Salgaien zerrenda

«Filiala» BERRIAn

Maleta berekin zeraman

Bizitza bera literatura bihurtu zuen, eta literatura bizitza. Sergei Dovlatoven lanean elkar gurutzatzen dira errealitatea eta fikzioa, eta baita umorea, samurtasuna eta kritika ere.
2017ko abenduak 10, Mikel Lizarralde

Bizitzarekin ordaindu behar dela idatzitakoa. Hala zioen Emil Cioranek (1911-1995), eta hala egin zuen Sergei Dovlatovek ere (Ufa, Sobiet Batasuna, 1941-New York, AEB, 1990). Bizitzarekin ordaindu literatura. Edo literatura bihurtu bizi izandakoaren leiho. Lan esparru batean aritu zen zaindari, eta hori liburu bilakatu zuen (Zona); Puxkin Parkeko gida izan zen, eta hori jaso zuen Parkea lanean; kazetari aritu zen lanean Estonian, eta Konpromisoa nobelan islatu zuen; 1978an Sobietar Kazetarien Elkartetik bota eta New Yorkera jo zuenean, Maleta idatzi zuen... Eta hala ere, bizitza fikzionatu egin zuen, literatura bihurtu finean. Bere lana du horren lekuko. Baita bere bizitza ere.

Ez da euskara hizkuntza berria Dovlatoventzat. Iker Sanchok itzulita, Konpromisoa nobela argitaratu zuen Hiria argitaletxeak 2008an, eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zuten 2014an Maleta, Amaia Apalauzak euskaratua. Apalauzak berak eta Aroa Uhartek itzuli dute orain Dovlatoven azkeneko lana izan zena, Filiala (Katakrak Liburuak), haren lan guztiek bezalaxe, oinarri historikoa duena.

Bi ildo edo istorio kontatzen ditu Filiala-k. Batetik, narratzailearen lehen maitasun istorioa dago, 1960-1970eko hamarkadetan Leningraden gertatutakoa, eta, Uhartek dioenez, «ukitu samurra» duena. Eta, bestetik, AEBetan erbesteratutako errusiarrek Los Angelesen egindako biltzar handi batean jartzen du fokua liburuak. Irrati esataria da narratzailea —Dovlatov ere izan zen, bistan denez—, eta Etorkizuneko Errusia jardunaldietan ari da lanean kazetari. Han parte hartzen ari direnen ahotsetatik entzungo du behin eta berriro Sobietak «krisian» direla, eta emigranteak «askatasunaren laborategia» direla. Eta hortik liburuaren izenburua bera ere, biltzarrean parte hartzen ari direnek «biharko Errusiaren filial» gisa aurkezten baitute beren burua.

Erbesteratu zen Dovlatov AEBetan, baina horrek ez du esan nahi hango sistemarekin bat egin zuenik. Ezta gutxiago ere. Filiala-ren aitzinsolasean argitaletxeak dioenez, Dovlatov «paradoxa politiko-literario bat» izan zen, eta, horregatik, gerra hotzen topikoetatik kanpo jarri beharko litzateke haren literatur lana: «SESBen kokatutako eleberrietan, badirudi kritika sozial zorrotza egiten duela. Baina, honako honetan eta AEBetan girotutako gainontzekoetan—irudi bera ematen digu AEBei buruz eta, bereziki, Amerikan bizi diren errusiarrei buruz».

Kazetari izan zen Dovlatov, eta kazetaritzatik asko du Filiala-k, kronika baten traza hartzen duelako neurri handi batean. Liburuan agertzen dira, gainera, garai hartako eta aurreko hamarkadetako sobietar historian garrantzia —handia edo txikia— izan zuten pertsonei buruzko aipamen ugari, nahiz eta haietako askoren izenak aldatuta agertu: Vasili Aksionov, Jelena Bonner, Alekdandr Ginzburg, Eduard Limonov, Boris Pasternak... Eta, hala ere, kronika ez, baizik eta «literatura» egiten zuela nabarmentzen zuen beti Dovlatovek. Eta horrekin ados da Uharte: «Fikzioa da eta baliabide literarioak ditu. Baina, era berean, egiantzekotasuna ere badu, eta egia bat transmititzen du».

Umorea lagun

Egia hori transmititzeko orduan oso baliabide garbia erabiltzen du idazleak: umorea. Bere lan guztietan agertzen da, baita Filiala-n ere. «Ironikoa eta ziztakaria da», Amaia Apalauzaren iritziz: «Umorea darabil, ia aforistikoa eta zuzena. Horrek ez du esan nahi sinplea denik. Baina badaki nola kontatu eta zer kontatu». Errusiar literaturan badu tradizioa kontatzeko modu horrek —Gogol, Txekhov— , nahiz eta gaur egun herrialde hartako literatura, batik bat, Tolstoik eta Dostoievskik landutakoarekin lotzen den. Apalauza: «Dovlatov ahozko istorioak kontatzen oso ona zen. Txiste bat ateratzen zuen edozeretik». Izan ere, ahozkotasunaren oihartzunak nabarmenak dira haren lanean, eta horrek eragiten du haren idazkera «zatikatua» izatea. Ideia horretan sakondu du Hedoi Etxarte Kataktrak Liburuak argitaletxeko arduradunak ere Filiala-ren hitzaurrean: «Eguneroko bizitzaren absurdoa kontatzeak badu tradizio bat errusierazko literaturan. Dovlatovek berak Txekhoven oinordekoa izan nahi zuen. Baina, ziurrenik, sobietar munduak —bestela esanda, sobietar proiektuak mundua ikusteko izan zuen aldaerak— eguneratu zuen kontatzeko modu hori. Eta bereziki hogeiko hamarkadatik aurrera zabaldu ziren itzalpeko txiste politiko eta sozialen tradizioak». Txiste horiei anekdoty deitzen zieten, eta Filiala ere horiez josita dago: «Orduko gizartean ezagunak ziren erreferentzia kulturalak hartu, eta eguneroko bizitzako pasadizoetan aplikatzen dira».

Filiala-n hamaika pertsonaia azaltzen dira, eta ezinbestekoa da haiei buruzko ezagutza gutxieneko bat liburua irakurtzeko. Horregatik itzultzaileek eleberriko aktore guztien gaineko ohar biografikoak, 60 bat, bildu dituzte liburuaren amaieran. Etxarte: «Edozein komentario ulertzeko jakin behar da mundu errealeko nori buruz ari diren pertsonaiak».



Gomendatutako liburua:

Filiala

Filiala

17,00 €

Badugu


Gaiari buruzko artikuluak