Salgaien zerrenda

«Mundua berriz liluratuz» BERRIAn

Silvia Federici. Pentsalari feminista

«Kapitalismoak bakartu egin du emakumea erreprodukzioan»

'Mundua berriz liluratuz' liburua aurkeztu du pentsalariak. Kapitalismoaren aurrean, komunen politika proposatu du, eta zaintza lanak kolektibizatzearen garrantzia nabarmendu du.
IÑIGO URIZ / FOKU
2019ko apirilak 4

«Mundua berriz liluratzea da kapitalismoak zatikatu duena berriz batzea», Silvia Federiciren (Parma, Italia, 1942) hitzetan. Urteetako borroka eta teorizazio ibilbideak sortutako nekeak ez du pentsalaria etsipenera eraman, eta baikortasuna dario haren lan berriari ere: Mundua berriz liluratuz. Feminismoa eta komunen politika proposatu ditu desorekan oinarritutako egungo sistemari aurre egiteko tresna gisa. Katakrak argitaletxeak egin du liburuaren lehen itzulpena, eta Federicik berak aurkeztu zuen lana, orain bi aste, Iruñean.

Komunak aurkeztu dituzu mundu berri bat sortzeko bide gisa. Hori izan da zure helburua?

Bai, hori da. Komunak izan ziren, hainbat eredutan, gizarte kapitalistaren aurreko sistema nagusia. Liburuan azaldu nahi izan dut zer diren komunak, eta hainbat esperientzia aurkeztu ditut, inspirazio gisa, gaur egun komunen diskurtsoa itzultzen ari baita gizarte mugimendu askoren erdigunera. Era berean, ikuspegi feministatik begiratu diet komunei.

Zer dira komunak?

Komunak gizarte antolaketa eta bizi eredu alternatiboak dira, eta ez dira lehian oinarritzen, baizik eta kooperazioan eta lan kolektiboan. Liburuan komunei lotutako gai batzuk aurkeztu ditut, garrantzitsuak iruditzen zaizkidanak; adibidez, elkarlanean egindako erreprodukzio lanean oinarritutako mundu bat sortzearen garrantzia, edo gizakiok besteekiko eta lurrarekiko ditugun betebeharrak. Modu kolektiboan pentsatu behar dugu bizitzan; kapitalismoak esaten digu modu indibidualean bizi behar dugula, baina indibidualismoak pobretu egiten du bizitza. Bakarrik zaudenean errazago garaitzen zaituzte; zeure bizitza besteenarekin lotuta dagoenean has zaitezke mundua aldatzen.

Feminismoarekin lotutako ideiak aipatu dituzu. Komunek feminista behar dute izan?

Bai, komunek feminismoarekin lotuta egon behar dute, feminismoa delako balioa itzultzea kapitalismoak kendu dion guztiari: zaintzari, egunerokoari, giza harremanei... Bizitzari balioa ematea da; bizitza erdigunean jartzea. Kapitalismoak, aldiz, gerraren logika erabiltzen du, eta egun etengabeko gerra batean bizi gara.

Liburuan hitz egin duzu komunetan gertatzen den zaintza lanen kolektibizatzeaz, eta adibideak jarri dituzu.

Bai, munduko beste toki batzuetako esperientziak bildu ditut; Afrikako eta Latinoamerikako esperientziei buruz hitz egin dut batez ere. Han ongi ulertu dute elkarlana dela bizirik irauteko modu bakarra; ulertu dute norberaren bizitzak besteenaren beharra duela. Hiri baratzeak sortu dituzte, herri jantokiak... Proposatzen duten ekonomia eredu horrekin hobeto erabiltzen dituzte baliabideak, eta bakartzea apurtzen dute. Izan ere, kapitalismoak bakartu egin du emakumea erreprodukzio prozesuan. Komunen proposamenek bermatzen dute erreprodukzioa eta bizirik irautea, eta garrantzitsuak diren komunitate sareak ere sortzen dituzte.

Zaintzaren kolektibizatzeak sexuaren araberako lanaren banaketa desagerrarazten du?

Bai, guztiz. Eta hori garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Izan ere, baliabideak partekatu arren, gaur egun, munduko komunitate gehienek ez dute nahikoa baliabide erreprodukzio lana bermatzeko. Gobernuek eta kapitalak esaten digute soldatapeko lanarekin ematen dizkigutela behar ditugun baliabideak, baina hori ez da egia, soldatapeko lanak ez baitigu inongo segurtasunik ematen. Erreprodukzio lan asko ezin dira konpondu soldatapeko lanarekin. Beraz, borroka egin behar dugu guztion ondasunak berreskuratzeko.

Komunak bizitzaren politizaziorako bidea ere badirela proposatzen duzu.

Bai. Feminismoak proposamen bikain eta iraultzaile bat egin du: pertsonala politikoa da. Komunak ere hori aitortzen du, eta pertsonalaren eta politikoaren dimentsio berri bat proposatzen du, oso iraultzailea: zaintza lan guztiak politizatzea. Izan ere, zaintza lanen inguruko erabakiak hartzea da erabakitzea zer mundu eraiki nahi dugun. Ez da soilik erabakitzea nola kozinatuko dugun edo nola heziko ditugun gure seme-alabak: etorkizunean gure eguneroko bizitza antolatzeko erabili behar ditugun printzipioak erabakitzea da. Hori da bizitza politizatzea. Eta uste dut oso garrantzitsua dela erabaki horiek erabaki kolektiboak izatea.

Horrek guztiak publikoaren eta pribatuaren banaketa apurtuko luke?

Bai, noski. Gaur egun dugun aukera bakarra da publikoa eta pribatua. Baina sistema publikoa askotan pribatuaren beste modu bat da, estatuak kudeatzen duelako, eta nahi duenean pribatizatu egiten duelako; egunero ikusten ditugu espazio publikoak pribatizatuta. Komunak deuseztatu egiten du eredu hori; ezberdina da.

Nola eraman daitezke maila globalera komunek kapitalismoan sortzen dituzten arrakalak?

Arrakala txikiak mundu mailara eramaten dira ikusiz borroka bera ematen ari dela munduko toki askotan. Adibidez, Mexikora bazoaz, ikus dezakezu edozein komunitatetan borroka egiten ari direla komuna defendatzeko. Ez dugu zertan beste tokietako eredurik errepikatu, ezta iraganera itzuli ere; sortu eta defendatu behar ditugun komunek borroka berrien ondorio behar dute izan. Baina, hala ere, ikas dezakegu beste ereduetatik.

Bestalde, memoria kolektiboa lantzearen garrantzia azpimarratu duzu, pairatutako zapalkuntzak ez ahazteko.

Bai, liburuan dezente hitz egin dut gaiaz, oinarrizkoa iruditzen zaidalako. Latinoamerikan, adibidez, oso harreman indartsua dute iraganarekin; esaten dute memoria kolektibo indartsua duten komunitateak direla erresistentziarako gaitasun handiena dutenak. Hemen, berriz, kapitalismoak oso ongi ulertu du iraganarekin harremana izateak ematen dizun indarra, eta asmatu du hori kentzen. Gure iraganeko borrokak oroitarazi eta testuinguruan jar gaitzaketen gauzak eta tokiak suntsitu ditu.

Alde horretatik, zer garrantzi du kulturak?

Kulturak izugarrizko garrantzia du: eguneroko bizitzaren parte da. Erreprodukzio prozesuan sortzen da kultura, egunerokoan erabakiak hartzen ditugunean. Eta kultura ere politikoa da.

Sorgin ehiza eta komunen suntsipena kapitalismoaren sorrerarako oinarrizko elementuak izan zirela proposatzen duzu.

Bai, bi prozesu horiek paraleloak izan ziren. Kapitalismoa komunen suntsipenaren bitartez eraiki zen, lur komunalen pribatizazioarekin, eta soldatapeko erregimen baten menpe egongo zen lan indarra sortuz. Eta aldi berean gertatu zen sorgin ehiza, emakumeen boterearen kontrako eraso bat. Gizarte berri bat ezarri zen, eta legitimatu zen estatuaren boterea emakumeen gorputzaren eta sexualitatearen gainean. Emakumeei boterea eta ahalmena kentzeko une bat izan zen. Zalantzarik gabe, gaur egun jarraitzen dugu horren ondorioak pairatzen, eta larriena da ikasle bakar batek ere ez duela ikasten istorio odoltsu hori.

Berriki Martxoaren 8ko greba izan da, eta, hain zuzen, bizitza politizatzeko eta zaintzei balioa emateko greba bat izan da. Nola bizi izan duzu?

Bizitza erdigunean jartzeko greba bat izan zen, bai eta zapalkuntza guztiei aurre egitekoa ere. Argi ikusi zen olatu feminista berri baten aurrean gaudela, mundu osoko toki askotan. Egun, feminismoa da mugimendurik trebeena gizartearen beharrizanei erantzuteko eta kapitalismoari erresistentzia egiteko. Baina baita gizarte berri batentzat edukiak sortzeko ere, ezin dugulako borroka egin soilik ezkortasunez eta aurkakotasunez. Erresistentziarako ahalmenak beti izan behar du ondoan zerbait berria eraikitzeko gaitasuna, orainalditik abiatuta.

Zure liburuaren izenburua ere baikorra da. Max Weber soziologoaren diskurtsoarekin lotuta dago, ezta?

Bai, Weberren hitzetan, kapitalismoak munduaren lilura desegingo zuen, produkzioarekin lotutako logika bat ezartzen duelako; munduaren ikuspegi suntsitzaile eta burokratiko bat. Eta bera oso ezkorra zen hori aldatzeko aukerekin. Baina ni ez nago ados harekin, bi puntutan: lehenik, kapitalismoak ez du munduaren lilura desegin soilik logika produktibo bat txertatuz, baita ebasten eta hiltzen ere, besteak beste. Gainera, uste dut ezkortasuna ez dela baliagarria. Egun, jende asko ari da borrokan mundua berriz liluratzeko.

Zer da zuretzat mundua liluratzea?

Mundua liluratzea da kapitalismoak zatikatu duena berriz batzea; munduarekin, naturarekin eta beste pertsonekin dugun harremana berreraikitzea. Hori magikoa da niretzat. Ez ikustea bizitza zerbait bakartu gisa, baizik eta besteekin eta mundu naturalarekin bat egiten duen zerbaiten gisa. Buelta eman diot Weberren proposamenari, ordua baita baikortasunerako.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak