«Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti»ri iruzkina ARGIAn

Irakurle maitea

AMAIA ALVAREZ URIA 2019ko otsailaren 10a

"Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti". Katakrak, 2018. Idazlea: Rosa Luxemburg militante eta teorialari marxista (Zamość, 1871–Berlin, 1919). Itzultzailea: Amaia Lasa
Gogoratzen duzu noiz idatzi eta bidali zenuen azken aldiz gutun edo postal bat? Eskuz idatzi zenuen? Garai batean oso zabalduta zegoen artisten artean elkarri gutunak bidaltzea. Virginia Woolfek, adibidez, orduak pasatzen zituen gutunak idazten, bere lagunekin kezkak eta gogoetak konpartitzen. Literatur genero epistolarrak eskaintzen digu nagusiki XVIII., XIX. eta XX. mendeko sortzaileen beste alderdi bat, memoriara eta historiara hurbiltzeko era intimo bat, pertsonaia historikoaren atzeko pertsona ezagutzeko modua.

Wikipedian begiratzen badugu Rosa Luxemburg “poloniar teorilari marxista, filosofo, ekonomialari, gerraren aurkako aktibista eta sozialista iraultzailea” izan zela irakurriko dugu. Haren heriotzaren 100. urteurrena izan zen urtarrilaren 15ean, horregatik gomendatzen dizuegu Katakrakek argitaratu duen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti. Bertan topatuko dugu Amaia Lasak duela ia 40 urte euskaratu zuen testua. Eta Luxemburgen bizitza-filosofia eta hurbilekoekin zituen harremanak. Txoriek, zuhaitzek, gutunek, bisitek, liburuek, musikak, pinturak, oroitzapenek eta gogoetek argitzen zuten bere egunerokotasuna.

Zientzia politikoez gain, natura zientziak eta matematika ikasi zituen unibertsitatean eta nabaritzen da botanika eta zoologiari buruz asko zekiela. Kartzelako leiho ondoan eta lorategian zeuden flora eta fauna ziren berarentzat egun bakoitza berezi egiten zutenak. “Zeruak, hodeiek eta munduko edertasunak luzaro lagunduko didate noan lekura noala”.
Horrekin batera liburuak irakurtzen zituen eta gutunak eta artikuluak idazten, baita hilero bisita bat jasotzen ere. Literaturari buruz hau idatzi zuen adibidez: “Poema ederrek gorputz eta izpirituaren osasuna berpizten didate”. Eta bere gogoeten artean hau ekarri dugu: “Mundu zaharraren eraisketaren lekuko gara. Harrigarriena da jende gehiena ez dela ohartzen eta uste duela lurzoru irmoaren gainean dabilela”.

Libro:

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti