Silvia Federici BERRIAn

SILVIA FEDERICI. PENTSALARI FEMINISTA

«Etxeko lanak oso bakartzaileak izan dira emakumeentzat»

'Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria' hitzaldia eman zuen Federicik astelehenean, Iruñean. Emakumeek doan egin ohi dituzten erreprodukzio lanak sistemaren oinarri direla nabarmentzen du.

Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2017-09-17 / Samara Velte

Urteetako desorekak zorrotz aztertu dituenaren nekea sumatzen zaio begietan, baina ahots sendoz mintzo da. Silvia Federicik (Parma, Italia, 1942) hiru hiri zapaldu ditu astebetean, eta guztietan deitu diote elkarrizketetarako. «Ez galdetu idatzita dagoen ezer», eskatu du Iruñera heldu denean. Katakrakek gonbidatuta etorri da; asteleheneko bere hitzaldian, gainezka egin zuen aretoak.

1970eko feminismoak hainbat gauzatan ez zuela asmatu diozu; esate baterako, soldatapeko lanak askeago egingo gintuela uste izan zuenean. Zergatik ez?

Etxetik kanpo lan egiteak, soldatapeko lanak eta gizonek menderatutako eremuetan sartzeak autonomia ekonomiko handiagoa emango zigula uste izan genuen; botere sozial handiagoa izango genuela, eta horrek aldaketa soziala abiatuko zuela. Ikusi dugunez, hori ez da gertatu, hainbat arrazoi direla eta. Hasteko, ekonomia mundu mailan berrantolatzen ari zen garai batean sartu ziren emakumeak lan merkatura. Soldatapeko lana bere ezaugarriak galtzen hasi zen: lanpostuak eta industriak atzerrira joaten ari ziren; soldatak, kolapsatzen; sindikatuak, murrizketak negoziatzen... ondorioz, oker ulertu genuen etxetik kanpoko lanen borrokaren testuinguru soziala.

Bestalde, emakumeak ez ziren gai izan erreprodukzio baldintzak aldatzeko. Gizonek dominatutako munduan sartzeko borrokan kontzentratu zituzten indarrak, eta, ondorioz, erakunde feminista gehienek alde batera utzi zuten erreprodukzioa borroka eremu gisa; AEBetan, esaterako, oraindik ez daukagu amatasun baimen ordaindurik. Ondorioz, esperotako hainbat gauza ez dira gertatu: soldatapeko emakumeek ez dituzte erreprodukzio baldintzak ere aldatu; fabrika eta bulegoetan ez dago haurtzaindegirik; ezta lana eteteko orduak negoziatzeko aukerarik ere haurrei bularra emateko. Horren ordez, soldatapeko lanak ezinezko bihurtu du emakumeentzat lana familiarekin bateratzea, zaintzarekin, lagunekin... euren buruaren zaintzarekin ere ez!

Emakume gehiago daude gaur egun botere egituretan. Iaz, AEBetan aukera izan zenuten bat presidente edukitzeko. Posible da botere espazioetan kritika feminista egitea?

Ez dut uste [barre egin du]. Feminismoa zeri deitzen diozun, horren arabera izango da; Hillary Clinton feminista omen da, baina nik ez dut bat egiten Nazio Batuen feminismo horrekin. Otzandutako eta etxekotutako feminismo bat da: hizkuntzaren zati bat erabiltzen du, eskaeren zati bat, baina sistema kuestionatzen ez duen testuinguru batean kokatzen du. Areago: emakumeen autonomiarako exijentziak erabiltzen ditu emakumeak garapen kapitalistan txertatzeko lan-esku merke gisa. Nazio Batuek konbentzitu dituzte gobernuak aldaketak egiteko, haien mesederako izango zirela ulertarazita; klase kapitalistaren mesederako. Kapitalismoa krisian zegoen garai batean —borroka antikolonialak, gatazkak fabriketan, emakumeen mugimendua, ikasleena...—, esan zien gobernuei: «Begira emakume horiei guztiei. Hortxe duzue lan indarra, diru gutxiren truke jarduteko prest». Horrela, estatuaren eta emakumeen borrokaren arteko bitartekari gisa jardungo zuen masa feminista bat sortu zuten, gobernuei ulertarazteko ez ziotela mugimendu feministari eraso behar, baizik eta atea ireki, emakumeak erabilgarri izan zitezkeelako produkzio kapitalista berrabiatzeko. Emakumeen lana nonahi dago orain: erreprodukzioan, zerbitzuetan, industrian. Mexikon, maquila sisteman ordutegi finkorik gabe lan egiten dute, soldata baxuenekin. Edo begira Foxconn, Txinan: hori guztia emakumeen lana da. 1980ko urteetatik, ekoizpen kapitalista berrabiatzeko motorra emakumeak izan dira. Eta horixe izan da gobernuetara sartu diren emakumeen funtzioa. Boteretuta daudela esan digute, baina, emakumeen benetako baldintza ekonomikoei begiratuta —produkzioan zein erreprodukzioan—, ikusten da emakume batzuek irabazi dutela autonomia pixka bat gizonekiko, baina orokorrean emakumeak lehen baino menpekoagoak direla kapitalarekiko.

Zaintza lanak oraindik emakumeen gain geratzen dira...

Eta gehiena emakume etorkinek egiten dute, baldintza beldurgarrietan. Politika zinikoa dute gobernuek, baita Europako Batasunekoek ere: immigrazio eskubideak murrizten dituzte, emakumeen lana are gehiago esplotatu ahal izateko. Eskubideen mozketa oso eraginkorra da lanaren prezioa jaisteko. Paperik gabe datorren emakumeak edozein motatako lanpostuak onartu beharko ditu, eskubide gehiago baleuzka onartuko ez lituzkeenak.

Alternatiba gisa, zaintza lanak kolektibizatzen —eta, kasik automatikoki, estatuaren gain uzten— dituzten zerbitzuak proposatu izan dira: haurtzaindegi publikoak, zahar etxeak. Ez al gabiltza zaintza gure bizitzetatik ateratzeko eredu baten bila, guztionean txertatu ordez?

Nire ustez, erreprodukzio lanak berrantolatu behar ditugu: zaintzakoak, eta etxekoak orokorrean. Orain arte antolatuta egon diren bezala, oso bakartzaileak izan dira emakumeentzat: etxean bakarrik jardun dute, baliabide gutxirekin, eta, ondorioz, krisi guztiei bakarrik aurre egin diete. Bestalde, nik beti bereizten ditut modu sozialagoan egin litezkeen zaintza lanak, eta zerbitzu publiko gisa antolatutako zaintza lanak. Zerbitzu publikoa estatua da, eta estatua, gaur egun, logika kapitalista batean mugitzen da; inbertsio eta irabazien logikan; zeinetan zaintza lanak ere pilaketa kapitalistaren helburuetara egokitu behar diren. Ondorioz, haurren eta adinekoen ongizatea bazterreko helburua baino ez da. Horregatik uste dut garrantzitsua dela bakartze egoera hori apurtzea, erreprodukzio eredu kooperatiboagoak sortzeko. Ondo jakin behar dugu zertaz ari garen: behetik erabaki eta kontrolatutako erreprodukzio moduez, edota estatuak antolatutakoez. Orain tarteko fase batean gaude, emakume askorentzat bizirik irauteko ezinbestekoa baita hainbat zerbitzu izatea, baina ez genuke iparra galdu behar. Komunitatea barne hartzen duen erreprodukzio eredu batean pentsatu behar dugu.

Emakume gazteen artean zapaldua izatearen identitatea desagertzen ari dela uste duzu?

Garai batean, gazteek pentsatu zuten ez zutela feminismorik behar, «orain eskubideak dauzkadalako». Bestalde, badira erradikalak diren hainbat emakume gazte ere uste dutenak feminismoa perbertituta dagoela, prentsan eta Nazio Batuetan ikusten dutelako. Baina, azken urteotan, emakumeen mugimendu berri bat hasi da hedatzen, geroz eta gehiago ohartzen direlako gure garaiko arazo asko konpondu gabe daudela. Ez dakite non jarri energia; haurrak eduki edo ez erabakitzeko aukerarik ere ez dute. AEBetan, neska asko 50.000 dolarreko zorrarekin ateratzen dira unibertsitatetik. Egoera gogorra da; segurtasunik eza, langabezia, zerbitzu falta... eta indarkeriaren etengabeko mehatxua mundu osoan. Interesgarria izan zen Argentinako emakumeen deialdiak jasotako oihartzuna; toki guztietatik erantzun zuten, indarkeria leku guztietan hazi delako.

Donald Trumpek AEBetako bozak irabazi izanak berraktibatu al du mugimendu feminista?

Bai, hala espero dut. Muturreko misoginia bat gorpuzten du Trumpek, eta horrek erreakzio bat eragin du: manifestazio jendetsuak, sekula protestara atera gabeko emakumeak kalean... Espero dudan bakarra da erreakzioa ez izatea soilik Trumpekiko, harago joatea baizik. Berak sisteman ezkutuago dauden joerak modu nabarmenean baino ez ditu irudikatzen. Ez genuke pentsatu behar bera salbuespena dela.

Euskal Herrian pil-pilean dago haurduntze subrogatuen gaia. Aurkakoek diote emakume pobreenak esplotatzeko modu bat dela; aldekoek erregulatzeko eskatzen dute, argudiatuta posible dela itun komertzialik gabe. Zer uste duzu?

Ni erabat aurka nago. Ez da solik emakumeak esplotatzeko modu bat: haurrak saltzea da. Subrogazioak mundu mailako industria bat sortu du, zeinetan Indiako emakumeak kliniketara joaten diren helburu bakarrarekin: intseminatzea eta gero emango dituzten umeak produzitzea. Orain kontatzen digute gure gorputza kontrolatzea dela gure ugalketaren produktua saltzeko gaitasuna. Haur bat edukiko baduzu, horretarako modua behar duzu; ama askok eman behar izan dute haurra adopzioan. Baina hasieratik jakitea zure umea utziko duzula, hori onartezina da. Klase indarkeriaren beste adibide bat da, emakume behartsuek ez dituztelako umeak edukitzen nahi dutelako, baizik eta dirudunei emateko.

Ez duzu sinesten modu altruistan egin litekeenik?

Dirurik gabe, bai. Baina gustatuko litzaidake hori ikustea; gertatzen ari dena ez da hori. Gertatzen ari dena merkatu bat da, eta altruismoaz hitz egitea... estalgarri bat da. Egiaz, ez bada zure ahizparentzat edo asko maite duzun norbaitentzat, inork ez luke haurrik egingo atzerriko emakume ezezagun batentzat arrazoirik gabe. Nork ordain dezake? Inork ez, eta ahal dutenek ez lukete egingo. Altruismoak soilik emakume pobreei eragiten die nonbait.

Askok alderatu dute prostituzioaren eztabaidarekin.

Bai, baina prostituzioan zure gorputza saltzen duzu, ez beste pertsonak. Hainbat prostituzio mota daude. Zure bagina saltzea ez da gauza okerrena: bada bere garuna saltzen duen jendea, bere integritatea, bere hitzak. Gizarte kapitalistan nahiko behartuta gaude geure buruaren zerbait saltzera. Baina gauza bat da erabakitzea zer saldu nahi dugun, eta beste bat haurrak saltzea, gizakien merkatu baten parte bihurtzea.

Feminista gisa, heriotza zigorraren aurka egon behar genukeela idatzi izan duzu, gutxiegitan hartzen dugulako kontuan zigor horien atzeko biktimak ere emakumeak direla sarri. Existitu liteke justizia feministarik?

Niretzat, jendeak ondasunetarako sarbidea daukan gizarte batetik hasten da justizia. Orduan, justizia ez litzateke orain sistemak administratzen duen hori. Orain klase justizia bat daukagu. AEBetan, espetxeak beltz gaztez beteta daude: %50eko langabezia daukate, ikasteko aukerarik ez, eta gero zigortu egiten dituzte. Feminismoak esan nahi badu hierarkiarik gabeko sistema bat, orduan justiziak esan nahiko luke abusuak ez daudela klase desberdintasunetan oinarrituta, eta gure artean argitu ditzakegula, ez desberdintasunak areagotzeko, kooperazioa sendotzeko baizik.

Artikulu hura irakurrita, zaila da Bartzelonako atentatuez ez oroitzea. Poliziak arratsalde bakarrean bost pertsona hil zituen, eta publikoak txalotu egin zuen, ia auzitan jarri gabe. Ez al da sorgin ehiza berri bat zabaltzen ari?

Jakina baietz. Neure buruari galdetzen diot zergatik ez ote zieten hanketara tiro egin, informazioa lortu ahal izateko, eta guztiok jakin genezan zeintzuk ziren pertsona horiek, nondik zetozen, nolatan egin zuten egin zutena. «Terroristak dira», diote, baina nortzuk dira? Zein da Ekialde Hurbileko gerrekin duten lotura? Azken hiruzpalau hamarkadetan, etengabeko ongizate estatua izan dugu, eta, ondorioz, seguru gaudela esan digute. Baina, egiaz, geroz eta segurtasun gutxiagoko mundu bat sortzen ari dira. Amorrua ematen dit giro horretan jendea ez dela ari galderarik egiten, eta ez dela ari gertakariak nazioarteko politikarekin lotzen. Nondik dator Estatu Islamikoa? Azken hogei urteotan, petrolioa daukaten herrialde guztietan suntsitu dute nazio estatua, eta, ondorioz, petrolio enpresek aurkaririk gabeko dominazioa daukate han. Galdera hori egin behar dugu. Migrazioarekin ere antzera gertatzen da: jendeak etorkinei egiten die eraso, ez migraziorako baldintzak sortzen dituzten politikei. Gerrak, berregituraketak, harreman kapitalisten hedapenak... horrek eragiten du migrazioa. Gure gobernuak herri horietara doaz, produkzio bideak suntsitzen dituzte, jendea migratzera behartzen dute eta gero etorkinak kriminalizatzen dituzte. Hori pasiboki onartzea tragedia bat da.

Libro:

Otras entradas