Listado de artículos

«Clase y diversidad» Lanaren ekonomia blogean (EL SALTO)

LABORAL
Klasea eta aniztasuna

Katrakak argitaletxeak Clase y Diversidad. Sin trampas liburua argitaratu berri du. Zer da klase soziala? Zer da langile izatea? Feminismoa eta langile-borrokak elkarrekin gatazkan egon daitezke ?

JON BERNAT ZUBIRI REY @JONBERNAT | ENDIKA ALABORT AMUNDARAIN @AUTOGESTIOA
2019-06-29

ZER DA KLASE SOZIALA?

Klase soziala zer den zehazki definitzea ez da batere erraza, esanahi ugari plantea daitezkeelako. Eztabaida luzeak piztu ditu horrek. Hasiera batean “gizarte auzia” planteatu zen, 1831tik aurrera orokortu zena. Estatuaren eta burgesiaren ikuspuntua zuen eta pobreziari nola aurre egin aztertu nahi zuen. Gero, I. Internazionala sortu baino pixka bat lehenago, Marxek, Bakuninek eta beste batzuek klase sozial kontzeptua mahaiaren gainean jarri zuten: plebeak eta txiroek ezin zuten beren errealitatea eraldatu (gizarte auzia); proletargoa, aldiz, subjektu historikoa zen, eta hainbat eginkizun esleitzen zitzaizkion. Helburua gizarte burgesari era erradikal batean kontra egitea zen.

"Proletargoa subjektu historikoa zen Marx eta Bakunin eta beste batzuentzat, eta gizarte burgesari era erradikal batean kontra egitea zuen helburu
Hala ere, nahiz eta Marxek Kapitala lanean hiru klase nagusi zehaztu (kapitalistak, lur-jabeak eta langileak), obra berean aipatzen zuen langileria hamaika azpi-klasetan zatitzen zuten hainbat interes eta jarrera zeudela. Hortik aurrera, autore ugariren lana klaseak (eta langileria) definitzea izan da. Askok, langile klasea definitzeko orduan, “produktiboa” den lanean jarduten dutenak bakarrik hartu dituzte kontuan, lan “erreproduktiboa” alde batera utziz, nahiz eta jatorrizko autoreek azken hori funtsezkotzat jo. Hemen piztu zen lehenengo eztabaida: lan kontzeptuaren definizioa zein den, klase soziala definitzeko. Definizio horren arabera, klase sozialean kolektibo batzuk barneratuko ditugu, eta beste batzuk kanpoan utzi. Eztabaida horrek gaur egun ere bizirik dirau.

IRAULTZEN GARAIA

Iraultza gauzatu den bakoitzean, boteretsuen errepresio odoltsua izan da lehen ondorioa. 1848ko Iraultzen eta Parisko Komunaren ostean agerikoa izan zen hori. Baina langileen borroken ondorioz, burgesiak eta Estatuek “gizarte auzia” berreskuratu zuten, gizarte gatazken aurrean Estatuaren erantzun zehatz bilakatu zen arte. Horren ondorioz, XIX. mendearen amaieran langile klasea subjektu moduan onartu zen, eta demokratizazioa eta gizarte erreformak bultzatu ziren, beste elementuen artean. Hala ere, II. Internazionalak klase sozialaren irakurketa ekonomizista bat egin zuen, politika eta proposamenetan islatu zena eta II. Mundu Gerrara arte indarrean iraun zuena.

Emakumeen greba batek eman zien hasiera 1917ko Iraultza Errusiarrei, eta mundu mailako inflexio puntu bat eragin zuen horrek, Europan eskubide sozialak hedatuz. Toni Negri italiar intelektualaren arabera, XX. mendean lanaren mistifikazio eta konstituzionalizazio prozesu bat hasi zen, masa-ekoizpenaren testuinguruan. Lanaren mistifikazioa, iraultzaren mehatxua murrizteko baliatu zen. Lanaren konstituzionalizazioaz langile-klasearen ordezkariei ateak zabaldu zitzaizkien (bai lantegian baita politika munduan); horrela, langileriak duen boterea azpimarratu zen, eta kapitalismoaren garapenean txertatu, masa kontsumoaren bidez.

ONGIZATEAREN ESTATUA... EDO ESTATU SOZIAL ETA NAZIONALA

Bigarren Mundu Gerraren ostean lanaren konstituzionalizazioak izaera politikoa hartu zuen. Garai hartan erakunde ekonomikoetan langileen parte-hartzea eta kontrola zabaltzea instituzionalizatu zen (Demokrazia Industriala deritzoguna), erakunde sindikalak Estatuen tresna bihurtuz. Aldi berean, langile borrokek demokraziaren mugak zabaldu zituzten. Horren guztiaren ondorioz, lantokietan ematen zen indarkeria despotikoa murriztu egin zen.

Ongizate Estatuaren garaian, aldiz, langileria zer zen berdefinitu zen: sistemak, oso zuhurki, langile-klasearen kontzeptutik at utzi zituen emakumeak, gazteak, migratzaileak... Baina kanpoan utzitako agente horiek funtsezko eginkizuna izan zuten 60 eta 70. hamarkadetakoko matxinadetan: Ongizate Estatu Demokratikoa zalantzan jarri zuten, eta krisi politiko sakona sortu. Borroka horiek klase kontzeptua berraurkitu zuten.

Ongizate Estatuak langile mugimendu ofizialaren kontzeptua sortu zuen:

• Klase kontzeptua zerbait aldaezin, ekonomizista eta objektibo bihurtu zuen.

• Bere barne dinamikak, tentsioak, kontraesanak, hustu zituen.

• Langileriaren parte txiki bati bakarrik eman zion hitza, alderdiaren edo sindikatuaren bidez ordeztua izan zitekeena.

68KO MAIATZA

Matxinada global gisa ulertu behar da 68ko Maiatza, 1968 urtea bera gainditzen duena. Gatazkak oso ugariak eta askotarikoak izan ziren bertan: nazio- eta mundu-mailako interesen arteko gatazkak; gazteen matxinada bat “igogailu sozialean” oinarritutako sumisioaren aurka; emakumeek pairatzen zuten errepresio eta askatasun gabezien aurkako altxamendua...
Langile-mugimendu tradizionalaren aurkako matxinada ere bazen, Ezker Berriaren jaiotza zekarrena. Ezker Berri hori marxismo ortodoxoaren aurkako hausnarketen ondorio bat zen, baina bizitzari osoko kritika moduan ere jaio zen. Bazituen bere kontraesanak, hala ere.

Mezzadrak eta Neumannek Alemaniako Errepublika Federalean (GBD) aztertzen dituzte “ahaztutako klaseak”: GBDko langile klasea “alemana” al zen? Langile klase fordistaren osaera multinazionala zen herrialde horretan, eta “gonbidatutako” langile haiek Alemaniako langile mugimendua eta borrokak berrindartu zituzten. 1973ko Petrolioaren 1. krisiarekin batera, langile migratzaileen borroka erreprodukzioaren eremura eraman zen.

INTERSEKZIONALITATEA

Alemaniako Errepublika Federalaren kasuarekin jarraituz, emakume langile migratzaileek malgutasunaren, denbora librearen eta lanaaren eta bizitzaren arteko oreka baten alde egindako borrokek agerian utzi dute emakume, migratzaile eta langile izatearen intersekzionalitatea, eta nola borroka horiek langile guztiontzat onuragarriak diren.

"Ez da nahikoa gainbalioaren ustiapena bakarrik salatzea; lanaren banaketa sexualak duen aginte-egitura ere salatu behar da. Klase zentzua zabaldu behar da
Ez da nahikoa gainbalioaren ustiapena bakarrik salatzea; lanaren banaketa sexualak duen aginte-egitura ere salatu behar da. Klase zentzua zabaldu da, Ongizate Estatuak emandako definizioa gaindituz, baina horrek beste elementu batzuk barneratzea eskatzen du. Hainbat borroka proletariok klase kontzeptu tradizionala gainditu dute, lan erreproduktiboa, menpeko harremanak eta sexua eta etnien arteko harremanak azaleratuz. Horrela, borroka eta politizazio eremu berriak jaio dira, klase soziala eta menpeko subjektuak definitzerako orduan jabego eta ekoizpen harremanak aintzat hartzen dituztenak. Hori bai, heterogeneoa eta zabala da klase sozialaren definizio hori, eta zubiak eraikitzea eskatzen du.

LABURBILDUZ

Lanaren Ekonomian sarritan salatu dugu langilearen eraikuntza modernoa kapitalaren intelektualek egin dutela, beren barnean dauden funtsezko agenteak alde batera utziz (emakumeak, gazteak, migratzaileak). Katakrakek argitaratutako liburu honek ikuspuntu historiko batetik “buzo urdinez jantzitako langile industrialaren” irudia aztertzen du, era kritiko batean.

Bestetik, kapitalismoak bultzatutako sasi-intelektual postmodernoen planteamenduei buelta emateko baliagarria da. “Gizartea ez da existitzen, norbanakoa baizik”; “gaur egun langileak gainbeheran daude, ekintzaileak dira etorkizuna” eta gisako adierazpenen aurrean argudioak eskaintzen ditu horrela.

“Gizartea ez da existitzen, norbanakoa baizik”; “gaur egun langileak gainbeheran daude, ekintzaileak dira etorkizuna” eta gisako adierazpen posmodernoen aurka borrokatu behar ditugu



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema