Salgaien zerrenda

Bideoa: Kataluniako prozesu independentistaz

Azken urteetan mundu guztia Kataluniara begira dago, baita Euskal Herrian ere. Arretaz begiratzen zaio hango prozesu independentistari. Gorabeherekin, bina aurrera egin du. Horregatik, atzo Iruñean antolatutako hitzaldian, Zer ikasi Kataluniako prozesutik? izenburupean gogoeta egiteko proposatu zien Norabideak bertako egoera ondo ezagutzen duten hiru euskal herritarri: Martin Aranburu politologoa, Arantza Santesteban historialaria eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago mugimenduko ordezkaria. Kataluniaren ispilua euskal bidearen gain proiektatu zuen, eta bi lurraldeak fase desberdinetan izanagatik, hainbat ideia interesgarri atera ziren.

Hitzaldia hasi aurretik, bideo bidez hiru kataluniarrek euren lekukotasuna eman zuten: Lluis Llach abeslari eta Junts pel Si-ko ordezkariak, Irene Martin Kataluniako Biltzar Nazionaleko kideak eta David Fernandez CUPeko ordezkariak. Hiruek azpimarratu zuten herri borondatearen indarra. «Protagonista nagusia, ez bakarra, kalean datza eta horrek bakar bihurtzen du Kataluniako prozesua», azpimarratu zuen Llachek. Martinen aburuz, prozesua abiatu zen kataluniarrek «kanpora begiratu ordez, barrura begiratzeari ekin ziotenean». Fernandezek, berriz, beste ondorio bat azpimarratu zuen. «30 urtez erregimenaren leloa izan zen indarkeria politikoak desagertuz gero, proiektu politiko guztiak garatu zitezkeela, eta hori agerian geratu da erabat faltsua zela». Aurrean duten estatuaren immobilismoak batzen ditu era berean Katalunia eta Euskal Herria.

Joxerra Senarrek Berrian



Gaiari buruzko artikuluak