«El algoritmo paternalista» en la SER
Miércoles 04 de Diciembre
Jakin aldizkariaren azken alean, 224.eko Glokalia atalean, Ignazio Aiestaranek Karl Marx eta Silvia Federiciri xehetasunez jositako iruzkin bat egin die. Artikuluaren lehen atala berriki argitaratutako Caliban eta sorginari egiten dio (Eskafandra-Elkar 2017), azken herenean Soldataren patriarkatuari (Katakrak 2017) buruz jarduten du. Atal hori kopiatu dugu hemen. Salbuespena ere, paperezko edizioan aurkituko duzu Eleanor Marxi omenaldi bat.
Halaber, 2017an Continental Thought & Theory aldizkarian karrikaratutako ‘Notes on Gender in Marx’s Capital’ artikuluan (euskaraz: ‘Generoari buruzko oharrak Marx-en Kapitalan’, in Silvia Federici, Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak, Katakrak, Iruñea, 2017; aurrerantzean, SP), artikulu horretan, alegia, agerian daukagu Federicik ez duela balioaren teoria marxiarrean sakondu, adibidez, Alfred Marshall eta Karl Marx maila berean jarri dituenean (SP, 84), edo artikulu berean oin-ohar batean Piero Sraffa aipatu duenean (Sraffaren erreferentzia-oharra ez da euskarazko bertsioan agertzen; bai, aldiz, ingelesezko jatorrizkoan). Sraffa erabili du hurrengoa adierazteko: «Langileek –Marxek hala irudikatzen du– soldata erabiltzen dute bizitzarako behar dituzten gauzak erosteko, eta behar horiek kontsumituz beren burua erreproduzitzen dute» (SP, 85). Karl Marxek ez zuen halakorik adierazi, ez nehon, ez nehoiz. Zentzurik gabeko korapilo ederra da, salgaien kontsumoa
eta salgaien balioa nahastuz. Federicik buruan daukana Sraffaren Production of Commodities by Means of Commodities (Salgaiek ekoiztutako salgai-ekoizpena edo Salgaien bidezko salgai-ekoizpena) liburua da, baina gaizki asimilatua. Horretan ere Federiciren teoria ekonomikoa ez da marko neoklasiko edo neoricardianotik askatu, korronte horiekiko aldaketa marxiarra ulertzeke.
Karl Marx desitxuratzeko eta zikintzeko asmoz, Silvia Federicik askotan aipamen historikoak manipulatzen ditu. Gogo horretarako, «prostituzioa» hartzen du aitzakiatzat. Kasu baterako, honakoa:
Prostitutei langile-izaera ukatzen die, eta emakumeen doilorkeriaren adibide hutsera zokoratzen ditu, «soberako biztanleen geruzarik beherenekotzat» irudikaturik, «lumpen proletariotza» hura (Silvia Federici, SP, 86 –ikus., orobat, SP, 112–).
Eta halakoa sostengatzeko asmoz, Marxen Louis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia lanari erreparatzen dio. Goazen aztertzera zer dioen Marxek benetan. Liburu horren azken atalean Marxek prostituzioa gogora ekartzen duenean, zentzu zehatz batetik eta testuinguru zuzen batetik egiten du. Napoleon III.aren kodearen menpe, zergak, bahiturak edo enbargoak, enkanteak eta bortxazko esleipenak gailendu ziren, eta biztanleriaren masak miseria gorrian geratu ziren. Multzo pobre horretan, zifra ofizialen arabera, lau milioi biztanle aurkitzen ziren, «haurrak» ere bai, diosku Karl Marxek: lau milioi pauvre, prostituta, eskale eta baliabiderik gabeko delitugile, eta bost milioi gehiago –nekazariak gehienak– pobreziaren amildegiaren ertzean. Beraz, prostituzioa ez zen lan arrunta, baizik eta esplotaziorik handienetako bat, kale gorrian egoten ziren emakumeen azken baliabidea (eta Marxen testua irakurriz, ziurki «haurrak» ere egoten ziren esplotazio-kategoria horretan). Eta halaxe tratatzen du Karl Marxek. Osterantzean, berak gogor kritikatu zuen prostituzioaren esplotazioa. Gogora dezagun zer zioen Manifestu Komunista-n:
Zertan bermatzen da gaurko familia burgesa? Kapitalaren gainean, lukuru pribatuaren gainean. Burgesiarentzat bakarrik existitzen da hura erabat garatua; baina proletarioen familia-gabezia
behartuan eta prostituzio agerikoan bakarrik aurkitzen du bere osagarria.
[...]
Gure burgesek, aski ez dutelarik beren eskura edukitzeaz beren proletarioen emakumeak eta seme-alabak, prostituzio ofizialaz ez hitz egitearren, egundoko atsegina sentitzen dute elkarren emazteak seduzitzen (Karl Marx, IH, 256-257).
Eta Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak testuaren barruan, hirugarren eskuizkribuan, ‘Jabetza pribatua eta komunismoa’ izenburuko atalean, hauexek dira Marxen hitzak:
Prostituzioa adierazpen partikular bat besterik ez da langilearen prostituzio orokorrarena, eta prostituzioa harreman bat denez gero, zeinak hartzen baitu bere baitan ez bakarrik prostituitua baizik baita prostituitzailea ere –zeinaren doilortasuna oraindik handiagoa baita– horrela kapitalista, etab., kategoria horretan sartzen da (Karl Marx, IH, 429).
Marxen burutazioak Federicik islatu dituenak ez izateaz gain, beste ikasbide inportante bat daukagu: lumpen-proletalgo edo lumpenarena. Federicik Marxi leporatutako mespretxuzko iritzia ez da zuzena. Political Prisoners, Prisons and Black Liberation (Preso politikoak, presondegiak eta askapen beltza) saioan, Angela Davis ekintzaile eta filosofoak halaxe bereizi zituen lumpenaren lekua eta garrantzia Marxen lanean Parisko Komunaren ildotik:
Lumpenproletarioen izaera desklasatua gogoan, Marxek adierazi du haiek gai direla «ekintza heroikoenak eta sakrifizio gorenak egiteko, baita bidelapurreriarik makurrena eta ustelkeria zikinena egiteko ere». Berak nabarmendu zuen Parisko Komunean behin-behineko gobernuaren guardia higikorrak –24.000 inguruko tropa– hamabost urtetik hogei urtera doan adin-tarteko lumpenproletarioak izan zirela gehienbat. Marxista gehiegik Marxen oharpenaren bigarren zatiari garrantzi gehiegi emateko joera izan du –lumpenproletalgoa bidelapurreria makurrena eta ustelkeria zikinena egiteko gai dela gainbaloratuz–, bere lehenengo zatia, ekintza heroikoengatik eta sakrifizio gorenengatik lumpena txalotzen duen zatia, gutxietsi edo erabat ahaztu duten bitartean.
Jakina, Federicik ez ditu Angela Davisen hitz horiek irakurri. Davisen berbak funtsezkoak dira beste ikuspuntu baterako: Parisko Komunaren garrantzia Marxen pentsaeran. Angela Davis bezalako beste emakumezko ekintzaile eta filosofo batek, Raya Dunayevskayak, ikertu zuen zer eragin-mota izan zuen Parisko Komunak Kapitala-n (ikus. Raya Dunayevskaya, Marxism and Freedom. From 1776 Until Today, seigarren atala, eta Rosa Luxemburg, Women’s Liberation, and Marx’s Philosophy of Revolution, hamargarren kapitulua). Berak landu zuen nola aldatu zuen Marxek Kapitala-ren testua frantsesezko bertsiorako, 1875eko edizioan, Parisko Komunaren gertakizunak buruan. Salgaien fetitxismoari buruzko azterketa sakontzera iritsiko zen Marx, Komunaren demokrazia proletarioa ikusi ondoren. Garbiago ikusi zuen salgaien fetitxismoa balioan zetzala, eta izugarrizko kooperazio komunaren bidezko elkarketa askea posiblea zela, despotismo kapitalistaren ekoizpenetik at. Lana eta ekintza balio-produkziotik askatzea posible zela behatu zuen, eta hala irudikatu zuen Frantziako edizioan. Dunayevskayaren ildoari jarraituz gero, ondorio nabarmengarri bat atera dezakegu. Kapitala-n, industriagintza aztertzeaz gain, 1875eko ediziorako aldaketekin, Marxek irudikatutakoa Parisko Komunaren ahalegina eta eredua da. Horrela aurkeztuta, Silvia Federiciren zenbait eragozpen lurrera botatzen dira. Kapitala-ri buruzko hurrengo objekzioak izkiriatu ditu Federicik:
Produkzio-eremuari lotutako generoaren auzia azaltzean, Marxek ez du aztertzen etxeko lanak desagertzeko zorian egoteak harreman kapitalistaren hedapenari komunitate proletarioan eragindako krisia (SP, 78).
Generoari buruzko kontuak bazterrean geratzen dira Kapitalan (SP, 78).
Zergatik ez zuen ezer esan Marxek etxeko lanei buruz? Ez zuelako ikusten indar sozialik etxeko lanak iraultzaren barruan kokatzeko gai izango zenik? (SP, 90).
Davisen eta Dunayevskayaren oharpenak aintzat hartzen baditugu, Federiciren adierazpen eta galderak baliogabetzen dira. Agian arazoa da Federicik Kapitala-n eta historian emakumeei eman dien lekua estuegia dela. Apika problema da Kapitala-ren garaiko iraultza, Parisko Komuna, emakume eta gizonek, lumpen eta proletarioek sortua, kontuan hartu ez izana. Akaso auzia da Federicik ez den lekuan begiratu duela. Kapitala eta Parisko Komuna lotzen baditugu, salgaien fetitxismoaren aurkako balioaren teoria eta kooperazio komun askatzailea elkarrekin aztertzen baditugu Dunayevskayaren irizpidearen eskutik, eragozpen anitz desagertzen dira. Agian ez dago etxeko lanei buruzko hainbesteko hausnarketarik, lantegiaren eta merkatuaren ekoizpena aztertu eta kritikatu ondoren, Kapitala-ren garaian Marxek gogoan izandako eredua emakume eta gizon askatuen Parisko Komuna izan zelako. Batzuetan Federici hain lanpetuta eta hain lotuta dago bere iraganeko operaismo edo langilerismoari, makina eta lana aztertuz, ezen ez baitu bide gehiagorik ikusten, Marxen balio osoa ezabatu ostean.
Kapitala idazlanaren balioa gaizki ulertzeaz gain, Federici gezurretan ari da Marxi arrazismo-mota bat leporatu nahi dionean, hurrengo paragrafoan bezala:
Antzeko zerbait gertatzen da arrazarekin Marxen lanean. Marxek onartzen zuenez, «azal zuriak egindako lana ezingo da emantzipatu azal beltzak egindako lana laidoztatua den bitartean» (Marx, Kapitala); halere, ez zuen askorik aztertu ez esklabo-lana ez arrazakeriaren erabilera, biak ala biak esplotazio-eredu gogorragoak ezarri eta naturalizatzeko bide gisa erabiliak. Horrenbestez, Marxen lanak ezin zuen zalantzan jarri mugimendu sozialistan nagusi zen irudipena, alegia, gizonezko langile zuri soldatapekoaren interesak langile-klase guztiaren interesak ordezkatzen zituela; gaizki-ulertu horren ondorioz, kolonien aurkako XX. mendeko borrokalariek ondorioztatu zuten marxismoak ez zeukala zerikusirik beren borrokarekin (SP, 91).
Garbi dago zein den Federiciren helburu estrategikoa: fede txarrez Karl Marxi (eta marxismoari) «gizonezko langile zuri» baten aldeko ideologia leporatzea. Halako akusazioa ez da egia, ez mugimendu sozialistaren historiaren aldetik, ez Karl Marxen logikatik. Hasteko, Karl Marxek esklabotza salatu zuen Kapitala liburutik hartutako esaldian: «azal zuriak egindako lana ezingo da emantzipatu azal beltzak egindako lana laidoztatua den bitartean» (Karl Marx, Kapitala). Eta liburu horretan ere halaxe diosku Marxek:
Amerikan urrea eta zilarra aurkitzea, [Amerikako] aborigenak sarraskitzea, esklabo egitea eta meategietan hobiratzea, Ekialdeko Indiak konkistatzen eta harrapatzen hastea, Afrika azal beltzak ehizatu eta merkaturatzeko barruti bihurtzea [...] horiek guztiak funtsezko faktoreak dira metatze primitiborako (Karl Marx, Kapitala, I. liburukia). Badakizue zer den bitxiena Kapitala-ren azken aipamen horrekin? Bada, Silvia Federicik Caliban eta sorgina lanean erabili izana (ikus. CS, 109).
Bat-batean, Caliban eta sorgina-n erabilitako Marxen aipua orain desagerrarazi du apropos, eta dena Karl Marxen inguruan lastozko txorimalo (arrazista) bat fabrikatu nahi duelako. Halaber, Federicik ez du Raya Dunayevskaya irakurri. Azken horrek erakutsi digu Kapitala-n Karl Marxek egun-lanaldiaren iraupena sakondu eta landu zuela Amerikako Estatu Batuetako Gerra Zibilari esker (ikus. Raya Dunayevskaya, Marxism and Freedom. From 1776 Until Today, bosgarren atala).
Bide batez, Federicik ez du aipatzen Estatu Batuetako esklabotzaren aurka Karl Marxek eta garaiko langile-mugimendu sozialistak eginiko lana. 1865eko urtarrilaren 28an Abraham Lincoln presidente estatubatuarrari Langileen Nazioarteko Elkartearen izenean gutun bat bidali zioten, Karl Marxek idatzi eta askoren artean sinatu zutena. Langileen Nazioarteko Elkarteak gogor salatu eta ezbairik gabe kritikatu zuen esklabotza. Halaxe zioen gutun horren hasierak: Amerikako herria zoriontzen dugu gehiengo handiz zu berriro hautatua izateagatik. Zure lehenengo hautapenean hitz gordea Botere Esklabistaren aurkako erresistentzia baldin bazen, zure berrautapenaren gerra-deiadar irabazlea «Akatu Esklabotza!» da. Borroka amerikar titanikoa hasi zenetik instintiboki Europako langileek sentitu zuten bandera izardunak beraien klasearen patua burutzen zuela.
Dokumentu ofizial horretan Amerikako langileen eta Europakoen arteko batasuna aldarrikatzen zen, eta horretarako esklabotza desagerraraztea eskatzen zen. Ildo horretatik, gutun horren bukaera honakoa izan zen: Europako langileek ziur deritzote, klase ertainaren igoaldian Independentziarako Gerra Amerikarrak garai berria hasi zuen bezala, Esklabotzaren Aurkako Gerra Amerikarrak langile-klaseen igoaldiaren garai berria sortuko duela. Etorriko den garaiko gurari sutsutzat jotzen dute Abraham Lincoln laguna, langile-klasearen buru argi-argiko semea, aukeratu izana, arraza kateatu bat erreskatatzeko borroka paregabearen bidez eta mundu sozial baten berreraikuntzaren bidez bere herria gida dezan. Beraz, esklabotzaren aurkako jarrera ukaezina da. Era berean eta eztabaidarik gabe, leku ezberdinetan Marxek klaseen agerpenean eta moldatzean kolonizazioak kausatutako metaketa eta kolonizazioaren eragina azalarazi zituen, mundu-merkatu globalaren lehenengo hastapenetan kapitalismoaren menpe. Honakoa Ideologia alemaniarra lanetik hartutako lagina baizik ez da:
Manufakturak eta, oro har, produkzioaren mugimenduak gehitze eskerga izan zuten komertzioaren hedatzeari esker Amerika aurkitzearen eta Ekialdeko Indietarako itsas bidea irekitzearen ondorioz. Lurralde horietatik inportaturiko produktu berriek, eta batez ere zirkulaziora jaurtiriko urre- eta zilar-masek, erabat aldarazi zuten klase batzuen posizioa beste batzuekiko, eta aldi berean menturazaleen espedizioek, kolonizazioak eta, batez ere, merkatuak mundu-merkaturantz hedatzeak, zeina orain ahalgarri bihurtu baitzen eta egunean-egunean egikarituz baitzihoan, garapen historikoaren aldi berri bati hasiera eman zioten, zeina oro har ez baitugu tratatuko hemen. Berriki aurkituriko herrialdeen kolonizazioa pizgarri berria gertatu zen nazioen arteko merkataritza-borrokarako, eta horrek, beraz, hedapen handiagoa eta garatze handiago eman zion (Karl Marx, IH, 215)
Hori guztia dela eta, Karl Marxen aurka ‘Generoari buruzko oharrak Marx-en Kapitalan’ testuan Federicik aurkeztu dituen eragozpenak ulertezinak dira, nahi duenean bera historialari eta saiogile ona baita. Kasu batzuetan baliorik gabeko soflamak besterik ez dirudite.
Ignazio Aiestaran, Jakin 224, 97-112 or.