«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Azaroak 22 Ostirala
Eva Illouz (Fez, 1961) idazle eta soziologoa da, eta sarri aztertu ditu emozioak, artea eta kapitalismoa. Orain, lehen aldiz, bere bi testu euskaratu dira: «Arimaren etorkizuna» eta «Estandar emozionalen sorrera». Danele Sarriugartek egin du lan hori, Katakrak-en eskutik.
OIHANE LARRETXEA | DONOSTIA
Bere pentsamendua hamar hizkuntza ezberdinetara itzulia izan da, eta orain suertatu da, aurrenekoz, Eva Illouz soziologo eta idazlearen obra euskaraz irakurtzeko aukera. Katakrak argitaletxeak ireki du atea. Bere obra zabala da; euskaraz abiapuntua izan dena bi testurekin egin da: “Arimaren etorkizuna” eta “Estandar emozionalen sorrera”. Danele Sarriugarte arduratu da jatorrizko testuak gurera itzultzeaz.
Lehenengo testua arimaz eta psikeaz mintzatzen da, edo psikeaz eta arimaz. Zertara dator, gaur egungo garaiotan, zeinetan badiren hamaika arazo, hamaika eztabaida, arimari buruzko hausnarketa? Horixe pentsatu lezake inork. Argitaletxetik kontziente dira horretaz, eta hitzaurrean ohartxoa ere idatzi dute horretaz ohartaraziz. «Izu-ikararen ostean jabetuko zara, baietz, arimaren etorkizuna gaurkotasun handiko kezka bat dela», diote. Itxaropen gutxi zenbaitentzat. Illouzek uste baitu «arimak ez duela etorkizun handirik».
Arimaren eta psikearen arteko gatazka. «Zer da arima? Asmakizun bat, mende askotan funtzionatu duena, bereziki kristautasunari lotuta, eta izatearen eta gorputzaren arteko gatazka modu batera planteatzen duena», hausnartu du Hedoi Etxarte editoreak.
Galdera bera egin zitekeen psikean gainean. Bada psikea «arimaren aurretik zegoena da», eta «gorputzaren barrenari begira dago».
Sarriugartek berak itzulketaren enkargua jaso zuenean ere gauza bera pentsatu zuen. «Arimaz?». Ordea, «berehala» ohartu zen «bazegoela zer esan». «Ideia konplexuak, sofistikatuak dira Illouzenak, baina modu argian azaltzen ditu. Gardena da».
Pentsalariak zazpi ezberdintasun identifikatu ditu arimaren eta gaur egun arimaren tokia hartzera etorri den psikearen artean. Eta hau egoera ekonomiko eta sozialarekin lotzen du.
Sufrimenduari aurre egiteko modua da ezberdintasunetako bat, eta Sarriugartek berak azpimarratzen duena. Gaur egun, sufrimendua, oinazea, saihestu egiten da. «Gure garaiko ezaugarria da sufrimendua ezabatzera joatea, hori da ondo kudeatutako psike bat. Neuk ere nahiago dut ez sufritu, baina zer pentsatua ematen dit, bizitzaren partea ere badelako sufritzea, eta etengabe bizkarra emateak asko esaten du gure gizarteaz», iritzi dio elgoibartarrak.
Euskarara itzuli den bigarren testua emozioez ari da eta hauen kudeaketaz. Antza, kudeatu baitaitezke. Gobernatu. «Adimen emozionala» kontzeptua garatzen du eta emozioen estandarizazioaz mintzo da autorea. Bere iritziz, emozioak kontrolatu eta ekoizteko «gaitasun» gisa eratu dira, bereziki inteligentzia emozionalaren ikuspegiari lotuta. Are gehiago, azken mendeko estrategia kapitalistek ekonomikoki produktiboak diren identitateak eta emozioak osatu dituztela baieztatzen du.
«Adimen emozionalak» deitutakoak lotu egiten ditu ezinbestean emozioen kudeaketa, errendimendu ekonomikoa eta arrakasta soziala, dio Fezeko egileak. Nozio horren arabera, «norberaren osaketa emozionala, nahiz subjektiboa izan, objektiboki neurtu daiteke eta, ondorioz, jendea konparatu daiteke beren gaitasun emozionalen arabera»