Eric Toussaint ARGIAn

ÉRIC TOUSSAINT. ZORRAK ASTINDUZ

«Euroeremutik ateratzea ez dut baztertzen, egoera kontrolagarria da»

Nafarroako Legebiltzarrean egon da Parlamentu Sozialak ekarrita, eta aholkatu dio Nafarroako Gobernuari ez dezala zor ilegitimoa ordaindu. Greziakoari ere hori aholkatu zion lehenago, eta Ekuadorrekoari eta beste hainbati. Zorraren gaiaren mundu mailako aditu garrantzitsuenetakoa da aktibista belgiarra. Liburu ugari idatzi ditu gaiaz.
XABIER LETONA @xletona 2018ko otsailaren 04a
Éric Toussaint Iruñeko autobus geltokian elkarrizketaren une batean. Bilbora autobusez abiatu zen; biharamunean Parisera joko zuen eta bi egun beranduago Italiara.

Samurra al da zor ilegitimoa identifikatzea?

Oso samurra. Zor hori kontratatu da gutxiengo pribilegiatu baten interesak asetzeko: bankuen erreskatera bideratutako zorra, aberatsei egindako opari fiskalak, ‘elefante zuriak’ eraikuntza enpresentzat, ustelkeria bidez kontratatutako enpresak…

Etengabe esaten zaigu krisitik ateratzen ari garela edo atera garela. Hala da?

Ez, jakina. Europako Banku Zentrala (EBZ) 2 bilioi euro ari da sartzen banku pribatuetan eta, aldi berean, 1,5 bilioi euro gastatu ditu titulu subiranoak erosten; horrek interes tasak jaisten ditu estatuentzat. Emaitza? Badirudi krisitik ateratzen ari garela, baina hori ez dago oinarrituta ekonomiaren egiazko hobekuntzan.

Zor publikoari aurre egin nahi dioten gobernuei aholkatzen diezun lehen puntua da Europar Batasunaren irizpideak desobeditzea. Horrek esan nahi du EBtik ateratzea edo EBk kanporatzea.

Desobeditzeak ez du esan nahi berehalako kanporatzea. Espainia moduko estatu batean, adibidez, negoziazio ahalmen garrantzitsua luke… zeresanik ez Frantziak edo Italiak. Horrez gain, ez dut baztertzen euroeremutik ateratzea, eztabaidatu behar da horri buruz, ez du hondamendia esan nahi, egoera kontrolagarria da.

Edozein modutan, dagoeneko ez da hainbeste entzuten zor publikoarena, are gutxiago ez ordaintzearena.

Bai, egia da. Interes apalak medio, gobernuek lortzen dute beren zorra finantzatzea arazorik gabe, baina egoera aldatu egingo da, EBZk zor publikoaren erosketa gutxituko duelako eta interes tasa igoko duelako. Horrek estatuenganako presioa handituko du eta iritzi publikoaren arreta piztuko du berriz ere. Horregatik ari gara lanean gogor orain, egoera hori aurreikusten dugulako.

Estatuen zor publikoaren egoera zein da?

Oro har, etengabe gora doa. Zergetatik biltzen dena gutxitzen bada, nonbaiten bilatu behar da finantzazioa.

2008an Greziaren zor publikoa bere BPGaren %100a zen, gaur egun %175. Erreskateak tranpa bat dira?

Jakina. Funtsean, Grezia erreskatatzeko plana, EBko ekonomia indartsuenetako bankuak erreskatatzeko plana zelako. Euroaren lehen hamar urteetan diru fluxu handia egon zen herrialde aberatsenetatik periferiakoetara eta gero hori itzuli behar izan da.

Alexis Tsiprasek –Syrizak– EBrekin negoziatu zuen, nahiz eta zorra ez ordaintzeko erreferenduma %61,5arekin irabazi zuen. Zer gertatu zen?

Tsiprasek ez zien aurre egin hartzekodunei ezta bere herrialdeko klase nagusiei ere, beraz, traizio egin zion bere herriari. Tsiprasek erabakia zuen itsas industriako jabeei eta eliza ortodoxoari ez aurre egitea.

Syrizak dio bestela EBtik kanporatuko zutela. Grezia prestatuta zegoen horretarako?

Hori prestatzea zen bere lana. Zure herriari eraso egiten badiote, zuk ezin duzu hori defentsarik gabe utzi. Hala ere, gaia ez zen EBtik ateratzea ala ez, zorra ordaintzea ala ez baino. Tsiprasek zor ilegitimoa ordaintzea erabaki zuen.

Zuk esan duzu Tsiprasek erreferenduma deitu zuela pentsatuz galdu egingo zuela. Zergatik uste duzu hori?

Hainbat zantzu ditudalako. Tsiprasen aholkulari batekin oso kontaktu estua nuen eta hark kanpainan bidaltzen zizkidan mezuak esanez galdu egin behar zutela. Nik esaten nien oso kanpaina txarra egiten ari zirela, egiazki mobilizatu gabe, baina hala ere jendeak ezezkoa bozkatuko zuela. Beste zantzu bat: nik oso estuan egiten nuen lan Greziako Legebiltzarreko lehendakariarekin, eta erreferendumaren gauean, jakinik jada irabazi zutela, bera joan zen lehen ministroaren bulegora eta, Tsipras eta bere aholkularia erabat triste zeuden. Hurrengo egunean bildu ziren zorra ordaintzearen aldekoekin, berau nola ordaindu adosteko. Tsiprasek dena zuen prest galtzeko eta oposizioarekin eta EBrekin negoziatzeko, eta bere gidoiarekin jarraitu zuen.

Alderdi eraldatzaileek sarri ematen dute amore instituzioetara heltzean. Zergatik?

Ez direlako aldaketarako prestatzen. Gatazkan eta desobedientzian sartu behar dira eta hori egin beharrean, beren burua sare instituzionalean harrapatzen uzten dute. Podemosekin gertatzen ari da Espainian, baina nolabait Bildurekin ere gertatu zen Gipuzkoan. Autonomia fiskala izanda, esaterako, esparru fiskalean neurri zorrotzagoak hartu behar zituen. CUPi ere antzekoa gertatu zaio: honen oso zalea naiz, baina larrutik ordaindu du beste bi alderdi independentista neoliberalekin egindako ituna. Ez naiz ni bakarrik hau dioena, alderdi horietako militante askok berdin pentsatzen dute eta eztabaidatu behar da horretaz.

Zer egin behar da hori gerta ez dadin?

Bat, ondo prestatu, jakin estatuetako gobernuei aurre egin behar zaiela, eta bertako klase nagusiei ere bai. Bi, giltzarri da alderdietako koadro guztiak instituzioetan ez sartzea, eta alderdiko kuadro horiek eta militanteak kalean mobilizatzea gobernuari presio egiteko. Instituzio eraldatzaileen eta herritarren mobilizazioen arteko elkarlan estua ezinbestekoa da.

Éric Toussaint Laura Pérez Ahal Duguko parlamentariarekin Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. Parlamentu Sozialaren ekimenez, Toussaint Perezek zuzentzen duen Legebiltzarreko Zorraren lan batzordean izan zen urtarrilaren 24an. (Arg. X. Letona).

Gobernuen aholkulari

«Belgikan jaio nintzen 1954an, Namurren. Zorraren gaia izan da nire bizia: garai batean Hegoko herrien zorra ikertu nuen asko, azken boladan herrialde aberatsetakoa gehiago. 15 liburutik gora egin ditut gaiaz eta mundu mailako erakundea den Zor Ilegitimoa Ez Ordaintzeko Batzordearen bozemailea naiz, besteak beste. Nafarroan gogor ari dira lanean zor publikoarekin eta laguntzera etorri naiz. Bihar banoa Parisera eta etzi Italiara. Asko bidaiatzen dut».

Libro:

Bancocracia