Nafarroako liburu denden saria

Diego de Haro liburu denden elkarteak kultur ekimen bat bultzatzea erabaki zuen iaz. Orain arte Liburuaren azokaz eta Liburuaren egunaz soilik arduratu izan da.
Nafarroan liburu denda independenteek osatzen duten sare anitzarekin, uste genuen beste toki batzuetan aspalditik egiten diren ekimenak gurera ekar genitzakeela. Liburu saltzaileek toki ezin hobea daukate liburuaren katean, urtero Espainian 60.000 titulu berri argitaratzen dira, eta gutxi gatzuk iritsiko dira nobedade mahaietara, erakusleihoetara eta apaletara. Hautaketa lan horrek asko du urre bilatzaile lanetik. Batzuetan urre koxkorrak topatzen ditugu.
Horregatik antolatu nahi dugu ekitaldi hau. Liburu saltzaileen iritzia ezagutarazteko. Arrastoa utzi diguten lanak nabarmentzeko haize erauntsi kulturalean, eta, azken batean, arriskuan dagoen gure ogibideari balioa emateko.
Orain iragarriko ditugun sarituak ez ditugu afera komertzialengatik sarituko. Lanaren kalitatea nabarmendu nahi dugu. Elkarteko liburu denda guztietako liburu saltzaileek parte hartu dugu prozesu honetan eta akordioaren bidez hautatu ditugu lanak.
Aitorpen hau sinbolikoa da soilik. Ez dago saririk dirutan. Iruñeko Arte Eskolaren laguntza jaso dugu, haiek diseinatu eta egin dute garaikurra.

Helburuak:

-Liburu saltzaileek irizpideak partekatzea.
-Nobedadeen tsunamitik izenburu batzuk berreskuratzea.
-Nafarroako irakurleen komunitate indartsua nabarmentzea (Espainiak du Europar Batasuneko liburu denden sare handiena eta erkidegoen batez bestekoa 100.000 biztanletik 8,2 liburu denda izatea bada, Nafarroak 11,7 dauzka.

Zer saritzen dugu?

Iaz argitaratutako guztien artean hiru nabarmentzen ditugu:

Euskarazko liburua: Caliban eta sorgina, Silvia Federici, Eskafandra-Elkar 2017.

Arrazoiak: Historia lantzen duen saiakera sofistikatu eta aberats bat da. Pedagogikoa eta ulergarria aldi berean. Emakumeen gorputzaren desjabetzea eta aberastasun komunen pribatizazioa lantzen ditu. Liburuak luxuzko itzulpen bat dauka eta, aldi berean, feminismo garaikidearen klasikoak sozializatzen ari den Eskafandra bilduma saritu nahi dugu. Eta, aldi berean, euskal irakurleen artean indarrez heldu den Silvia Federici autorea bera, akademia eta aktibismoa landu dituelako feminismo erradikal autonomotik eta tradizio marxistatik.

Gaztelaniazko liburua: Duelo, Eduardo Halfon, Libros del Asteroide 2017.

Arrazoiak: Nobelak narratzailearen bizitza gerturatzen digu, bere haurtzaroa, ikuskera, mundua ukitzeko modua. Heriotzaz, isiltasunaz, familiarteko harremanez jarduten du. Denborarekin eta tokiarekin jolasten du. Errealitatearekin eta fikzioarekin hizkera landu eta zehatzaren bidez, erritmoa neurtuz, sentiberatasunez eta umorez. Istorio pertsonal bat balio unibertsalarekin. Narratzaileak badu, nolabait, Halfonen antza, asko kontatzeko duen autore bat.

Liburu ilustratua: Cortazar, Jesús Marchamalo y Marc Torices, Nórdica Libros 2017.

Arrazoiak: Idazlearen biografia grafiko honetan hamaika estilo eta baliabide topatuko dituzu. Mar Toricesen gaitasunetako bat da fotogramen eta bineten bidezko konposizioa. Cortazarren oharrak ere sartzen ditu eta, horregatik, komiki hau opari bat da irakurleentzat.
Pasadizoak eta aipuak topatuko dituzu. Cortazarren bizitza ezagutuko duzu, aitarekin izan zuen harremana, bere osasuna, liburuenganako pasioa eta baita Borgesekin izan zuen topaketa ala bizitzan ezagutu zituen emakumeekin izan zuen harremana. Istorio guztien lotura gisa Soler Serranok 70eko hamarkadan egin zion TVEko elkarrizketa dago.

Ekitaldiak:

-Martxoak 16an egingo da sari banaketa eta bi atal izango ditu:
-Goizez, liburu dendek autoreen eta argitaletxeen lana nabarmenduko dute.
-Arratsaldez, mahai inguru bat antolatuko dugu egileekin eta editoreekin.

Elkartea osatzen duten liburu dendak:

Iruñea
ABARZUZA
ARISTA
AUZOLAN
CHUNDARATA
DEBORAHLIBROS
ELKAR
KATAKRAK
TROA
WALDEN

Tafalla
EL TAJADOR
FOLDER
IDAZTI

Tutera
LETRAS A LA TAZA
MAZOS

Lizarra
IRRINTZI

Libro:

Duelo
Cortázar