Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Azaroak 27 Asteazkena
80-90 hamarkadetan bertsolaritzan eman zen aldaketa islatzen du bertan egile urretxuarrak
MIREN MINDEGIA MIKEL SAIZ
Jon Maia, atzo, Iruñeko Katakrakeko aretoan.
“Lan honetan, bertsolaritzako aken iraultza handiaren argazki pertsonala egiten dut”
IRUÑEA - Jon Maiak (Urretxu, 1972) 1980ko hamarkadan eman zituen lehenengo urratsak bertsolaritzaren alorrean, Zumaiako bertso-eskolan. Ama Extremadurakoa eta aita Zamorakoa, bere ibilbidea bertsolari belaunaldi oso baten isla da aldi berean, “bertsolaritzaren azken iraultza handia” ekarri zuena, Maiaren hitzetan. Iraultza hori da, preseski, Lankuren eskutik plazaratu duen Berriak jaio ginen lanaren muina.
Iruñeko Katakrak liburu-dendan atzo ospatutako aurkezpenean azaldu zuen bezala, liburua “garai baten argazki pertsonala” da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, izan ere, bertsolaritzan eraberritze bat ematen hasi zen, bertso eskoletan egiten zen lanaren ondorioz gazteak plazara irisiten ari baitziren, eta haien eskutik bertsoa ulertzeko modu berri bat, egun arte garatzen jarraitu duena. “Orduko belaunaldi hark konexio berri bat ekarri zuen, unibertso berriak ekarri zituen, irreberentzia eta errebeldia punttu batekin”.
Hari horri tiraka, Maiak zeharkako gaiak ere baditu hizpide Berriak jaio ginen-en: hizkuntza, identitatea, politika, giza harremanak, sorkuntza bera... Lehenengo pertsonan idatzia, bizipenak eta hausnarketak tartekatzen ditu egileak, bertsolaritza modernoaren eta orduko garaiaren erretratu bat eginez. “Balore dokumentala badauka liburuak, zentzu horretan”, azpimarratu zuen Maiak. Bertsolaritzaren historiaren apaletan “egon behar zuen lan bat”, azken finean.
jon maia soria
Bertsolaria
Garai baten argazki hori, erran bezala, bizipen propioen ikuspegitik abiatu du bertsolari urretxuarrak, atzo aitortu zuen bezala: “Asko biluzten naiz, aitorpen intimo bat baino gehiago egiten ditut liburuan”. Hartara, ez dira falta une gazi-gozoen pasarteak: “Denok ditugu gure krisialdiak”, aipatu zuen. Gauza guztien gainetik, egileak “zintzotasunez” hitz egin nahi izan du, batez ere. “Norbere buruaz hitz egiten denean, ez dago zintzotasunez jokatzea besterik”.
Autobiografia, kronika, erreportajea... Maiak genero anitz uztartu ditu liburuan, soilik horietako bakar batetara mugatu gabe. “Estetikoki ere berezia da”. Izan ere, gai ani-tzak jorratzen dituzten testuez gain, argazkiak, testigantzak eta bertsolariak berak idatzitako olerkiak ere agertzen ditu liburuak. Horretaz aparte, belaunaldi eta bertso-kide izan duen Unai Elorriagaren ilustrazioak ere biltzen dira, umore puntu batekin liburuari “aparteko balorea” ematen diotenak, Maiak azpimarratu bezala.
Igor Elortzak ere bere ekarpena egin nahi izan dio liburuari, hitzaurrea idatziz. “Bertsolari izan nahi zuen gaztetxo baten bizipen pertsonala eta bertsolaritzaren garai baten lekukotza da Jonek idatzi duena”, azaltzen du bertan. “Eta halako atrebentziari eskatu ahal zaion garrantzitsuena eskaini digu: zintzotasuna. Hau guztia, hain berea duen epikatik parodiara hitz bakarrean jauzi egiteko jaidurarekin”.
Berriak jaio ginen lanaren argitalpenak urteurren berezi batekin bat egiten du. Izan ere, duela 20 urte (1997an) iritsi zen lehenengoz Maia Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera. Ordukoan, liburuaren hasmentan gogoratzen duen bezala, gurasoei eta “abuela ta abuelori” eskaini zien azken agurra, oraingoan liburua bezala.