Salgaien zerrenda

Bea Chivite BERRIAn

Pekin, olerkira ekarrita

Txinako hiriburuan bizi zenean izandako bizipen pertsonalak jaso, eta 'Pekineko kea' olerki liburua kaleratu du Beatriz Txibite Ezkieta idazleak
Beatriz Txibite idazlea, Pekineko Kea olerki liburua eskuetan duela. Beatriz Txibite idazlea, Pekineko Kea olerki liburua eskuetan duela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2017-04-12 / Julen Aperribai

Pekinen egindako egonaldi luzeetan arnastu zuena olerki bilakatu du Beatriz Txibite Ezkietak, Pekineko kea bere lehen olerki liburuan. Hiriaren bilakaeraren eta bere bilakaera pertsonalaren arteko uztarketaren ondorio da lana, baita idazlearen behar pertsonalen ondorio ere. 2011n jaso zuen Pamiela argitaletxeak lana, baina idazlearen kanpo egonaldiak direla tarteko, gaurdaino atzeratu da publikazioa. Ez da argitaratzen duen lehen lana, hala ere, bitarte horretan Metro —2014ko Ernestina Champourcin poesia saria eta 2015eko Lauaxeta saria irabazi zituen— plazaratu baitzuen. Iaz, berriz, Blas de Otero poesia saria irabazi zuen, Biennale lanarekin.

«Arrazoi askorengatik» hasi omen zen Txibite liburu berria idazten. Olerkiak idazten hasi aurretik, bidaiatu bitartean egunerokoak idazteko ohitura bereganatua zuela adierazi du, eta, hein handi batean, Pekineko kea ere «eguneroko bezala» idatzi zuela. Bestetik, «euskara gordetzeko asmoz» idatzi zuela ere azaldu du. Izan ere, gazte joan zen atzerrira. Batxilergoa Duinon (Italia) egin zuen, eta, jarraian, Txinera Filologia eta Ekialdeko Arte Historia ikasten hasi zen Londresen. Ikasketen bigarren urtean sortu zitzaion Pekinera joateko aukera. Hizkuntza aniztasun handiko testuinguru horretan —«Lagunekin italieraz eta ingelesez hitz egiten nuen, gurasoekin gazteleraz eta unibertsitatean txineraz»—, barne sosegurako euskararen beharra sumatu zuen: «Neure buruarekin euskaraz hitz egiteko beharra sentitzen nuen, ez galtzeko, baina baita nire barneko ahotsa aurkitzeko ere».

Bestalde, literatura eta arte giroan hezia izan arren, betiere beste idazleen «musa» sentitu izan dela adierazi du Txibitek: «Agian, nire izena Beatriz delako, edo nire gurasoak ere idazleak direlako». Besteek idatzitakoaren aurrean «pasiboegi» sentitzen zela azaldu du, eta horrekin hausteko beharra ikusi zuela, artean Pekinen zela. «Orduan, nire gorputzaren eta nire ahotsaren agentzia aurkitu nituen».

Orduko egoerak hala eraginda, aldaketa pertsonal horrek Txinako hiriburuan gertatzen ari ziren aldaketa sozioekonomiko eta kulturalekin bat egin zuen, eta «paralelismo» horrek bere isla du liburuan, Txibiteren arabera: «Pekin oso hiri itxia zen lehen, eta, azken hamarkada honetan, oso hiri kapitalista bihurtu da». Globalizazioaren eta liberalismoaren eraginak, batez ere, belaunaldi gazteengan nabaritu ditu, eta belaunaldien arteko ohiturei dagokienez, transmisioan galera egon dela uste du. Horrela izanik ere, antzinako Pekinen eta gaurkoaren arteko kontrasteak bere hartan zirauen, hark hura bisitatu zuen lehen aldian. Txibitek dioenez, orain dela bost hilabete, hara egindako azken bidaian, bestelako uniformetasun bat aurkitu zuen: «Etxe orratz gehiago daude, auto gehiago, jada ez dira hainbeste bizikleta ikusten... Jendea beste erritmo batean bizi da».

Hiriaren erritmoa olerkietan

Laburrak dira idazleak bildu dituen olerki gehienak. Batzuek gehiago eta besteek gutxiago, baina hiriaren egunerokoaren inguruko zertzeladak ematen dituzte gehienek, eta, kasu batzuetan, eguneroko horretatik denboran aurreranzko nahiz atzeranzko begiradak eskaintzen ere bai. «Ez nintzen nire mahaian esertzen idaztera, baizik eta kalean sentitzen nuena hartu, eta gero, etxera etortzen nintzenean, paperera eramaten nuen».

Idazleak bere barne eta kanpo munduak lotzeko duen gaitasunak egiten du berezi, hein handi batean, haren poesia, Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen ustez: «Pintzelkada gisako horiek oso inpresionistak dira; kanpoari lotuta dauden inpresio batzuk dira, baina badu dardara berezi bat, bere bilakaera propioarekin lotzen duena». Olerkien amaiera aldera aurki daitezke halakoak, haren arabera. Horietan, idazleak hirian hautematen duena bere egoera pertsonalarekin lotzen du, edo, behintzat, kanpoko inpresio horrek beregan eragina duela iradokitzen du. Hala egiten du, adibidez, Daga hegalariak olerkian: «Udazkeneko lehen hostoa han erori da/ Gorrira biratzen da kale osoa/ Joan da beste urte bat».

Ekialdeko kulturarekin erlazionatu du gauzak esateko modu hori Irigaraik, eta Txibitek berak ere onartu du hango kulturarekiko eta artearekiko interesa aspaldikoa duela. Baita hari loturiko minimalismoarekikoa ere. Horrexegatik hasi ei zen marrazten. Hain zuzen ere, bereak dira liburuan tartean behin agertzen diren argazki eta irudiak.



Gomendatutako liburua:

Pekineko kea

Pekineko kea

14,00 €

Eskuragarri 4-5 egunetan


Gaiari buruzko artikuluak