«Mari-mutil handi baten bluesa» GARAn | Katakrak

«Mari-mutil handi baten bluesa» GARAn

Elkartasun gurutzatuak


LGTB kolektiboaren ikuspuntu pertsonal zein errealista erakutsi zuen Leslie Feinberg idazle estatubatuarrak 90eko hamarkadan «Mari-mutil handi baten bluesa» eleberrian. Katakrak argitaletxe iruindarrak euskarara ekarri du, Femin Zabaltzaren itzulpenari esker.

ARIANE KAMIO | DONOSTIA

Ameriketako Estatu Batuetan 50eko urteetatik 80koetaraino doa Leslie Feinbergek 1993an argitaratu zuen “Stone Butch Blues”. Periferiako tabernetako LGTB giro errealistara egindako hurreraketa bat da, garaiko irakurketa politiko-sozial bat, gaurkotasunez betea. «William Faulknerrek esan zuen 1956rako idatziak zituela bere nobela guztiak, baina beste edonork ere idatzi ahal izango zituela. Berak zioen Shakespeare eta enparauen gisako idazleak 2.000 urte bizi izan balira, editoreek ez zituztela idazle berri gehiago beharko. Baina Leslie Feinberg existitu ez balitz, ez litzateke liburu honetan kontatzen dena ezagutuko», aipatu zuen Hedoi Etxarte editoreak. Takiji Kobayashiren “Nagusia kanpoan bizi da” eta Sergei Dovlatoven “Filiala” lanen ondotik dator orain “Mari-mutil handi baten bluesa”, argitaletxearen narratibako hirugarren lana. Fermin Zabaltzak euskaratua, ekimen propioz. «Hilabete batzuez egon nintzen Londresen bizitzen eta han deskubritu nuen Feinberg. Ezin izan nion irakurtzeari utzi, harrapatu egin ninduen eta itzultzea erabaki nuen». Emaitza kalean da dagoeneko.

Itzultzailearen esanetan, idazle estatubatuarrak errealitate ezezagun bat erakutsi zion, «LGTB lekukotza garrantzitsu bat». Kolektiboak jasan izan zuen indarkeriaren gertuko kontaketa egin zuen idazleak liburuan, indarkeria zuzena indar polizialen aldetik, fisikoa, baina baita bestelakoa ere, gizartearen albo desberdinetatik.

1950eko hamarkadatik 80kora doa Feinbergen kontaketa. Protagonista, emakume mari-mutila, biziraute biolento batean bizi den pertsona da, maitasunari eta elkartasunari ere bidea zabaltzeko ahalegina egiten duena. Genero identitatea gai nagusitzat hartuta, zeharka txertatu zituen idazleak beste hainbat gai, mafiak kontrolatutako periferiako tabernetako giroari hertsiki lotuta; arrazakeria eta indarkeria, horien artean.

Kattalin Miner idazleak egin zituen aurkezpen lanak. «Liburuaren irakurketan ezin izan dut ekidin bertan lantzen diren gaiak gaur egunera ekartzea», nabarmendu zuen. Egileak berak bizirik zela (2014an hil zen) ohartarazi zuen hau ez zela obra autobiografiko bat, «baina ukaezina da oso ondo ezagutzen zuen errealitate bati buruz idatzi zuela».

Indarkeria da eleberriko pultsu nagusia, baina ez soilik poliziaren aldetik jasan izan zutena. Bada besterik ere. «Beti galderei erantzun beharra, beti galdera ikur batekin bizi beharra». Nolanahi ere, «bada elkartasunez betetako bizitza bat. Batera doaz pertsonaiaren itolarria eta bizitzeko gogoa. Maitasun indarrik badago, nahiz egoera biolentoak izan. Bizitza baten errelato oso politiko bat da», azpimarratu zuen.

ANTZEKOAK

«Egileak eta protagonistak gauza asko dituzte komunean. Mari-mutilak dira, juduak, langile klasekoak... Baina autoreak beti ukatu izan zuen autobiografikoa zenik», aipatu zuen Fermin Zabaltza itzultzaileak.

Libro: