«Mari-mutil handi baten bluesa» DIARIO VASCOn | Katakrak

«Mari-mutil handi baten bluesa» DIARIO VASCOn

Leslie Feinberg-en 'Mari-mutil handi baten bluesa' plazaratu du Katakrak etxeak

Felix Ibargutxi

Miércoles, 2018ko maiatzak 29

Katakrak argitaletxeak bere narrazio bildumako hirugarren alea kaleratu du, Leslie Feinberg estatubatuarraren (1949-2014) 'Mari-mutil handi baten bluesa'. Gaia, oro har, LGTB mundua da, eta horko kideek jasaten duten indarkeria, batez ere indarkeria poliziala. Protagonista nagusia Jess Goldberg da, idazlearen antza daukana (mari-mutila da, judua eta langile klasekoa). Hala ere, idazleak garbi utzi nahi izan zuen ez dela nobela autobiografikoa.

«Nobelako gai nagusia LGTB mundua da, batez ere lesbianak ageri dira, baina baita beste borroka asko ere, adibidez langile borroka eta Vietnam», adierazi du Fermin Zabaltza itzultzaileak. Iruñear honek Londresen, LGTBn espezializatuta dagoen liburu-denda batean, ezagutu zuen liburua, duela zortzi urte. Euskal Herrian autore hau ezezaguna da.

«Ez nuen uste AEBetan LGTBko kideen kontra halako indarkeria polizialik egongo zenik», esan du Zabaltzak. Liburuko istorioak denbora tarte zabala hartzen du, hasi 50eko hamarkadarekin eta 80kora arte.

Kattalin Miner idazleak lagundu dio Zabaltzari aurkezpen ekitaldian. Bat etorri da itzultzaileaarekin: «Indarkeria, poliziala eta kalekoa, da liburua zeharkatzen duen ardatza». Baina «elkartasunez eta maitasunez beteriko liburua» ere bada Minerren aburuz.

Katakrak argitaletxeak publikatzen duen hirugarren narratiba liburua da. Aurretik Takiji Kobayashi-ren 'Nagusia kanpoan da' eta Sergei Dovatov-en 'Filiala' eman zituen argitara.

Libro: