«Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria» GARAn

2020/06/07
KULTURA
ERREPORTAJEA

KAPITALISMOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA ETA SORGIN EHIZAK

Silvia Federiciren azken laneko lehen zatiak XV. eta XVIII. mendeen arteko Europako sorgin ehizez dihardu; bigarrenean, berriz, gaur egun mundu mailan gertatzen diren sorgin ehizak aztertzen ditu jatorriz italiarra den unibertsitate irakasle eta militante feministak.
PATXI GAZTELUMENDI

Silvia Federicik lau liburu ditu euskarara ekarriak. Amaia Astobizak horietatik hiru itzuli ditu: “Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak” (Katakrak, 2017), “Mundua berriz liluratuz. Feminismoa eta komunen politika” (Katakrak, 2019) eta “Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria. Iraganeko eta gaur egungo sorgin-ehizak” (Katakrak, 2020). Azken horretaz hitz egiteko, konfinamendu-garaian biekin solastatu gara, autorearekin eta itzultzailearekin.

Argitaratu duen azken liburua idazten hasi zenean, “Caliban eta sorgina” (Jakin-Elkar, 2017) testuaren bertsio labur eta irakurterraz bat egitea zen bere asmoa, ez besterik. Baina, horretan ari zela, beste fenomeno baten berri izan zuen; alegia, gaur egun munduko hainbat tokitan gertatzen diren sorgin ehizena, eta ezinbestekoa iruditu zitzaion ikerketa ildo horri heltzea. «Gaur egun ere milaka emakume hiltzen dituzte sorginkeriaren aitzakian. Kenyan, Hegoafrikan, Indian… kasu asko daude oraindik. Afera hau ez da soilik XVII. eta XVIII. mendeetakoa, gaur ere jarraitzen du, eta ordukoaren eta oraingoaren arteko lotura zehazten saiatu naiz», adierazi du. «Lurraren pribatizazioak, globalizazioak, meatzaritzak… oraindik ere zuzen-zuzenean eragiten diote emakumeen zapalkuntzari. Garai batean lur komunalak zirenak erabat pribatizatuta daude orain, eta testuinguru horretan gertatzen ari dira emakumeen kontrako sorginkeria-salaketak. Azken finean, emakumeek gero eta autonomia handiagoa aldarrikatzen dute, eta, bide horretan, gizonek eragotzi egin nahi diete lurra lantzeko eskubidea. Eguneroko jana eskuratzeko eta bizibidea ateratzeko aukera ematen dien lur zati bat duten emakumeei esaten diete ez dutela horretarako eskubiderik. Sarritan inguruetako nagusiek –gizonak beti–, nekazaritza-elikagaien industriaren edo meatzaritza-konpainien laguntzarekin, emakume horien kontrako erasoak egiten dituzte».

«Baina sakonean badago ere sekta kristau berrien parte-hartzea, zeinak iritsi baitira globalizazioaren eta Munduko Bankuaren eskutik. Misiolariak dira konkistatzaile berriak, eta bizitzaren indibidualizazioaren aldeko kanpaina gogor bat egiten ari dira, ohitura komunitarioak alboratuz», gaineratu du Federicik.

Hizkuntzalaria den aldetik, Amaia Astobizari atentzioa eman dio gaur egun ere sorgin ehizaren kontzeptua eta terminoa bera erabiltzeak, «horrek are gehiago nabarmentzen du gaur egungo sorgin ehizen azpian garai batekoen arrazoi edo kausa berak daudela». Federicik gogora ekarri nahi izan du Vatikanoan Aita Santuak oraindik ere ikastaroak ematen dizkiela Afrikako abadeei, «exorzismoaren bidez deabrua kaleratzeko». «Alferrik pasa dira lau mende», bota dio Amaia Astobiza itzultzaileak. Afrikako leku batzuetan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, adibidez, «umeak ere zaku berean sartu dituzte», Federiciren ustez; «ume errebeldeak deabruak hartuta daudela uste dute fedearen kudeatzaile bihurtu diren konkistatzaile berriek», gaineratu du.

Emakumeen gorputza

Liburuan, Federicik aipatzen du kapitalak suntsitu egiten duela kontrolatu ezin duen guztia, eta, gune kontrolaezin horien guztien artean, berak emakumeen gorputzei erreparatu die bereziki. «Ugalketaren esparruan ere eraso berriak ditugu; abortu-eskubidearekin, adibidez». Federiciren esanetan, gai hauek pil-pilean daude Ameriketako Estatu Batuetan, eta oso modu dramatikoan bizitzen ari dira; eskuin muturra kanpaina handi bat egiten ari da, eta kaltetuenak «emakume beltzak, etorkinak eta pobreak dira, baliabiderik ez duten emakume proletarioak». Azaldu duenez, «haurdunaldia kriminalizatzen ari dira. Zenbait estatutan lege berriak ezarri dituzte, emakumeei eskubideak kendu eta fetuei pertsonen eskubideak emateko». Astobiza ikarak hartu du pantailaz bestaldean: «Zer ari zara esaten, enbrioi eta fetu horiek pertsona gisa ager daitezkeela epaiketetan, beren ordezkarien bidez?». «Bai –erantzun dio Federicik–, enbrioiak eta fetuak pertsonen eskubide berberekin tratatzen ari dira hainbat estatutan, harrigarria badirudi ere. Hau da, zelula multzo bat baliatzen ari dira emakumeen kontrako auzibideetan. Emakumea, kasu horretan, eskubide horiek guztiak dituzten zelula multzo batzuen edukiontzia besterik ez da, bizitza ugaltzeko ontzi bat besterik ez». «Hau guztia iruzur handi bat da, zeinaren helburu bakarra baita emakumeen gorputza kontrolatzea, eta horren adibide argiena da fetuek, jaiotzean, amaren gorputzetik irtetean, eskubide guztiak galtzen dituztela; Estatuak, beste behin ere, emakumearen gorputza kontrolatu nahi du, ez besterik».

Amaia Astobiza itzultzaileak aipatu dio Angela Davisen “Emakumeak, kultura eta politika” irakurtzen ari dela, hori ere Katakrakek argitaratua, eta liburu horretan oraindik ere ebatzi gabe dauden auzi batzuk agertzen direla. «1983an idatzitako liburua da», esan du Astobizak, «eta gai hauek orduan ere aipatzen ziren. Angela Davisek zalantza egiten zuen ea kezka hauek guztiak konponduta egongo ote ziren XXI. menderako, eta argi dago ezetz. Adibidez, amatasun subrogatua aipatzen du; kontzeptu gisa kontu berria zela uste nuen nik, hau da, teknika erreproduktibo arautu gisa, baina bistan da ezetz, ez dela berri-berria». Silvia Federecik arrazoia eman dio. «Amatasun subrogatua ez da amatasun erreal bat. Emakumeen gorputza umeak sortzeko gune gisa ulertzen da, kontrolatu beharreko tresna gisa; dela ugalketarako eta ekoizpenerako, edo, kontrakoa dena, umerik ez sortzeko». «Angela Davisek ondo azaldu bezala, subrogazioa esklabotza mota bat da. Estatu Batuen hegoaldean, Virginian adibidez, haurrak sortzera behartu zituzten milaka emakume, zeinak esklabo izateko eta esklaboen merkatuan salduak izateko jaiotzen baitziren, esklaboen produkzio-sistema hura esklaboak Afrikatik ekartzea baino merkeagoa zelako». Federicik gogora ekarri duenez, «oinazea eta mina baino sortu ez zuen praktika izan zen, eta emakume askok hil egiten zituzten beren haur jaioberriak, esklabo izan ez zitezen eta gehiago sufri ez zezaten». Afrikan ikasitako metodo antikontzeptiboak ere baliatzen omen zituzten bortxaz haurdun ez geratzeko.

Zugarramurdin

Euskal Herriko jazarpena, Pierre de Lancre magistratu frantsesak 1609an sustatua, «oso enblematikoa da» Federicirentzat. «Nire ustez, emakume guztiek irakurri behar lukete ‘Euskal sorginkeriaren tratatua’, paradigmatikoa da-eta. Lancre Frantziako erregeak bidalita iritsi zen Lapurdira, eta zera esan zuen: ‘Emakume hauek guztiak sorginak dira’. Zergatik? Ez dute burua estaltzen eta oso liberalak dira, eta, gainera, gizonak etxetik kanpora arrantzan egoten dira urteko hilabete luzeetan, eta, denbora horretan, emakumeek egiten dute dena».

Federicik 2017an izan zuen Zugarramurdikoaren berri, eta aurkikuntza garrantzitsua izan zen beretzat, «ez bainuen sekula pentsatuko sorgin ehizen kontura komertzioa garatu ahal izango zenik». Baina ohartu zen Europari dagokionez behintzat sorgin ehizak gertatu ziren toki guztietan dagoela turismo mota hori, saldu egiten duelako. «Espainiaren eta Frantziaren arteko mugako saltokietan, adibidez, sorgin itxurako panpinak saltzen dituzte 20 euroan; panpina zatarrak, magistratuek eraikitako irudia errepikatzen dutenak, erratzarekin eta irribarre sataniko horrekin», ekarri du gogora Federicik. «Benetan da bortitza ikustea nola irteten diren familiak denda horietatik, neskatoa poz-pozik bere sorgintxoarekin; ernegu handia ematen du, jakinda zenbat odol isuri zen, zenbat sufrimendu egon zen hor atzean, zenbat injustizia. Horregatik erabaki genuen sorginen historia berreskuratzeko ekimen bat abiatzea, sorginei eta sorgin ehizei buruzko kontzientzia berri bat eraikitzeko».

Bestalde, arriskutsua iruditzen zaio sorginaren idealizazioa. «Uste dut kontu handia izan behar dugula. Probokazio sozialerako oso inportantea da esatea guztiok garela sorginak, guztiok garela erre ez zituzten sorginen bilobak. Baina, beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar sorgintzat salatu zituzten emakume haiek ez zirela bereziak, zu eta ni bezalakoak zirela, garai hartako pertsona arruntak. Eta kontuan hartu behar dugu orobat prozesu hark izan zuen dimentsio historikoa». Gogoeta horrekin bukatu dugu ordubeteko elkarrizketa emankorra.

Libro: