Juan Antonio Gomez BERRIAn

ATZEKOZ AURRERA. JUAN ANTONIO GOMEZ. ERIZAINA

«Ospitale publikoak desegiten ari dira»

Osasun sistema publikoa nork eta nola desegin nahi duen argitu nahi du Gomezek, eta sistema berri baten oinarria zein den azaldu du: «Medikuentzako pizgarri ekonomikoak kendu behar dira».
Argazkia: IDOIA ZABALETA 2017-04-07 / Iñaki Berastegi

Erizaina eta Madrilgo CAS osasun publikoa pribatizatzearen aurkako koordinakundeko kidea da Juan Antonio Gomez (Leon, Espainia, 1957). Kalitatezko osasun sistema bat lortzeko buru-belarri borrokan dabilela, pribatizazioaren arriskuak zeintzuk diren azaltzeko bigarren liburua idazteko aukera izan du: Se vende sanidad publica (Osasun sistema publikoa salgai). Liburua aste honetan aurkeztu du Iruñeko Katrakrak liburu dendan.

Por nuestra salud (Gure osasunarengatik) liburua idatzi zenuen lehendabizi. Zer kontatu nahi izan duzu bigarren liburuan?

Beste liburuaren jarraipena da. 2012an, Madrilen, Marea Zuriak sortu ziren pribatizazioaren kontra. Alabaina, guk ez genuen haiek emandako mezuarekin bat egiten. Gure ustez, benetan gertatzen ari denak ez du zerikusirik desinformazioaren hedabideek zabaldutako mezuarekin. 2012tik aurrera egin ziren mobilizazioen inguruko informazioa zabaldu zuten, baina ez zuten osasun sistemaren oinarrian dauden arazoei buruzko eztabaidarik piztu.

Atzera eginez, osasun sistema kudeatzeko 1997ko legea indargabetzea da zuen helburu nagusia.

Bai. Izan ere, lege horrek aukera ematen die enpresei erietxe edo ospitaleak erosteko. Esan daiteke pribatizazioa 2004. urtean hasi zela Madrilen. PCI ereduko bost ospitale eraikitzeko baimena lortu zuten. Ospitale horietan, langileak bakarrik zeuden administrazioaren esku. Gainera, 30 urterako kontratuak sinatzen zituzten enpresa pribatuek ospitale horiek eraikitzeko.

2007an, harago joan nahi zuen sistema bat aplikatu zuten, ezta?

Bai, 2007an PPP ereduko ospitaleak eraikitzeko aukera eman zitzaien. Eredu erasokorragoa zen, jada langileak ere enpresa pribatuen eskuetara pasatu zirelako. Sistema horretan, medikuek pizgarri ekonomikoak lortzen dituzte gastuak murrizten badituzte. Esaterako, medikuek 14 euro kobratzen dituzte sinatutako senda-agiri bakoitzeko edo larrialdietatik etxera bidalitako gaixo bakoitzeko. Badaude urtean 40.000 euroko gainsaria irabazi dutenak. Medikuentzako pizgarri ekonomikoak kendu behar dira, baina soldata ona bermatu behar zaie.

Bestalde, nola lortzen dituzte ospitaleek gainsariak?

Kasurako, Torrejon de Ardozko [Madril] ospitaleak 600 euro kobratzen ditu biztanleko. Ospitaleari interesatzen zaio bezeroekin ahalik eta gastu txikiena izatea, eta 600 horiek osorik lortzea. Horrez gain, ospitale publikoak desegiten ari dira. Arratsaldeetan, ospitale publiko askotan hainbat makina eta gela itxita daude. Hala, bezeroak pribatuetara bidaltzen dituzte, eta gero zerbitzu horiek kobratzen dizkiote administrazioari. Ebakuntza txikiak eta proba errazak nahi dituzte, errentagarrienak direlako.

Pribatizazioak nola eragin du Euskal Herrian?

Oso gutxi nabaritu da, ez da ia pribatizaziorik egon Osakidetzan eta Osasunbidean, beste autonomia erkidego batzuetako egoerarekin alderatuta. Dena den, kudeaketa klinikoa aipatu da azkenaldian.

Zertan datza eredu hori?

Oso arriskutsua da. Nafarroako Osasun kontseilariak aipatu zuen duela sei hilabete. Ez da pribatizazio prozesu bat, baina hori baino okerragoa izan daiteke. Medikuei ematen zaie gastuen erantzukizuna. Gainsariak lortzen dituzte gastuak murriztegatik: %50 mediku bakoitzak murriztutakoagatik, eta beste %50 lantaldekoek murriztutakoagatik. Gainsari mardulak dira, 7.000-15.000 eurokoak, eta lantaldearen barnean presioak sortzen dira helburuak betetzeko.

Kalitate aldetik, zer ezberdintasun dago bi sistemen artean?

Datu oso orokorrak, nazioartekoak dauzkagu. Hala ere, ikerketa batzuek diote pribatuetan hilkortasun tasak %2 gora egiten duela. Gaixotasun kronikoetan, %8 egiten du gora arriskuak.

Libro:

Otras entradas