«Filiala»ri iruzkina BERRIAn | Katakrak

«Filiala»ri iruzkina BERRIAn

Absurdoa eta ironia jokoan

Idazlea: Sergei Dovlatov. Itzultzaileak: Amaia Apalauza eta Aroa Uharte. Argitaletxea: Katakrak.
2018ko apirilak 8

Sergei Dovlatov idazle errusiarraren hiru lan ditugu jada euskarara ekarriak: Konpromisoa itzuli zuen Iker Sanchok 2008an, Hiria argitaletxearentzat, eta, berriki Katakrakek argitaratu duen Filiala hau bezalaxe, Amaia Apalauzak euskaratu zuen Maleta, zeina 2011n eman baitzen argitara Literatura Unibertsala bilduman. Hiru lan dauzkagu, hortaz, nahiko desberdinak diren hiru frontetatik euskaratuak; idazle polifazetiko eta aldi berean berezi baten adierazle da hori, baina, era berean, gaur egun munduko literatura euskaratzeko ditugun bide askotariko eta (hein batean behintzat) arrakastatsuen erakusle ere bada.

Nolanahi ere, dagokigunera etorrita, esan beharra dago ezen Dovlatoven eleberriak, aldeak alde eta berezitasunak berezitasun, idazlearen beraren biografian iltzatuta daudela errotik. Ezin esan daiteke idazleak autofikzioa soilik lantzen zuenik, hertsiki behintzat, baina haren biografia bereziki da kontuan izatekoa haren literatura ulertzeko —edo bertan barneratzeko behintzat—.

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko disidentea zen Dovlatov; AEB Amerikako Estatu Batuetara deserriratu zen 1970eko hamarkadan, kritiko baitzen Sobietar Batasunarekin, baina baita AEBetako gizartearekin ere, eta agian are gehiago bera bezala erbesteraturiko errusiarrekin. Deserriratutako gizarte puska horretatik taxutzen du Dovlatovek filial kontzeptua, zeina ez baita, Miquel Cabalek liburuaren hitzaurrean esaten duen bezala, «gizarte ama baten entitate subsidiarioa» baizik.

Bada, filial horretan dago girotua eleberria. Kazetari errusiar erbesteratu (eta aski autobiografiko) bat du protagonista, zeinak eleberriaren hasieran etorkizuneko Errusiari buruzko jardunaldi batzuen berri ematera joan behar duen; bertan, Dovlatovek filial horren erretratu zorrotz bezain ironikoa egiten digu. Zenbaitetan ugariegiak dira erreferentzia kulturalak, garaiko pertsonaiei eta gertakariei baitagozkie; ia zorabiatzeko modukoak dira, itzultzaileek primeran atonduriko oharrak gorabehera. Nobela idazlearen testuinguruan iltzatua dago, haren biografian adina.

Estilo ezinago gozagarria du Dovlatovek eleberri honetan. Pasadizo labur-laburrez dago osatua, inork aforistiko deitu duen estilo batean, eta horiekin egiten du aurrera narrazioak. Idazleak barra-barra erabiltzen ditu ironia eta absurdoa, eta ausartuko nintzateke baieztatzera ezen testuak berak ederki atzitzen duela idazlearen tonu fatalista baina arina, tragikozalea baina jostaria. Argumentuko gertaeren kausa-ondorio katearekin bainoago, narrazioak ironiaren eta absurdoaren jokoarekin egiten du aurrera, eta, horren emaitza inoiz nahasgarria izan badaiteke ere, nago efektu horrek arindu egiten duela kontakizuna, istorioaren beraren mesedetan.

Azken ohar gisa, aitortzekoa da estilo hori harilkatuta geratzen dela argumentuaren ardatz nagusian, zeina ez baita deserriko filial hori, ezpada kazetari aski autobiografikoaren gaztetako maitale bat, zeinarekin ezinbestean bezala katramilatuko baita protagonista. Halatan, Dovlatoven ironiak eta absurdoranzko fatalismoak erabat zipriztintzen dute istorioaren mamia bera, protagonistaren eta Tasiaren arteko harremanaren gazi-gozoa. Eta, horrekin, nobelak aski du inork egotz lezazkiokeen kamustasun guztiak berdintzeko.

Libro: