Maitane Unzu ALDAn | Katakrak

Maitane Unzu ALDAn

«Kapitalismotik deskonektatzeko uste duguna baino gertuago gaude»

Maitane Unzu Jabat Barañainen sortu zen duela 36 urte. Katakrak eztabaida eta pentsamendu gunearen kide da. Orain arte bertako sukaldean aritu da lanean.

» Nola bizi duzu Alternatiben Herria?

Ilusio handiz eta gogotsu. Poliki-poliki geroz eta eragile gehiagok parte hartu nahi dute eta gurekin kontaktuan jartzen ari da. Eta egiten ditugun gonbiteei erantzuna oso positiboa izaten ari da. Honek justifikatzen duguztiz ekimen honen izatea eta aldi berean gogoz betetzen gaitu aurrera jarraitzeko. Lan handia da eta gizarte estresatu honetan eta denborarekiko menpekoa dena, halako proiektu bat aurrera eramateak, batzuetan mingaina kanpoan dugula garamatza. Baina poza handiz betiere.

» Nafarroan lantzen diren alternatibetatik zein azpimarratuko zenuke?

Zaila da bat aukeratzea. Orain bat azpimarratzen badut, duela gutxi haiekin egindako solasaldiak du zerikusia. Baina Gure Sustraiak proiektua aipatuko dut, irabazi asmorik gabeko ekimen sozialeko kooperatiba bat da, ingurugiro eta konpromiso sozial eta ekonomiko handikoa. Pertsona guztiei zuzenduak dauden zerbitzu irisgarriak eskaintzen dituzte.

Momentu honetan, nekazaritza eskola, aterpetxea eta ostatua dute martxan. Haiek esaten dutenez «bizitza proiektua da eta globalizatua den mundu justuago eta bidezkoago bat egiteko konpromisoari erantzuten dio». Ollaranen kokatzen da, Nafarroako mendialdearen eskualdean, Iruñetik 22 kilometrora.

» Nola txertatu daitezke une honetan martxan dauden alternatiba horiek egunerokotasunean sistema honi aurre egiteko?

Alternatibak, egunerokotasunerako tresna oso erabilgarriak dira. Beste kontsumo mota bat egiteak, funtsezko erabaki politiko bat du atzean eta gure herrian ditugun alternatibek horri erantzuten diote. Baino eskubide sozialak bermatuko duten produktu justuagoak eskuratzeaz gain, gizartean egoteko modua aldatzen dizute. Nola saretzen zaren beste ekoizle edo sortzaileekin, zein harreman mota sortzen dituzun pertsona eta naturarekin... Jarrera kontziente eta aktibo batek, indarrez betetzen zaitu beste gizarte eredu bat bizitzeko eta sortzeko orduan.

» Nola animatuko zenuke jendeari ekainaren 2an Iruñera joateko.

Ekainaren 2an Iruñean batuko gara bai sistemari alternatibak erakutsi, baita jasotzeko ere. Bilbon izan zen bezala, egun handia espero dugu. Beste gizarte eredu bat posible egiteko indarra dugula erakutsiko dugu eta hamaika alternatiba martxan daudela ezagutzeko aukera izango dugu. Kapitalismotik deskonektatzeko uste duguna baino gertuago gaude eta hilabete hauetan eragile desberdinen elkarlana eta saretzeak emandako fruituak agerian geratuko dira. Erronka handi honetan hau parada bat izango da, baino esparru guztietan indarberritzeko energia mugituko da eta aukera hori ezin da galdu. Iruñera etortzeko aukera izanez gero, aprobetxatu!