Salgaien zerrenda

«Feminismoa denon kontua da. Politika pasio» GARAn

Eraberritzeko mapa

bell hooks-en (xehez idazten du bere izena idazleak) «Feminismoa denon kontua da» lana euskarara ekarri du Katakrak argitaletxeak. Amaia Apalauzak egin ditu itzulpen lanak eta Mari Luz Esteban idazleak erantsi dio hitzaurrea, feminismoaren mapa orokorraz harago, iraganaren, orainaren eta erronka berrien zehaztapenak egiten dituen lanari.

Ariane Kamio |DONOSTIA

Hogeita hamar liburu baino gehiago eta akademiarako hainbat artikulu idatzi ditu bell hooks aktibista eta idazleak bere ibilbidean. Horietako asko egin zituenean osatu zuen orain Katakrak argitaletxeak euskaratu duen “Feminismoa denon kontua da”. Hemezortzi urte joan dira geroztik, baina bertan xehatzen dituen gaiek ez dute gaurkotasunik galdu. Hemeretzi ataletan banatuta, bell hooks-ek modu argigarrian haztatzen ditu feminismoaren arrakalak, mapa orokor bat osatuz, baina eraberritzearen beharra oinarri hartuta. «Ipar Amerikako mugimendua aztertzen du gehienbat eta ariketa antropologiko interesgarria egiten du bere inguruan ikusten duenetik galderak eginez. Baina oso aplikagarriak dira ere hemen aztertzeko», aipatu zuen atzo Mari Luz Esteban idazle eta hitzaurrearen egileak. Itzulpena Amaia Apalauzaren lana izan da.

Obrari buruzko xehetasun gehiago eman zituen Estebanek. «Ipar Amerikan mugimendu kontserbadorea eta erradikala daudela nabarmentzen du eta AEBetan feminismoak pultsu erradikala galtzen duela nabarmentzen».

Hemeretzi katebegitan aztertzen ditu feminismoaren iragana, oraina eta geroa. Izan ere, denboran geldialdia baita bell hooksen “Feminismoa denon kontua da”; «atzera begiratzen du non gauden kokatzeko eta etorkizuneko erronkak zehazteko». Katebegi bakoitzean gai bat jartzen du erdigunean idazle afroamerikarrak; horien artean badira batzuk ohikoagoak direnak. Arrazarena, kasu. «Hona ere heldu zaigun eztabaida da, feminista razializatuek jasaten dutena eta Estatu mailan are gogorragoa izaten ari da». Generoa, arraza eta klasea bat datoz hooksen gogoetetan. Enpleguarena izan daiteke beste bat, «emakumeen independentzia ekonomikoaren garrantzia». Edo sexualitatea: «Genero ordena berri baten beharraz ari da». Sexu iraultzaraino egiten du atzera hooksek. «Garaipen haren alabak gara, gure bizitza aldatu genuen, baina gizonezkoek berdin jarraitzen dute. Haien inplikazioa beharrezko ikusten du».

Haurren eskubideekin konprometitutako idazlea ere badela zehaztu zuen Estebanek eta gizarte orokorrarekin zerikusia duten planteamenduak egiten dituela agertu zuen. «Inguruan dituen familia afroamerikarretatik abiatzen da. Haurrak maitasunean hezi behar direla dio, erasoen biktima edo erasotzaileak izango direlako bestela».

Indarkeria matxistari ere heltzen dio beste katebegi batean bell hooksek eta ikuspuntu zehatz batetik heltzen dio gaiari. «Ahizpatasuna landu beharreko zerbait dela dioen arren, galdera bat ere planteatzen du. Noraino justifikatzen ari gara gertatzen ari dena? Gai zaila da. Gizon-emakumeen arteko harremanetan sartzen da».

Gizonen aitortzatik at

Idazleak lantzen dituen gaien artean dago “maskulinitate feminista” terminoa. «Berak esaten du patriarkatu kapitalista supremazista kexatzen dela feminismoa gizonen aurka dagoelako. Bere iritziz, ez da hori bakarrik. Sistema errotik aldatu behar dela defendatzen du. Horrek egingo dio min sistemari eta aldaketa horretan denok aldatuko garela uste du. Gizonen aitortzatik at dagoen figura bat behar du emakumeak, izaera autonomo bat».

Feminismoaren arrakaletan mugimendua berriro sortzearen alde agertzen da bell hooks. «AEBetako feministak Latinoamerikara eta Estatu espainolera begira ari dira, mobilizazio handiak egiten ari baitira. AEBetan ere egin dira, baina erronka asko dago oraindik. Euforiak alde batera utzita, ez dezagun pentsa dena egina dugula».

Feminismo kontserbadoreaz ere ari dela nabarmendu zuen hitzaurregileak. «Kritikatik idazten du, baina doinu berezi batean. Askotan gonbidapenak egiten ditu. Feminismoa pentsamendutik oso modu orokorrean ulertu duen autorea da», esan zuen.

Estebanen iritziz, “Feminismoa denon kontua da” «oso liburu aproposa da» feminista gazteentzat, «atzera begiratzen duelako aurrera egiteko».

Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxarteren aburuz, «bada tresna bat lehenengo aldiz feminismora hurbiltzen denarentzat, baina sartuta dagoenarentzat ere bada erreminta, oso argi azaltzen baitu dena. Diagnosi moduko bat da».



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak