Listado de artículos

Quando Sophia chegou a Katakrak

Quando Sophia chegou a Katakrak

Poesia ez da noski esplikatua izateko sortzen, eta bakoitzak bere gisa ulertzea dauka. Areago, urteen poderioz aldatu egin daiteke bakoitzaren ulerbidea. Beraz, ez da lantegi erraza poesiaz jardutea.
Hartara, Sophia de Mellok bere poesiaz idatzitako testu batzuk proposatu nahi dizkizuet solasa bideratzeko, mihia askatzeko eta gogoa alhatzeko. Guztira, ars poetica moldeko bost testu ondu zituen Sophiak, eta haietako aipu batzuk ekarri dizkizuet, bakoitzarekin batera zenbait poema proposatuz.
Iñigo Roque

Arte poetikoa

[Lagoseko buztinlari baten dendan] Buztin zurbilezko anforaren ederra hain da agerikoa, hain egiazkoa, ezin baita deskribatu. Nik, halere, badakit edertasun hitza ez dela deus, edertasuna ez dela bere baitakoa, baizik eta ezin banatuzko maneran berari datxekion egia baten aurpegia, forma eta zantzua dela. Edertasun hori ez da edertasun estetiko bat, poetikoa baizik. («Arte Poética I»)
Poemak: Uharteak (5), Itsaso soinularia (13)

[…] Kanpoan, karrikan, eguzkiaren azpi berean, beste gauza batzuk eskaintzen zaizkit [anfora ez direnak]. Gauza diferenteak. Aliantza hautsi den mundu batetik datoz. Mundu hori ez baitago loturik ez ilargiari edo eguzkiari, ez Isisi, ez Demeterri, ez argizagiei, ez betierekoari. Habitata izan daiteke, baina ez erresuma.
Gaur egun, erresuma norberak aurkitu eta irabazitakoa da soilik, norberak ehundutako aliantza.
Erresuma hori bilatzen dugu itsaso berdeko hondartzetan, gaueko urdintasun etenean, karearen araztasunean, harri txiki leunduan, oreganoaren perfumean. Furiek xehatutako Orpheoren gorpua nola, sakabanaturik dago erresuma hau. Hura batzen saiatzen gara, elkartzen, gauzarik gauza. («Arte Poética I»)
Poemak: Denbora zatikatu (24), Jainkoen ilunabarra (39)

Poesiak […] nire izatearen osotasuna eskatzen du, nire adimena baino are sakonagoa den kontzientzia bat, nik kontrola dezakedan baino zintzotasun are garbiago bat. Pitzadurarik gabeko zorroztasun bat eskatzen dit. […]
Zeren poesia unibertsoari buruzko nire azalpena da, gauzekiko nire bizikidetza, errealitateko nire parte-hartzea, ahots eta irudiekiko nire enkontrua. Horregatik, poema ez da bizitza ideal batez aritzen, bizitza konkretu batez baizik: leihoaren angelua, kale, hiri eta geletako durundia, hormen itzala, begitarteen agerraldia, isiltasuna, izarren distantzia eta dirdira, gauaren hatsa, ezkiaren edo erramuaren perfumea. («Arte Poética II»)
Poema: Lisboa (53), Kore bat (57)

Poeta bat, «ilun», «zabal», «txalupa», «harri» esaten duelarik, bere mundu-ikuskera izendatzen ari da, gauzekin zer lotura duen adierazten. Hitzok ez dira edertasun estetikoagatik aukeratuak, beren errealitateagatik aukeratu dira, beharragatik, aliantza bat ezartzeko duten balio poetikoagatik. […] Hitzen arteko oreka uneen arteko oreka da. («Arte Poética II»)
Poemak: Atzarriko gara (30), Forma egokia (52)

Niretzat, poesia errealitatea atzemateko ahalegina izan da […]. Horregatik, poesia morala da. Horregatik, poeta justizia bilatzera eramaten du bere poesiaren izateak berak. […] Bizitzaren morala […] bizi izandako denboran txertatzen da. Eta bizi garen denbora kontzientzia-hartze sakon baten denbora da. Hainbeste mendetako bekatu burgesaren ondoren, gure garaiak bekatu antolatuaren oinordetza errefusatu du. Ez dugu gaizkiaren ezinbestea onartzen. Antigonak bezala, gure garaiko poesiak zera dio: «Hondamendien aurrean etsitzen ikasi ez zuen huraxe nauzue». («Arte Poética III»)
Poemak: Printzesa ezezagun baten erretratua (50), Iraultza (50)

Artistaren obrak, harri edo haizekirriak soilik aipatu arren, zera adierazten du beti: ez garela irauteko borrokan jazarriak diren animalia hutsak; aitzitik, eskubide naturalez, izatearen askatasunaren eta duintasunaren oinordeko garela. («Arte Poética III»)
Poema: Ospitalea eta hondartza (33)

Poema eginik ageri da, azaleratzen da, emanik bezala. Entzun eta idazten dudan diktaketa bat bezala.
Litekeena da aburu hori nire haurtzaroarekin lotuta egotea, zeren irakurtzen ikasi baino askoz lehenago poemak apaintzen irakatsi baitzidaten. Literaturarik bazela jakin aurretik egin nuen topo poesiarekin. Uste nuen inork ez zituela idazten poemak, hor zeudela berez, izadiko elementu bat balira bezala, airean, immanenteki. Eta aski zela oso geldirik, isilik eta erne egotea haiek aditzeko.
Hasmenta horretatik hona sentipen horrek iraun du nigan: bertsoak ontzea adi egotea dela, eta poeta aditzaile bat dela. («Arte Poética IV»)
Poema: Aditu (21)

Azken beltzean, poema immanente hori idatzi nahian eman dut bizi guztia. Eta [umetako] lorategiaren atzealdeko isilaldi haiek erakutsi zidaten, askoz ere geroago, ez dela poesiarik isiltasunik gabe, hutsartea eta despertsonalizazioa sortu gabe. («Arte Poética V»)
Poema: Autoak igarotzen dira (19)



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema