Laura Latorre BERRIAn

ATZEKOZ AURRERA. LAURA LATORRE. GIZARTE HEZITZAILEA ETA IDAZLEA

«Maitasunaren mito asko daude oraindik»

Hezitzaile lanetan aritzen da Latorre, betiere gizarte ikuspegi batetik. Hego Amerikan eta Espainian aritu da lanean, eta maitasunari buruzko tailerrak eman eta liburuak idatzi ditu.
Argazkia: IÑIGO URIZ 2017-09-21 / Iker Tubia

Ikerketetan, liburuetan eta tailerretan maitasunaren eta harremanen ikuspegi patriarkal eta kapitalista deseraikitzen aritu da Laura Latorre (Madril, 1975), baita Polifonía amorosa (Maitasun polifonia) liburuan ere. Aurkezpena egin du Iruñeko Katakraken. Indarkeriatik aldendutako harreman askeak eraiki nahi dituzten lagunak elkarrizketatu, eta fikziozko kontakizunak sortu ditu. Ez dira dogma, adibide baizik.

Diozunez, ez zara maitasunean aditua. Izan liteke inor aditua?

Maitasunean indibidualki aditua izatearena zalantzagarri zait. Eraikuntza kolektiboa izan behar da, eta harremanetan izaten den indarkeria zalantzan jartzen duena. Gutxi batzuek beren burua maitasunean aditutzat balute, esanez zer egin daitekeen eta zer ez, arriskutsua ere izan zitekeela uste dut.

Maitasuna ez da indibiduala?

Jende askok dio maitasuna unibertsala dela. Harremanetan izaten den maitasuna —ez soilik erotikoafektiboetan— eraikuntza kultural eta soziala da. Noski, patriarkatuak eta kapitalismoak naturala eta, beraz, indibiduala balitz bezala saldu digute. Ongi egin dute, zerbait naturala bada ezin delako aldatu.

Harremanak aske bizi nahi dituztenak bilatu dituzu. Zer da maitasuna askatasunez bizitzea?

Askatasunari buruz ere aurreiritzi asko dago, eta, maitasuna eta askatasuna elkartuta, are gehiago. Hori desmuntatu nahi nuen. Hainbatek esaten zidaten haiek ez zutela harreman aske bat, harreman monogamoa zutelako. Baina harreman askeak aurrera eramateko moduak oso ezberdinak izan daitezke.

Hau ez da gidaliburu bat, ezta?

Jendearen esperientziak erakutsi nahi nituen, ideiak emateko —edo ez—, baina ez jarraibide bezala. Gainera, ez dut ondoriorik idatzi.

Proiektuan terapia narratiboa erabili duzu. Zertarako balio du?

Ideia bat du oinarrian: pertsonen identitatea guri buruz kontatzen ditugun kontakizunen arabera eraikitzen dela. Horien arabera, batzuetan istorio nagusi sozialak pisu handia hartzen du, eta beste kontakizun batzuk ikusten uzten ez digun istorio horrek asko zipriztintzen du gure identitatea. Lortu nahi nuen jendea bere kontakizun nagusian ez geratzea, eta konta zitzatela bere identitatea eraikitzen duten beste kontakizun batzuk ere.

Harreman askeak eraikitzen saiatzen badira, sektore ideologiko eta politiko zehatz batekoak dira?

Liburuak joera asko ditu, hori litzateke bat. Beste batzuk: kapital akademikoa, klase soziala... Feminismotik gertu daude elkarrizketatuak. Baina ez dut lanik hartu bestelako jenderik bilatzeko.

Tailerretan antzeman duzu mitoak deseraikitzen ari direnetz?

Mito asko deseraikitzen ari direla uste dut, baina beste askok hor jarraitzen dute, eta batzuk indartu egin dira. Desiraren, erakarpenaren eta maitemintzearen eraikuntzarena da zailena; hori naturaltzat hartzen da oraindik ere, edertasun ereduek edo balio batzuen erotizazioak eraginik ez balute bezala. Oso zaila da hori desmuntatzea.

Nola aldatu ikuspuntu hori?

Prebentzioa eta hezkuntza, hasteko. Feminismotik eztabaida mahai gainean jartzen ari da.

Baina kanpoko estimulu gehienak kontrako noranzkoan doaz.

Hedabideetatik datorren bonbardaketa izugarria da maitasunari dagokionez. Patriarkatuaren hainbat gauza geroz eta ikusgarriagoak dira —etxeko lanak...—, baina kultura emozionalarekin zerikusia duenak berdin jarraitzen du.

Emozioei buruz hitz egitea kostatzen zaigulako?

Hori da. Kostatzen zaigu. Gero eta jende gehiagok egiten du maitasun askearen edo polimaitasunaren alde, baina hor ere indibidualismoa sartzen da, zure arazoa balitz bezala. Hori apurtu behar dugu. Hasteko, emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna ikaragarria delako. Emakumeen sozializazioa, erabateko enpatian oinarritua —besteen desirak zure gainetik jartzeraino—, eta gizonena, erruki faltan. Hori bonba bat da. Oso perbertsoa da, indarkeriaren ateak irekitzen dituelako.

Istorio hauetan ere badira ezberdintasun hauek?

Bai, argi ikusten da kultura emozionala ezberdina dela. Horregatik diot saiatu egiten direla edo garela harreman askeak eraikitzen. Saiakera hori egiten ari direnez, gauza sotilagoak dira. Baina indarkeriara bultzatzen gaituzten gauzak asko dira.

Libro:

POLIFONIA AMOROSA