Listado de artículos

«Sofia Petrovna» BERRIAn

Giro unibertsal bat

'Sofia Petrovna' nobela euskaratu du Josu Zabaletak. Terrore Handiaren garaian bertan idatzi zuen nobela Lidia Txukovskaiak
Josu Zabaleta itzultzailea eta haren errusierako irakasle Nataliya Miyslyvets, Donostian.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2019ko apirilak 18

Hiritar sobietar arrunt baten istorioa kontatzen du Sofia Petrovna (Katakrak) nobelak. Mediku baten alarguna eta seme ingeniari baten ama da protagonista, eta hiritar eredugarri baten kontrako jazarpen kasu bat du ardatz, amaren ikuspegitik kontatuta. San Petersburgo, Iosif Stalin eta Terrore Handia. Horiek guztiak ageri dira, baina ez da horiei buruzko lan bat, edo ez behintzat horiei buruzkoa bakarrik, Josu Zabaleta itzultzailearen esanetan: «Batez ere errepresioak sortzen duen giroari buruzkoa da». Eta horregatik, «unibertsala» eta «gaur egungoa» hitzak erabili ditu nobela definitzeko. «Errepresioa unibertsala delako». Ausazkotasuna da istorioan agertzen den beste gaietako bat. «Errepresioak beldurra sortuko badu, behar duelako osagai hori ere, eta hori ere unibertsala da. Beldur horrek zurrundu egiten du gizartea, eta elkartasun guztia desegiten du».

Lidia Txukovskaia (San Petersburgo, 1907-Mosku, 1996) da nobelaren egilea. 1937an atxilotu egin zuten haren senarra, Matrei Bronstein fisikari nuklearra. «Orduan hasi zen kartzelara joaten, haren berri jakiteko eta dirua edo arropa sartzeko aukerarik bazuen jakiteko». Epaituta zegoela esaten zioten, eta hamar urte korrespondentziarik gabe igarotea zela zigorra —gerora jakin zuen atxilotu eta berehala hil zutela, eta hildako bat bisitatzera joaten zela espetxera—.

Kartzelako bidean ezagutu zuen Anna Akhmatova, joan den mendeko poeta errusiarrik garrantzitsuenetako bat —haren hainbat lan ere itzulita daude euskarara, tartean Requiem—. Semea zuen preso Akhmatovak. «Paperean idatzita eramaten zituzten poemak, eta kartzela atarian esaten zizkioten elkarri; besteak buruz ikasten zituen, eta erre egiten zituzten paperak. Ezin zuten idatzi, egunero sartzen zitzaizkien etxera KGBkoak».

Umetatik izan zuen literatura munduarekin harremana Txukovskaiak; izan ere, Kornei Txukovsi zuen aita, sona handiko pertsona garai hartako literaturan. Besteak beste, Gorkiren lankidea zen, eta elkarrekin jarri zuten martxan SESBeko nazioarteko literaturaren itzulpen proiektua. Hala, askotan joaten zitzaizkien etxera garai hartan sonarik handiena zuten margolari, idazle eta artistak. Elkarri trukatutako poemak argitaratzen, berriz, Stalin hil ostean hasi ziren bi emakumeak. «Txukovskaiak, seguru asko, Annaren irudia hartuta idatziko zuen Sofia Petrovna», kontatu du Zabaletak.

Ozta-ozta salbatu zen nobela. San Petersburgotik alde egin behar izan zuen Txukovskaiak, haren bila ere bazebiltzalako. Ezkutatu baino lehen, lagun bati eman zion nobela. 1939. urtea zen, eta handik gutxira alemanak sartu ziren hirira, eta setiatu egin zuten. «Milioi bat pertsona hil ziren, tartean nobela zeukana, gosez». Beste kopiarik ez zuenez, galdutzat eman zuen Txukovskaiak, baina handik urte batzuetara emakume bat etorri zitzaion esanez lagun hark gutun azal bat eman ziola berarentzat, hil baino bi aste lehenago.

Zuzeneko lekukotza

Eskolako koaderno batean idatzi zuen istorioa Txukovskaiak, eta idatzi eta bost hamarkada pasatu arte ez zioten argitaratu bere herrialdean. Idazlea bera ere jabetzen zen eleberriarekin egiten zuen ekarpenaz. Haren meritu nagusietako bat da Terrore Handiaren garaian bertan idatzitakoa izatea. «Garai horri buruzko fikziozko lanik gehienek ez daukaten ezaugarria da hori, handik hamarkada batzuetara eta, beraz, memoriaren lanketaren bidez eraikitakoak baitira. Narratibaz ari naiz, poesian badira garaikideak», azaldu du Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak.

Itzulpena egiteko Nataliya Miyslyvetsen laguntza izan duela azaldu du Zabaletak: «Errusierako nire irakaslea da. Errusieratik itzuli ditudan liburu guztietan, nik euskarara itzulitakoak gaztelaniara pasatzen dizkiot esaldiz esaldi, eta esaldiz esaldi kontrolatzen dugu ondo ulertu dudan, zerbaitek ihes egin didan edo bigarren zentzu bat baduten gauzek». Haren esanetan, Sofia Petrovna-n idazkera argia eta soila erabiltzen du Txukovskaiak. «Literaturarik ez dago artifiziorik gabe, baina hau ia-ia artifiziorik gabeko nobela da, oso soila, oso lineala eta inongo enbarazurik gabe irakurtzen dena».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema