Listado de artículos

«Navarrismo pop» NAFARROAKO HITZAn

«Nabarrismoaren belaunaldi berriek sortzen didate ardura»

2018, urtarrilak 19 Kattalin Barber

Nabarrismoa izan da Nafarroako kultur politika nagusia aurreko mende ia osoan. Ricardo Feliu soziologia doktorearen iritziz (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972), ez da sarritan aztertu nabarrismoaren eboluzioa, ez eta herri kulturarekin izan duen lotura ere. Horiek guztiak bildu ditu Navarrismo pop saiakeran (Katakrak, 2017).

Zergatik jarri diozu pop abizena nabarrismoari?

Originalak izan eta arreta eman nahi genuen. Liburua herri kulturaren inguruko hausnarketa bat da, eta bertan azaltzen da zer-nolako garrantzia duten botere harremanek kulturan. Nabarrismoak sortutako herri kulturaren elementuak ditut hizpide, bai eta nola, bizirik irauteko, masa kulturako hainbat elementu hartu dituen ere; turismoa, adibidez. Txiste gisa hasi ginen pop izendatzen, eta, azkenean, izenburuan geratu da.

Nola definituko zenuke zuk nabarrismoa?

Sektore askotan eta historikoki hainbat ildo ideologikok izan duten ideia dago. Komunitate bereizi gisa hartzen da Nafarroa, baina Espainiaren barnean. Niri ideia horrek ez dit balio nabarrismoa bere osotasunean zer den azaltzeko. Kultur politika nagusia izan da Nafarroan, eta, hortaz, buelta emanen nioke galderari: zer da nabarrismoa kultur politika gisa? Pentsamendu kontserbadore eta tradizionalista bat da, etika eta moral jakin batzuk dituena. Baina zerbait gehiago ere bada: mundua ikusteko modu bat da, bai eta giza harremanen ikuspegi bat ere.

Zeintzuk dira herri kultura horren elementu nagusiak?

Nabarrismoa herri kultura hegemoniko bihurtzen denean, Nafarroa eta nafartasuna eraikiko ditu, edo eraikitzen saiatuko da. Ikonosfera jakin bat eraikiko du, hainbat ardatz dituena: lurrarekiko lotura, landa eremua mundu ideal gisa, erlijioa…. Oso garrantzitsuak izan dira haientzat gazteluen hondakinak, bertan aurkitzen baitute nabarrismoaren metafora: hondakinek nafar herriaren gainbehera dakarte, eta horiek berreraikitzea ere bada nafar herria berriro altxatzea.

Nafarroako gazteluak, hortaz, nabarrismoaren ikur bihurtu dira?

Bai, nabarrismoak badu oso diskurtso historizista, eta gaztelu eta monasterioetan ikusten da. Liburuan, Erriberriko gazteluaren kasua ikertzen dut: nafartasunaren berreraikitzea dago bertan. Arretaz aztertzen badugu, gazteluaren berreraikitzeak ez zien jarraitu parametro fidagarriei, eta iragan loriatsu baten begiradatik eraiki zen. Horregatik esan dezakegu Erriberriko gazteluaren parte bat erabat asmatua dela. Eta, hain zuzen ere, eraikinaren parte hori bihurtu izan da Nafarroako ikono. Oraindik ere zigiluetan ageri da. Gazteluaren argazkiak dira, baina, egiazki, Nafarroari eta haren iraganari egiten diote erreferentzia.

Esan duzu nabarrismoaren arazoetako bat dela ez dela gaurkotu. Zergatik?

Saiakerak egon dira, baina ez dute lortu. Horretarako, turismoa erabili dute. Jaime del Burgok erabili zuen, eta gero Nafarroako Erresuma marka sortu zuten, nafarrei nafartasuna zer den gogoratzeko. Kontua izan da nabarrismoak diskurtso berarekin jarraitu duela gizartea modernizatu eta aldatu den heinean. Gainera, berrasmatze batzuk hain izan dira gehiegizkoak, lehertu egin baitira. Izan dituzte gaurkotzeko aukera historikoak, baina ez dituzte ongi baliatu.

Nola lortu dute orduan kultur politika nagusia izaten jarraitzea?

Ideologia nagusia da gizarte klase nagusiaren ideologia. Gogoratu behar dugu nabarrismoa hegemonikoa izan dela denbora luzez. 1920ko hamarkadatik 1970eko hamarkadara arte, lan handia egin zuten testuliburuen bidez zabaltzen nafartasuna zer den eta Nafarroa zer den, adibidez. Jendeari Xabierko gaztelura zergatik joaten den galdetzen diozunean, ez du diskurtso sakonik. Tradizioarengatik joaten dira, komunitate natural baten parte izateko. Ez dakit sakontasunik gabeko tradizioaren diskurtso hori benetan sentitzen duten, edo hauteskundeak irabazteko diskurtso zinikoa ote den.

Zeintzuk dira haien arazo nagusiak?

Nafarroako jokalekua plurala eta zatikatua da. Horregatik, ez dakit noiz arte izanen diren nagusi horrelako jokaleku batean. Aitortu behar da UPNk baduela babes garrantzitsua Nafarroan, baina bi arazo handi ditu: demografikoa eta oinarriena. Alde batetik, jende helduak ematen dio boto gehien. Bestetik, haien hautesleak zalantzan dabiltza. Hurrengo hauteskundeetan, haiei edo Ciudadanos alderdiari bozkatuko diote? Izan ere, boto emaileek denbora batez irents dezakete baskismoaren aurkako diskurtso apokaliptikoa, baina gehiegizkoa da. Niri beste zerbaitek sortzen dit ardura: nabarrismoaren belaunaldi berriek. Haiek nabarrismoa berrasmatu dezakete, baina ez dira ezer egiten ari. Intelektualki ezer gutxi dakite. Ez dute ezagutzen Nafarroaren historia, ezta nondik datorren ere. Hedabideentzat kontakizunak sortzen dituzte, ez besterik. Arazoak izan ditu nabarrismoak modernizatzeko orduan, eta ez du asmatu.

Zer izanen da nabarrismoaren etorkizuna?

Eredu ideologiko kontserbadoreen azal huts bihur daiteke. Haien diskurtsoa hutsala da, konspirazio teorietatik aparte. Hortaz, edukiak ez du zentzurik. Horregatik, ez dakit zinikoak edo inkontzienteak diren, baina nabarrismoari ez diot ikusten etorkizun onik.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema