Listado de artículos

Iruzkina «Funtzionarioak esan zuen» liburuari

Iruñeko topaketen baitan argitaratu zuten 2024 amaieran Herta MüllerrenFuntzionarioak esan zuen (Baluarte Fundazioa, Tresmolins argitaletxea).

Liburuaren izenburuak arreta deitzeagatik eta ausaz zabaldutako orrialdean aurkitutako collageek eraman ninduten irakurtzera. Hori baita liburuaren funtsa: hilabete luzez, aldizkari, egunkari zein propaganda afixa anitzetatik jasotako ebakinekin osatutako poema-collageak ala collage-poemak. Hain zuzen ere, elkarrekin zentzua irabazten duten bi diziplinen aurrean gaude: ekoizpen artistikoa eta ariketa literarioa. Aldi berean nahi ez bada ere, biek eskaintzen dute lilurarako aukera. Izan ere, alemanez ageri dira hitzak, alboan, kontatzen denarekin zeharo lotuta dagoen eta collage bilakatutako irudi multzoarekin batera. Hitzen esanahia ulertu gabe ere, ebakinak behatzea, ariketa gozagarria suertatzen da: koloreak, grafia digitalaren letra tipoak edota hitz berdinarekin ageri diren ebakinak.

Edonola ere, poema liburu baten aurrea gaude eta, aldi berean arte-plastikoen lan bat da (itxura), narratibakoa (forma) eta gertakari historiko zein politikoak jasotzen ditu (edukia).

Mülerren poemen segidek istorio bat osatzen dute: harrera herrialde batera iritsi den emakume baten bizipenen jarraipena. Gerra Hotzaren garaian, Errumaniako Errepublika Sozialistatik alde egin eta Mendebaldeko Alemaniara laurogeigarren hamarkadan iritsi zen Herta. Errumaniako Nytzkydorf herrian jaiotako Banatoko Suabarren aleman-hiztun gutxiengoaren alaba da Herta, aita kamiolari baina Waffen-SS talde naziaren partaide eta ama Sobietar Batasunean GULAG-etan lan egindakoa.

Irakurleak ezaugarri partikular argiak dituzten pertsonaiak ezagutuko ditu: maleta bidaltzen dion ama, Alaiki jauna, argizari sudurreko emakumea, emakume moñoduna, makillaje oparoko emakumea, eta batez ere, funtzionarioa.

Gertaeren eszenatokiak arrotza eta ohikoaren artean gauzatzen dira. Agertuko dira plaza, kafetegia, trena, parkea. Baina era berean, harrera esparrurako bidea, A zein B kontrolguneak, zuzendari bulegoa.

Jabetu orduko, harridura markak eta puntuazioa gehituko diegu hitzen segidei, honakorik agertzen ez bada ere. Entzunen dugu iheskorra den andre errusiarraren ahotsa. Irudikatu zigorra, jazarpena, traizioa edota zelatari lana.

Historiaren istorio den bizitza baten kronika pertsonala aurki daiteke Funtzionarioak esan zuen liburuan. Herriminaren berezko nostalgia eta oinazea nagusitzen bada ere, balio dezake totalitarismoaz, gerraz, diktaduraz, populismoaz, indibidualismoaz eta beste hainbat hitzen esanahia historiko zein politikoaz jabetzeko.

Samira Calvo



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema