Listado de artículos

«Sorginak, emaginak eta erizainak» GARAn

KULTURA

‘Sorginak, emaginak eta erizainak’, osasun-sistemaren analisi feminista

Emakumezko sendalarien historiaren laburpena da ‘Sorginak, emaginak eta erizainak’. 1971ean Barbara Ehrenreich eta Deirdre Englishek argitaratutako testuak sorgin-ehizetan du jatorria, eta osasun-sistema sendalarien esku egotetik gizonezkoek gobernatutako elitearen eskumenera nola iritsi zen azaltzen du. Silvia Federiciren hitzaurrea darama.

AMALUR ARTOLA
2019/10/30 13:40
Andoni CANELLADA / FOKU

Endredorik gabe, argi eta xehe azaltzen dute Barbara Ehrenreich eta Deirdre Englishek zer izan ziren sorgin-ehizak eta ze lotura duten sendalaritza tradizionalaren gainbeheraren eta pertsonak aintzat hartzen ez dituen osasungintzaren nagusitzearekin. Orain lau hamarkada, 1971an argitaratu zuten lehen aldiz ‘Sorginak, emaginak eta erizainak’, artean gogoetarako eta pedagogiarako panfleto gisa, gerora liburu formatura eraman eta orain Katakrakek euskaraz argitaratu duen saiakera.

Maria Colera Intxaustiren itzulpena eta Silvia Federicik beren beregi euskarazko edizio honetarako idatzi duen hitzaurrea daramatza argitalpenak eta, Katakrakeko kide Hedoi Etxarteren hitzetan, sortzez panfletoa izanaren abantailak eta helburu pedagogikoz sortua izatearenak, biak biltzen ditu testuak: erritmo bizikoa da eta egileek askatasuna izan zuten hainbat adibide (koadroak, publizitate kanpainak…) aztertu eta zenbait hipotesi mahaigaineratzeko.

«Sorginen historiak, kontatua izan den bezala, badu zerbait ezinegona sortzen duena eta autore haurek horregatik ekin zioten historia hau idazteari. Modu ulergarri eta argian, sorgin-ehizen inguruko lehenengo gogoeta historikoa egiten dute, era pedagogikoan, feminismoaren bigarren olatuari zuzenduta», azaldu du liburuaren aurkezpenean Katakrakeko Nerea Fillatek. Bide horretatik, Coleraren itzulpena ere goraipatu du, fideltasunez heldu baitio helburu pedagogikoari, irakurleari «ikaragarri disfrutatzen den irakurketa» proposatuz.

Argitalpenak bi atal eta beste horrenbeste hitzaurre ditu; bata, lehen esan bezala, Federicirena, eta bigarrena autoreek 2010ean bigarren argitaraldirako idatzi zutena.

Emakumezko gorputzen gaineko bortizkeria

Atalei dagokienean, lehenengoak Erdi Arora garamatza, sorginkeria eta medikuntzaren analisira hurbiltzeko. «Gizonezkoak medikuntzara iritsi direnetik aurrera emakumearen gorputzaren gainean egon den bortizkeria» islatzen du testuak, Etxarteren hitzetan. Horretarako hainbat kontzeptu eta irudi baliatzen ditu, «ikono bezala funtzionatzen dutenak; testua eta bertan proposatutakoaren artean elkarrizketa interesgarria sortzen da».

Bigarren zatiak AEBetako kasua aztertzen du. Lurralde kolonializatua izan zenez, sorgin-ehizak denbora tarte txikiagoan gertatu zirela eta horiek eredu kapitalistaren eta «han dauden ildo erlijioso gehienen» oniritziarekin eman zirela ekarri du gogora Etxartek. «Jende xeheari esaten zaio ezin dutela euren gorputzaz arduratu eta joan behar direla medikura. Lehenengo erresistentzia mugimendu masiboa sortzen da, gaixotzen direnean ezin dute sendatu, ezin dira arduratu haurdunaldi eta gaixoaldiez».

Gaineratu duenez, medikuntza eskolek sendalarien tradizioaz duten ezezagutzak «oso muturreko esperimentuak» egitera daramatza, tartean hildakoak eraginez.

Katakrakeko kideen hitzetan, sorgin-ehizen eta egungo osasun-sistemaren arteko harremana ulertu nahi duen ororentzat da gomendagarria liburua: xehe eta argi ematen ditu azalpenak.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema