Salgaien zerrenda

Ana de Miguel NAFARROAKO HITZAn

«DESOREKEK LEGITIMATUTA EGON BEHAR DUTE BETI»

26 maiatza, 2017
Kattalin Barber

Gaur egungo gizarteetan berdintasuna eta askatasuna saltzen direla baina egiazki ez dagoela halakorik uste du Ana de Miguel filosofoak (Santander, Espainia, 1961). Gizonen eta emakumeen arteko desorekak aztertu ditu Neoliberalismo sexual. El mito de la libre elección izenburuko liburuan, eta Iruñean izan da berriki, lan hori aurkezten, MIRaN foroak gonbidatuta.

Zergatik esaten duzu mito bat baino ez dela aukeratzeko askatasuna?

Gurearen gisako gizarte demokratikoetan, askatasuna eta berdintasuna balioak dira. Horregatik, desorekek legitimatuta egon behar dute beti. Pertsonek, modu batean edo bestean, onartu egin behar dituzte desoreka horiek. Gaur egun, hautu libreak esan nahi du edozein jardueratan eta edozein harremanetan, desorekatua izan arren, norberak libreki aukeratzeko eskubidea duela: edo hartu, edo utzi. Mundu desorekatu honetako harremanak legitimatzeko erabiltzen dugu hautu librea, hain zuzen ere.

Liburuan diozu berdintasuna saltzen digutela baina, egiazki, ez dugula ez berdintasunik, ezta askatasunik ere. Nola gertatzen da hori?

Askatasunaren ideia saltzen digute, baina askatasuna dugu merkatu bateko produktuak libreki aukeratzeko bakarrik. Ez besterik. Metafora bat baliatuko dut hori azaltzeko: seguruenik, gaur egun ez dago inor Iruñean esanen duena bere seme-alabak desberdin hezi dituela. Guztiek esaten dute berdintasunean hezi dituztela beren haurrak. Hori horrela izanik, nolatan gertatzen da semeek erabakitzen dutela futbolean aritzea, eta alabek, berriz, panpinekin jolastea? Hautu librea al da hori? Guraso askok jarraitzen dute alabei jaio berritan belarrietan zuloak egiten, eta handik urte batzuetara harrituta esaten dute ez dakitela zergatik gustatzen zaizkion hainbeste belarritakoak alabari. Haiek eraiki dute horrela beren alaba, hain justu, zuloak genero marka baitira! Baina ez dira horretaz ohartzen; halako portaerak naturaltzat dituzte, eta eutsi egiten diete.

Berariaz neskentzat edo mutilentzat sortutako ipuinak, telesailak eta gisakoak ugaritu dira. Erabat baldintzatzen dute heziketa?

Bai, eta ez hori bakarrik. Neska asko ohitzen dira bizitzaren esparru askotan ez egotera, eta azkenean, normaltzat hartzen dute egoera hori. Bai politikan, bai kulturan eta bai aisialdian gertatzen da hori. Egunero albistegietan minutu asko hartzen ditu futbolak, adibidez, eta mutiko gehienei kirola gustatzen zaie. Baina zer ikusten dute neskek albistegietan? Emakumeak ez dira ageri, ez daude. Ez dituzte ikusten.

Berdintasunean heztea aipatu duzu lehen. Nola lor daiteke, beraz?

Oso zaila da hori lortzea, egia esan. Neska arrosak eta mutil urdinak sortzeko produktuak nabarmen areagotu dira azken urteetan. Jada ez dago borragomarik, adibidez. Orain, borragoma urdinak daude, eta borragoma arrosak. Eta gauza bera gertatzen da beste hamaika jostailurekin. Gizon edo emakume bihurtu ordez, nahi duten izaera eta ezaugarriak garatzen utzi behar diegu haurrei. Horregatik, hori lortu ahal izateko, aukera bakarra irakasleen eta gurasoen kontzientzia kritikoa lantzea da.

Hautu librea ez da hain librea, finean?

Ez dut uste 15 zentimetroko takoiak eramatea nesken hautu librea denik. Kontua da askatasuna lotzen dugula, alde batetik, askatasun sexualarekin, eta, bestetik, janzteko eta kontsumitzeko askatasunarekin. Zergatik ez dugu lotzen askatasuna, ordea, bakoitzaren garapen pertsonalarekin edota norbanakoaren autonomiarekin? Orain esaten digute askeak eta berdinak garela, eta horregatik, hain zuzen, gure gorputza saldu dezakegula.

Neoliberalismo sexuala neoliberalismo ekonomikoaren legitimazio iturri bilakatu da, beraz, zure ustez?

Bai. Berriro ere aztertu behar ditugu kontzeptu asko, nire ustez; sexualitatea ere berraztertu beharko genuke. Iraultza sexualaz hitz egiten dugu, baina ez ote da izan iraultza sexual patriarkal bat? Sexua ona da, sexua askatasuna da, eta hortik eraiki dugu guztia. Horregatik, orain sexua merkantilizatu egin da, eta, modu berean, gorputza ere bai. Gorputzari mugarik ez jartzea larria dela uste dut. Dena saltzen eta erosten ahal da. Badirudi gauza bera dela gorputza saltzea, altzairuak saltzea edo ideiak saltzea. Arazoa da beren gorputza besterik ez duten pertsonek, bizi garen mundu desorekatu honetan, ez dutela beste aukerarik, ez dutela beste biderik, eta haien gorputza salduko dutela azkenean.

Prostituzioa eta haurdunaldi subrogatua sakon eztabaidatzen ari dira mugimendu feministan. Zein da zure iritzia auzi horien inguruan?

Uste dut asko pentsatu eta eztabaidatu behar dugula jarrera eta erabaki bat hartu baino lehen, estatuak bi egoera horiek normaltzat jotzeko legeak egin baino lehen, alegia. Hainbesteko presarik ez dugu, finean. Belaunaldi berriek prostituzioa beste lanbide bat balitz bezala ikustea ez da mesedegarria, nire ustez. Seme-alabak izateko gaitasuna saltzea ere ez. Egia esan, ez dut ulertzen nola ezkerreko hainbat sektorek eta feminismoaren ahots batzuek defenditzen dituzten halako egoerak. Asko dugu pentsatzeko, eta egin behar ez dugun urrats bat da, nire ustez.

Norabide argia du feminismoak egun?

Baietz uste nuen nik, eta liburuari Norabidea duen mundu bat jarri nahi nion, hain zuzen ere. Baina gerora ikusi nuen oker nintzela. Argi geneukana ez dugu hain argi orain. Baditugu ideiak, baditugu planak, eta badakigu nola eraiki mundua, baina, agian, asko ari ginen aurreratzen, eta, bat-batean, zer esan jakin gabe gelditu gara globalizazio neoliberal, kapitalista eta patriarkal horren aurrean. Zer esan nahi dugu emakume adina feminismo daudela esaten dugunean, adibidez? Feminismoa ez dela ezer esaten dugu mezu hori zabaltzen dugunean, nire ustez: ezerezten ari da, hutsaltzen ari da feminismoaren kontzeptua. Dena sartzen den tiradera bat balitz bezala saltzen digute, eta horrek, azkenean, kalte baino ez dio egiten feminismoari. Indarrak batu behar ditugula uste dut, baina badakit, aldi berean, zaila dela hori. Gaur egun, inoiz baino jende gehiagok parte hartzen du manifestazio feministetan, eta hori positiboa da, ona da, baina argi izan behar dugu norabidea behar dugula.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak