Salgaien zerrenda

Dau Garcia ARGIAn

«Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke»

“Gorputzen aniztasuna” da intersexualitatea García Dauderrentzat. “Lekzio bat”, haren hitzetan, gizon eta emakume eskematik harago bestelako gorputzak daudela erakusteko. Hain zuzen, logika dualista horri aurre egiten dihardu, bai militantzia arloan, eta baita akademian ere. Txikitatik aniztasuna erakustea nahiko luke, gizartearen begirada dualistarekin bukatzeko.
ANDER PEREZ @ander_prz 2018ko otsailaren 18a

“Feminismoaren abiapuntuaren arabera, sexua naturala da, eta generoa da eraikitzen dena. Intersexualitate kasuetan, ordea, alderantziz izaten da”. (Argazkia: Iñigo Uriz / Argazki Press)

Zeri deitzen diozu dualismoa?

Gizarteak sexuen naturalizazioa eraiki du. Berez bi sexu baino ez daudela esatea mito bat da, eta ez dator bat existitzen den aniztasunarekin.

Feminismoaren eraginez, geroz eta onartuagoa da generoa eraikia dela. Sexuaren kasuan, ordea, ontzat jotzen da naturala dela, eta bi besterik ez daudela.

Feminismoak, une jakin batean, bereizketa bat egin zuen, esanez batetik biologia dagoela, eta bestetik emakumearen eraikuntza soziala. Horren ondorioz, biologian bertan dagoen alderdi soziala ahaztu izan da. Ezin ditugu alderdi biologikoa eta soziala bereiztu. [Anne] Fausto-Sterling eta beste biologo feminista batzuen ikerketen ekarpen nagusia biologia dualismo hori baino askoz ere anitzagoa dela erakustea izan da, eta ez dagoela hain argi emakume biologikoa zertan oinarritu. Feminismoa, sarri, emakume guztientzako komunak ez diren ezaugarri biologikoetan oinarritu da.

Zein da biologiaren aniztasun hori?

Kromosomen aniztasuna, adibidez, ez da XX eta XY aukeretara mugatzen, askoz konbinazio genetiko gehiago daude, eta gainera, XX duen pertsona batek ez du zertan emakume sentitu, eta ezta gizon sentitu XY duenak ere. hormonekin antzera gertatzen da, eta berdin genitalekin ere: sarri ahazten zaigu zakila eta klitorisa egitura beretik datozela, eta beraz, gauza bera direla azken batean; testosterona kopuruen arabera egingo du alde batera edo bestera. Gauza zehatzetan ere ikus dezakegu, ilean, ahotsan, muskulaturan. Dena bi laukitara mugatzeko joera dugu, baina aniztasuna askoz zabalagoa da. Presio sexuala, ordea, oso indartsua da, eta azkenean, dualismo horretara moldatzen bukatzen du aniztasunak.

Ebakuntzak dira dualismo horretara moldatzeko moduetako bat, eta kuriosoa da, genero eraikuntza normaldu, eta gorputza delako genero horretara moldatzen dena.

Feminismoaren abiapuntuaren arabera, sexua naturala da, eta generoa da eraikitzen dena. Intersexualitate kasuetan, ordea, alderantziz izaten da. Hormonen eta zirugiaren bitartez, errazagoa da gorputzak aldatzea, arau dualistak aldatzea baino. Hala, gizarteak gorputz aniztasuna onartu dezan sustatu beharrean, pertsonek nahiago dituzte gorputz aldaketak, aldaketa sozial bat egon arte itxarotea baino –noski, egoerak ezinegona sortzen dielako–. Azkenean, gorputzak aldatzen dira, eta arau sozialak normaldu.

Genero identitatearekin lotu ohi dira genitalak. Ideia horren kontra aritzen zara zu.

Bai, hori baita gakoa, besteak beste, gurasoek uler dezaten neska bezala heziko duten ume bat inolako arazorik gabe garatu daitekela neska gisara, bere identitatea auzitan jarri gabe, zakil baten itxura duen klitorisa izanagatik. Eta gakoa da transexualitateak derrigor norbere genitalak errefusatzea dakarrela pentsatzeari utzi diezaiogun. Hau da, gerta daiteke pertsona batentzat bere genero identitatea eta jaiotzerakoan esleitu ziotena bat ez etortzea, baina ez sentitzea bere genitalenganako inongo arbuiorik. Izan ere, identitatea ez da genitalen araberakoa.

Askok, hain justu, transexualitatearekin lotzen dute intersexualitatea, baina ez dira gauza bera.

Transexualitatearena identitate kontua da: ni modu batera izendatu ninduten jaiotzerakoan, baina beste gauza bat sentitzen naiz. Intersexualitatean ados egon zaitezke jaiotzerakoan emandako identitatearekin, baina ustez identitate horri dagokion gorputzarekin bat ez datorren gorputza duzu.

Feminismoak emakume subjektuaren ahalduntzearen eta indartzearen alde egiten du. Intersexualitateak, ordea, dualismoa deseraiki nahiko luke. Bateragarriak dira?

Bi estrategia politiko dira, eta biei uko ez egitean datza gakoa, testuinguru bakoitzean erabakiz zein den komeni dena. Txikitatik landu behar dira biak. Askotan pentsatzen da: jarri ditzagun neskak eta mutilak elkarrekin kirol egiten, eta hala bukatuko dugu dualismoarekin. Baina gero ikusten dugu halakoetan neskak kikildu egiten direla, eta ez dutela parte hartzen. Beraz, ustez dualismoarekin amaitu behar zuen horrek kontrako efektua hartzen du. Gakoa bi estrategietako bati ere uko ez egitea da. Paradoxikoa izan liteke, baina ez dugu besterik.

Zein da dualismoarekin bukatzeko bidea?

Denoi eragiten digun kontua da, eta begirada dualista da kalte guztiak eragiten dituena. Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke. Nik aniztasunaren pedagogiaz hitz egin izan dut. Aniztasuna erakutsi behar dugu, bai hedabideetan, eta baita gizartean ere. Medikuntzak bezalaxe, zuzenbideak jakin beharko luke mediku batek jaiotzerakoan esleitzen duen sexua beti izango dela behin-behinekoa. Pertsonei lana erraztu beharko genieke, sexu edo izen aldaketa egiteko oztopoak izugarriak direlako. Eremu askotan ekitea da kontua. Eskoletan eragin behar da, eta txikitatik erakutsi dagoen aniztasuna. Egiturazko lana da.

Militantzia eta akademia

«Ekintzaile feminista eta psikologo soziala naiz. Hain zuzen, arlo horretako irakasle gisa dihardut, Madrilgo Errege Juan Carlos Unibertsitatean. Sexu eta genero dualismoak eragiten duen indarkeria ikustaraztera bideratu dut nire pedagogia eta ikerkuntza ibilbidea. Zientzietan emakumeek izandako papera azaleratzen ere jardun dut, eta horri buruzko bi liburu idatzi ditut. Intersexualitateen Nazioarteko Erakundearekin aritu nintzen, eta intersexualitate ezaugarriak dituztenenganako babes taldeetan ibili naiz. Gaiari buruzko liburuetan parte hartu dut, eta intersexualitateari buruzko material andana idatzi dut».



Gaiari buruzko artikuluak