1. Zer da liburu bat?
Deleuzek zioen liburua giltza zabalgarria zela, ez zela jakintzarentzako edukiontzi bat. Balio du ala ez du balio. Liburu denda bat lanabes-kaxa bat da. Eraldaketarako tresnez josita dago. Mendiak mugitzeko palankak dauzkagu.

2. Zergatik hainbeste saiakera?
Estilo zuzena dugu gogoko, itzulingururik gabe. Gure liburu dendaren %70 funtsa da. Baina: fikzioak ere ordezkaritza zabala dauka, eremu ezezagun askotarako tresna egokiagoa izan daiteke. Genero bakoitzak mapa bat zabaltzen du, egiaren gurari bat. Horregatik dugu berdin olerkia, antzerkia, argazki liburuak edota komikiak.

3. Zergatik ez dago mugimendu sozialei buruzko sail bat?
Uste dugu borrokekin batera joan behar direla gai bati buruzko azterketak eta ikasketak. Horregatik ez ditugu isolatu nahi izan borrokak, liburu denda guztian barreiatuta daude.

4. Zergatik daude liburu feministak Feminismoa(k) sailetik kanpo?
Generoaren aferek jendarte guztia zeharkatzen dute. Horregatik zeharkatzen dute berdin liburu denda guztia. Sail bakarrean jasotzeak ikusezin egingo lituzke (sail jakin bat ez balute gauza bera gertatuko litzateke). Horregatik, saiakera gehienak Feminismoa(k) sailean daude baina beste batzuk ez. Zinema eta generoari buruzko ikerketa bat nahiago izan dugu Zinema sailean sartu, bere eginkizuna hobeto betetzen duela uste dugu.

5. Zergatik ez dago euskarazko liburuentzako sail bat?
Eremu elebidun batean bizi gara eta ez dugu uste hizkuntzak bereizteak onurak dauzkanik, nahiz eta foru eta udal erakundeek hala egin. Uste dugu hizkuntza normalizatzeko euskarazko testuak sail guztietan egonda daudela ikusgarri (berdin Zientzian, Filosofian, Zineman, Poesian, Europako literaturan, Ekonomian edota Haur literaturan). Ez dira zomorroak, ez dira bereiztu behar.

6. Nola dago ordenatuta narratiba?
Irizpide asko daude narratiba ordenatzeko, horietako bakoitza egiaren zati baten jabe da. Jatorrizko hizkuntza kontuan hartzen duena da gehien gustatzen zaiguna, helburu hizkuntza zein den kontuan hartu gabe. Kontua da, literaturak helmuga unibertsala duela baina beti abiatzen dela unibertso kultural eta linguistiko jakin batetik. Hori da geure narratiba sailen egia txikia, koherentzia txikia.

7. Liburu kaleratu berriak dauzkagu?
Bai noski. Liburu dendak bi zango dauzka, batak huts egiten badu oreka galtzen dugu. Bata funtsa deitzen da eta bestea kaleratu berriek osatzen dute.
Funtsa: sailak zaintzea funtsezkoa da, zentzua izan dezatela, barne koherentzia, liburuak noiz argitaratu diren kontuan hartu gabe. Egon behar direnak egon daitezela, ikuspuntu interesgarriak dituztenak. Ez dugu nahi argitaletxeen publikazio berrienak izango dituen erakusleiho bat. Zerbait gehiago nahi dugu. Eguneroko eztabaida eta elkarrizketen bidez jakintza kolektiboa saretu nahi dugu, “adimendu orokorra” landu marxiarrek dioten bezala. Zentzua duten sailak eta hautaketa basatia egiten dugu.
Kaleratu berriak: argitaratzen dena gertutik jarraitzen dugu, argitaletxe finkatuak eta hasiberriak begiratzen ditugu. Ez ditugu gogoko nobedade zerbitzuak: izan nahi duguna aukeratzen dugu.

8. Salduenen zerrendako liburuak badauzkazue?
Normalki ez.