Salgaien zerrenda

Iruzkina «Kristo fusilarekin»i

Kristo fusilarekin
Atalak: literatur apunteak
Ryszard Kapuściński (Itzultzailea Amaia Apalauza)
Katakrak argitaletxea
Hala Bediko A Desalambrar irratsaiorako kolaborazioa

Ryszard Kapuściński-ren 1960-70 hamarkadetako artikulu bilduma ederra da. Euskarazko itzulpenak ederki korritzen du. Jatorrizkoa polonieraz da, eta Amaia Apalauzak gaztelaniazko itzulpena oinarri hartu badu ere, euskaraz dakien Sonia Kolakzec poloniarraren laguntza baliatu du.

Katakraken oharrak eta Ane Irazabalen hitzaurreak piztutako jakin-mina ederki asetu dit.

Berriki ikusi dudan Kapuściński eta bere Angolako esperientzian oinarritutako “Egun bat gehiagoz bizirik” filmak, herrialde haren independentzia eta 30 urtez luzatu zen gerraren hasieran kokatzen denak, utzitako zapore onaz ere ekin diot liburu honi. Berriz ere gozatu dut.

Literatura, are irudi poetikoak, eta kazetaritza nahasten zituen Kapuścińskik. Estilo arraroa kazetaritzan, ez bakarrik 70. hamarkadan. Zer nolakoa (izan) da munduko gatazken berri ematen duen kazetaritza? Datuak, hildako kopuruak, egitateen kontaketa bat, aseptikoa, azkarra, demasekoa.

Liburu honetan edozein artikulu da Kapuścińskiren estiloaren lagin egokia, baina beharbada, Guatemalan kokatutako “Zergatik hil zuten Karlo von Spreti” da adibide egokiena Kapuścińskiri tamaina hartzeko. Albistea hau izan zen: FAR gerrillak von Spreti alemaniar enbaxadorea bahitu eta bost egun ondoren hil du. Era horretako ekintza-delitu bat gertatzen denean, ulergarria da egitateak berak duen transzendentziagatik -pertsona bat bahitu eta hiltzea- beste dena lekuz kanpo dagoela agintzen duen logika. Artikulua irakurtzean, ordea, irakurlea jabetzen da ekintza-delitu hori -eta aurretik eta ondoren gertatu ziren eta direnak- kontatze hutsak ez duela asko laguntzen albistea ulertzen, edo bestela esanda, albisteak (albistegiek) ez dutela gertatzen diren gauzak ulertzen laguntzen.

Fikzioa da, bestela, errealitatea(k) harrapatzeko bide. Kapuścińskik bien arteko zerbait egiten du: Karlo von Spreti kondea adobezko txabola batean zetzan […] buruan tiro bat emanda hila zen. Betaurrekoak zeuzkan eskuan, hil aurretik erantziak segur aski, batek daki zergatik. Artikuluaren azken lerro horiek marrazten duten ezena horretara iristeko 69 orrialde erabili ditu. Pertsona baten heriotzak hainbeste merezi du.

Liburua hiru ataletan banatzen da

BAT atala Palestinan kokatuta dago, 1969ko Sei eguneko gerra osteko garaian. Gutxitan bezala usaindu ahal da Palestina lau artikulotan, Palestina puskatu eta etorkizun ilunekoa, bizi duen gatazka desorekatua, iheslariak, fedajinak, zaharrak, gazteak, borroka armatua vs diplomazia, herrialde arabiarren jarrera, bai, baina baita palestinar izaera, gaualdiak eta eztabaidatzeko zaletasuna, tea, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa -bere herrixka eta etxea ikusi ez dituen ume batek irudimenez berak deskribatzeraino-. Herri horren ataka, ezina, mina eta bizi-grina zintzotasunez eta samurtasunez kontatuta.

BI atalean dago lehen aipatutako Guatemalako kontakizuna. Atala irekitzen duen artikulua “Kristo fusilarekin” da liburuari izena ematen diona, izena eta azala: Camilo Cienfuegos gerrillariaren irudiarekin, bera da Kristo, Kristo fusilarekin. Kontakizuna Bolivian kokatzen da eta ezkertiar sentitzen den edonoren autokritikarako bikaina da. Batetik, ikasleen indarra: Ez dago eusteko gai den gobernurik ikasleek aliantza bat egiten badute; bestetik, ezkertiar taldeen artean egon ohi den herra, ezinikusi eta etsaitasuna, “Brianen bizitza” filmean bikian karikaturizatu zutena, baina, Boliviako unibertsitatean 1960-1970. hamarkadetan, elkarren kontra tiroka ibiltzeraino muturtzen zena. Guatemalako kasuan gisan, Bolivian ere, izugarria da jeneral dikatadoreen segida, bai eta jeneralen maila eta gizatasun eskasak ere. Azkenik, mingarri eta ederrena gerrillen kontakizuna egin zait. Batetik, kontatzen du azaletik Che Guevara eta haren gerrillaren azken egunen zirriborro bat, ezkertiar hiritar gerrillariek jatorrizko herritar menditarrekin izan zituzten komunikazio ezinak (ezkertiar askok herrien gaiarekin izan duen huts egite kronikoaren adibide gordin gisara). Alabaina, Teoponteko gerrillarien kontakizuna da latzena, eta iraultzarekin maitemintzea noraino den maitemintzea hobekien kontatzen duena: gerrillari guztiak hil ziren edo hil zituzten oihaneko lurralde bat askatu nahian; lehen egunetatik larri, herrixketan ezin babesturik, ezer jan gabe, etengabe mugitu beharrez. Atalaren bukaera gisa, berriz, hitzaldi batzuetan galdetu izan ziotenari erantzun mamitsua ematen dio Kapuścińskik: “Guevara ala Allende?”.

HIRU azken atalak artikulu bakarra du: “Mozambikeren aldeko lehen tiroa”. Portugalengandik deskolonizatzeko gerran independentziaren aldekoek egindako lehen tirora nola heldu ziren kontatzen du. Beste lurralde batera garamatza hor, lurralde bat mendetan zapaldua, non gizakiak esklabotzarako erabiliak izan diren (ditugun), non FRELIMO Mozambikeko Askapen Frentearen lehen biltzarrean zaharrak, gazteak, umeak eta amak bildu ziren, ez hasiera, ez bukaera, ez pankarta bat zeukan areto batean, ingelesez bota eta gehienek ulertu ez zuten hitzaldi bat entzutera.

Aurreko mendeen aldean, XX. mendean gertakariak izugarri azkar bata bestearen gainean pilaka joaten zirela irizten zion Kapuścińskik. (Eta XXI. mendeko sare sozialen abiaduran, XX. mendeko hura zer zen?). Eskerrak liburu honekin abiadura mantsotzeko tartea hartu dudan.

Rubén Sánchez Bakaikoa



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak