«Soldataren patriarkatua» ANBOTOn

«Federicik tonu probokatzailea darabil testuetan, gaia mahai gainean jartzeko»

Aritz Maldonado 2018-01-15
Silvia Federiciren bi lan publikatu dituzte berriki, ‘Caliban eta Sorgina’ (Jakin-Elkar, 2017), eta ‘Soldataren patriarkatua. Marxismoari begira egindako kritika feministak’ (Katakrak, 2017). Bigarrena Federiciren artikulu-sorta da, euskaraz publikatu da lehen-lehenik eta Amaia Astobiza (Zornotza,1974) arduratu da itzultzeaz.

Zein da feminismotik marxismoari egiten zaion kritika nagusia?

Liburua bost artikuluk osatzen dute. Artikuluetako bat liburu honetarako propio idatzitakoa da, eta etxeko lanen, etxekoandrearen figuraren eta familia-eredu berriaren sorrera azaltzen ditu. Beste artikulu bat 1975ekoa da, orduko Soldatak Etxeko Lanentzat mugimenduaren harira idatzitakoa, baina gaurkotasun handikoa da. Hirugarren bat 2017ko irailean Zaragozan emandako hitzaldi baten transkripzioa da. Beste bi artikuluak teorikoagoak dira, eta horietan egiten du marxismoaren kritika; kritika eraikitzailea, nolabait. Federiciren ustez, Marxek utzitako metodologia baliagarria da feminismoarentzat, baina badago arazo handi bat: Marxek ez dio genero auziari heltzen, emakumeak sistema kapitalistan daukan papera oso gutxitan aipatzen du. Eta hori da Federicik aztertzen duena, nola ez zen ohartu Marx emakumeak egiten duen erreprodukzioan horrek kapitalismoarentzat duen garrantziaz. Bere arabera, etxeko lanak egitea ez da bakarrik etxea garbitzea; etxeko lanak dira, baita ere, fabrikara doan gizona sexualki, fisikoki eta emozionalki zerbitzatzea, edota kapitalaren langile izango diren umeak sortu, jagon eta heztea. Itxura batean, produkzio lana da kapitalismoaren oinarria, baina, horren azpian, kapitalismoaren oinarri-oinarrian, erreprodukzioa dago, eta hori da Marxek bere teorian kontuan hartu ez zuena.

Nondik dator Katakrakegaz elkarlana?

Azkenaldian, zaintzari eta interdependentziari buruzko gogoeta sakona egitea tokatu zait. Abuztuaren amaieran, Federicik 2012an ingelesez eskainitako irratsaio bat topatu nuen, eta euskarara ekarri nuen; lagun baten bidez Katakrakera iritsi zen, eta blogean argitaratu zuten. Katakrakek Silvia Federicigaz azken urteetan landutako harremanaren ondorioz, artikulu-bilduma hau euskaraz argitaratzeko aukera sortu zen; lehenengo euskaraz, eta, gero, gaztelaniaz eta katalanez. Itzulpena bost astean egin genuen, Durangoko Azokarako argitaratu gura zutelako; gura baino estuago egin dugu lan, baina gustura geratu gara egindako lanagaz. Azpimarratu gura dut ekoizpenaren oinarrian ere zaintza lana ageri-agerian egon dela. Produkzioan parte hartu dugunon artean ondo zaintzen saiatu gara; lagun baten eskutik iritsi zitzaidan proposamena, on egingo zidalakoan. Nerea Fillatek egin ditu editore lanak eta, hasieratik, bakoitzak etxean eduki dituen zaintza lanak kontutan hartu ditugu. Olatz Orobengoa lagunak gainbegiratu dizkit itzulitako testuak. Beraz, azpimarratu gura nuke, liburu honen ekoizpenaren oinarrian zaintze lana egon dela.

Zeintzuk izan dira buruhausterik handienak itzulpena egiterakoan?

Buruhausterik handienak testurik teorikoenekin izan ditut. Horrez gain, arreta berezia jarri diegu Federiciren tonuari eta terminologiari. Izan ere, Federicik urgentzia bat adierazten duen tonu probokatzailea darabil testu hauetan, aztertzen dituen gaiak lehenbailehen mahai gainean jartzeko nahi bat-edo igartzen zaio. “Hauek dira marxismoaren mugak, eta guri dagokigu muga hauek gainditzea”, dio berak. Bestalde, saiakera liburuetan pisu handia du terminologiak, eta gu, gure aldetik, alderdi hori ahalik eta gehien zaintzen saiatu gara. Horretarako, marxismoari buruz euskaraz argitaratutako testuak kontsultatu ditut, baita azaroan kaleratu zen Caliban eta Sorgina ere, kontraste lana egiteko eta diskurtso berriak sortzen ari garen une honetan denok noranzko berean jarduteko

Federiciren ideiak Euskal Herrian errotzen ari dira?

Baietz uste dut. Emakumeak kapitalismoaren sorreran izan duen papera agerian jartzeko nahi eta behar bat dago, eta Caliban eta Sorgina klasiko bat bilakatu da feminismoaren barruan. Horrez gain, arazo handi bat daukagu hemen zaintza lanekin, eta uste dut hortik ere badatorrela Federicirekiko interesa.

Soldata auzi ekonomiko hutsa da?

Ez, ez da diru truke bat soilik. Bizitza honetan, erreprodukzio lana ezinbestean egin beharreko lan bat da, eta lan hori emakumeok egiten dugu neurri handi batean; horregaz lotu behar da Federicik behin eta berrio aipatzen duen etxekoandrearen figura. Beraz, erreprodukzio lanari soldata bat esleituta, emakumeok egiten dugun lan hori aitortzen ari zara. Beste kontu bat da, jakina, nola banatu behar den emakumeen eta gizonen artean erreprodukzio lan hori guztia. Aztertzekoa da, baita ere zergatik garen emakumeak, batez ere, zaintza lanez arduratu behar izaten garenak.

Libro:

Soldataren Patriarkatua