«Soldataren patriarkatua» GARAn

Badira bost urte Katakraken eta Silvia Federiciren arteko harremana abiatu zenetik. Italian jaiotako (Parma, 1942) idazle, irakasle eta aktibista feministak kapitalismoari eusten dioten zutoinak emakumearen doako zaintza eta erreprodukzioa direla babesten du bere obretan eta, hain zuzen, planteamendu horren inguruan elkarrekin hausnartzera gonbidatu zuten 2012an.

Bi urte geroago eta aurtengo irailean ere izan da Federici Euskal Herrian eta hartu-eman horietan Katakrak, Factoria de Sueños eta Federiciren artean egindako lan kolektiboaren ondotik ikusi du argia “Soldataren patriarkatua. Marxismoari begira egindako kritika feministak” argitalpenak, euskaraz, Amaia Astobizaren itzulpenez.

Liburuaren aurkezpenean, Nerea Fillat editoreak gogora ekarri zuen Italian militatzen aritu zen urteetan (gazterik, 1967an, aldatu zen bizileku duen AEBetara) izandako bizipenek baldintzatu dutela Federicik feminismoa ulertzeko duen era eta bere lan entzutetsuena 2004an argitaratu zuen “Caliban and the Witch” (berriki euskaraz argitaratu dute Elkar eta Jakinek “Caliban eta sorgina” izenburupean, Eskafandra bilduman) dela ere aipatu zuen. Lan horretan, kapitalismoa indarrean jartzeko sorgin-ehizek izan zuten rolaz dihardu, gorputzaren kontrolaren gaineko gogoeta eginez.

“Soldataren patriarkatua”, aldiz, 70eko hamarkadatik hona Federicik idatzitako bost artikuluren bilduma da eta, tituluak argi uzten duen gisara, marxismoaren gaineko irakurketa feminista proposatzen du.

«Federiciren izaera poliedrikoa agertzen duten bost testu dira baina badute ildo komun bat: marxismoari egiten zaion kritika feminista. Guretzat garrantzitsua da argitalpen feministetan sakontzea eta feminismoak bizi duen olatu berri honi beste tresna bat ematea eraginkortasun politiko gehiago izateko», azpimarratu zuen Fillatek eta, segidan, artikulu bakoitzaren ildoa xehatu zuen. “Marxismoa eta feminismoa: historia eta kontzeptuak” artikulua irailean Zaragozan egindako kongresu baterako osatu zuen Federicik eta, bertan, autorearen eta marxismoaren arteko urruntze eta gerturaketez ari da.

Bigarrenean XIX. eta XX. mendeko Ingalaterran lan erreforma baten ondotik haurrei eta emakumeei lan egitea debekatu zietela kontatzen du Federicik eta erabaki horrek egungo familia nuklearren osaketan izan zuen eragina aztertzen du. «Bere testu militanteenetakoa da», nabarmendu zuen Fillatek.

Hirugarrenean, “Kontraerasoa sukaldeetatik” izendatua, 1970ean abiatutako Soldatak Etxeko Lanentzat kanpainak eta orduan plazaratutako kontzeptuek zaintza-lanen gaineko egungo eztabaidan duten pisuaz dihardu. Azken biak dira, editorearen esanetan, testu teorikoenak. Karl Marx-en “Kapitala” genero ikuspegitik aztertzen du lehenean eta bigarrenean komunen eraikuntzaz dihardu, marxismoa eta feminismoa aintzat hartuta. «‘Kapitala’-ri errepaso sakona ematen dio, betiere feminismotik begiratuz, marxismoa feminismoaren zentzu iraultzailea ulertzeko ezinbestekoa dela dio», esan zuen Fillatek.

Astobizak, aldiz, itzulpena egitean barruan iltzatu zaizkionak zerrendatu zituen. Azken bi urteak zaintzaren eta interdependentziaren gaineko testuak irakurtzen eman dituela aipatu eta «lan hau itzultzearen ardura horren luzapen gisa» hartu zuela nabarmendu zuen.

Azkenik, aipatu nahi izan zuten liburua Creative Commons lizentziapean argitaratua izan dela eta, beraz, libreki zabal daitekeela, «komunen eraikuntzaren bidez argitaratua izan delako eta hori delako baita ere autoreak nahi duena».

Artikulua osorik NAIZ.EUS atarian.

Libro:

Soldataren Patriarkatua