Listado de artículos

«Mari-mutil handi baten bluesa» BERRIAn

Liburu politiko bat gorputzetik

Leslie Feinbergen 'Mari-mutil handi baten bluesa' itzuli du Fermin Zabaltzak Katakrak argitaletxearekin. AEBetako ertzetako gorputzak eta identitateak dira nagusi nobelan

Fermin Zabaltza itzultzailea Mari-mutil handi baten bluesa liburua esku artean duela.
2018ko maiatzak 30 Maider Galardi. JAGOBA MANTEROLA

«Gogora nazazue komunista iraultzaile gisa», esan zuen Leslie Feinberg idazleak hilurren zela (Kansas City, AEB, 1949-Syracuse, AEB, 2014). Izan zen besterik ere: kazetaria eta fabrikako langilea; zuri antirrazista, judu sekularra, transgeneroa, lesbiana. 1993an idatzi zuen lehen eleberria: Mari-mutil handi baten bluesa. Larrutik idatzia zuen nobela, baina ez da autobiografia. Ongi ezagutzen zituen istorioan protagonista direnen gorputz periferikoak, eta, hala idatzi zuen; erraietatik, baina diskurtso erabat politikoa eraikiz. Mina eta elkartasuna, biak ageri dira bizi-bizi nobelan, eta, orain dela 50 urte kokatutako eleberria izan arren, gaiak puri-purian daude gaur egun ere: genero aniztasuna, homofobia, indarkeria, arrazakeria... Ez du gaurkotasunik galdu, eta euskarara ekarri du Fermin Zabaltzak, Katakrak argitaletxearentzat egindako lanean.

Londresen bizi zela izan zuen Zabaltzak Feinbergen berri, eta erabaki zuen haren liburuetako bat euskarara ekartzea. «Nobela da, baina LGTBI mugimenduaren memoriarentzat oso garrantzitsua da Mari-mutil handi baten bluesa», azaldu du itzultzaileak. Izan ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan kolektiboak jasandako indarkeria gordintasunez jasotzen du Feinbergek: «Memoria historikoagatik egin behar zen itzulpena», nabarmendu du Zabaltzak. Biolentzia handia ageri da, baina emozio asko ere bai. «Konbinaketa berezia dago eleberrian: batetik, indarkeria maila oso altua da, baina, bestetik, elkartasun sareak oso indartsuak dira», azpimarratu du Hedoi Etxarte argitaletxeko kideak. Katakrakek argitaratutako hirugarren narratiba liburua da: «Bidean eta bazterrean gelditutako pertsona horien istorioak jaso nahi ditugu», azaldu du.

Bazterreko bizia izan zuen eleberriko protagonista Jess Goldbergek ere. AEBetako New Yorkeko langile auzo batean jaio zen, eta, gazte zela, 1970eko hamarkadan, ohartu zen ez zela gainontzeko emakumeen parekoa. «Liburu osoan zehar galdera batek gurutzatzen du protagonista: 'Zer zara emakumea ala gizona?'», azaldu du Kattalin Minerrek. 16 urterekin ihes egin zuen protagonistak etxetik, eta orduan ezagutu zuen are ertzerago zegoen mundu bat.

«Eleberriaren gai nagusia da genero identitatearena», azaldu du Zabaltzak. Hala, Feinbergek ongi deskribatzen ditu garai hartako giroaren zoko eta bazterrak: mafiak kontrolatutako tabernetan elkartzen ziren mari-mutilak edo bucth-ak eta femme-ak, beren artean izaten zituzten harremanak, eta polizia indarkeria sekulakoa zen. «Errealitate ezezagun bat deskribatzen du idazleak», dio Zabaltzak: «Ezin zuten emakume eta gizonek elkarren arroparik jantzi, ezin ziren elkarrekin dantzatu, erabat debekatuta zuen beren bizia askatasunez bizitzea».

Baina, bestelako gaiak ere lantzen dira nobelan: arrazakeria, klasea, Vietnamgo gerra, feminismoa... «Nobela erabat politikoa da», ihardetsi du Minerrek. Izan ere, eleberriak ez dio ihes egiten garai hartako testuinguruari, baina zentro-zentroan jartzen ditu, AEBetako historian bazterrean gelditutako istorioak, gorputzak eta kontakizunak. Are gehiago, garai hartako giroan bete-betean jotzeaz gain, gaur egungo eztabaidek ere bertatik edaten dutela ohartarazi dute Minerrek, Zabaltzak eta Etxartek.

Atzoko eztabaidak, gaur

Duela 25 urte idatzitako nobela izan arren, Mari-mutil handi baten bluesa-ko gaiek ez dute gaurkotasunik galdu. Minerrek ez zuen idazlearen berri, baina aipatu du oso gertuko egin zaizkiola liburuan azaltzen diren gatazkak eta kezkak. Mahai gainean jarri ditu ertzetako beste gorputz batzuk: drag-ak, transak, lesbianak..., eta nabarmendu du horiek oraindik bizi duten indarkeria.

Subjektu pasibo izatetik urrun, ordea, Etxartek azpimarratu du kolektibo horien bizitzeko grina: «Komunitatearen ahaleginaz, mundu bizigarriago baten alde borroka egin dute». Hori bera azpimarratu du Minerrek ere: «Larrimina handia bada ere, elkartasuna eta bizitzeko gogoa sumatzen dira». Elkartasun gurutzatuak ageri dira, gainera, eleberrian: genero baztertuetako kideena, klase baxukoena, azpiratutako kolektiboena...

Bada bestelako eztabaida bat ere: unibertsitateko eta kaleko mugimendu feminista eta lesbikoaren bilakaera. Goldberg protagonistak dituen harremanek agerian uzten dute belaunaldi berrien artean dauden gatazkak, eta hori ere ekarri du gaurkotasunera Minerrek.

Hortaz, politikotik asko duen eleberria da Feinbergena, baina garrantzi handia eman diote Minerrek, Zabaltzak eta Etxartek kontakizunari berari: «Haragiztatutako istorio bat da. Marko teoriko jakin bat izango zuen idazleak, noski, baina eguneroko talken eta sareen kontaketa da hau». Generoaren mugak eta hausturak pertsonaiarekin berarekin garatzen doaz, eta horrek balio erantsia ematen dio nobelari, itzultzailearen ustez. Indarkeriak eta gatazkak gurutzatutako ertzetako gorputzek hartzen dute zentroa. Epika handietatik urrun, horiek dira gudu zelaiak.



Libro recomendado:

Mari-mutil handi baten bluesa

20,00 €

Disponible en 4-5 días


Más artículos sobre este tema