Hau da nire ekarpen txikia mundua aldatzeko proiektu handian.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema