Un solete
Irailak 02 Astelehena
Hiru urtean, erreferentziazko hiru liburu denda itxi dituzte Iruñean. Bakoitza arrazoi desberdinengatik, baina motibo ekonomikoak tarteko hiru kasuetan. El Parnasillo aurrena, Gómez gero eta berriki Auzolan, 40 urteko ibilbidearen ostean. Azken hori ixteko arrazoi gisara aipatu zituen Mertxe Zufia bertako kideak “liburu-merkataritzan gertatzen ari diren aldaketa bortitzak eta azkarrak”. Zeintzuk dira, ordea, aldaketa horiek? Eta panorama horretan, zer egin dezakete liburu denda txikiek?
Kepa Matxain
2018ko ekainaren 17a
Katakrak liburu dendako kideak. Proiektuko kidea den German Esparzaren ustez (erdian, botila bati eusten) banatzaileen alorrean aldaketa handiak datoz (argazkia: Katakrak). Katakrak liburu dendako kideak. Proiektuko kidea den German Esparzaren ustez (erdian, botila bati eusten) banatzaileen alorrean aldaketa handiak datoz (argazkia: Katakrak).
Liburu denda batek independentziari eusteko ezinbesteko baldintza du banatzaile askorekin lan egitea, Iruñeko Katakrakeko German Esparzaren iritziz. “Oinarrian, gaitasun ekonomikoa dago. Banatzaile bakarra edukitzea erosoagoa da –denda txiki askok hala daukate–, azpiegitura errazten dizute, lan gutxiago egin behar duzu eta batzuetan, baldintza ekonomiko hobeetan uzten dizkizute liburuak. Baina guztiz menpeko zara: kudeaketa programatik hasi eta bestelako edozein negoziaziora arte”. Katakraken, esaterako, lan egiten dute hamabi banatzaile handirekin, hamabi ertainekin eta 300 txikirekin –kolektiboak zein autoedizioak–.
Donostiako Kaxildan ere antzera pentsatzen dute. Berriki erregistratu dute kudeaketa programan 511. banatzailea. Guztira 1.251 argitaletxe agertzen dira beren datu basean. Dario Malventik azaldu duenez, apustu garbia egin dute: banaketa alternatiboa bihurtu nahi dute ikusgarri, banaketa komertzialaren aldean. “Dendako zazpi mila liburuen artean ez dago best-seller bakar bat ere. Gure funtsaren mugak muga, liburuaren industria komertzialari iskin egitea lortu dugu. Orain, banaketa independentearen sarea indartzeko baldintzak sortzea tokatzen da”. Independentzia horretan sakontzeko, giltzarria izan zen orain urte batzuk iritsi zitzaien enkargua. Artelekuko liburutegian uholdeak izan zirela-eta, bertako funtsaren zati bat errekuperatzeko eskatu zieten. Hala barneratu ziren liburu deskatalogatuz eta agortuz osatutako “mikrokosmos” batean, eta ezagutu zituzten bildumagileak, galeriak, museoak eta Amazoneko espekulatzaileak. “Liburuaren boterearen genealogia hari esker ikasi genuen banatzaile komertzialen trikimailuetan ez erortzen, eta horregatik ez dugu amaitu itota edo salduta, beste liburu denda batzuek bezala, astero apalategiak gainezkatzen dituen gehiegizko produkzioa garaiz ez geldiarazteagatik”. Ekainean, bazkide kanpaina jarriko dute martxan. Urtero kuota bat ordainduz, banaketa alternatiboan egiten duten gastuari eustea dute helburu. “Behar adina bazkide lortuz gero, posible izango dugu funtsa zabaltzea eta egonkortzea. Gainera, nahi dugu Kaxilda babesten duen jendeak babes ditzala hornitzen gaituzten banatzaileak ere”.
Duela bi urte eta erdi ireki zuen Deborahlibros liburu denda Iruñean Katixa Castellanok. Zazpi banatzailerekin egin du lan orain arte, Espainia mailako seirekin eta nazioarteko batekin. “Zenbait banatzailek arazoak jarri izan dizkidate liburuak deposituan eskatzean, esanez ez dutela halakorik egiten dendak bi urte bete arte. Ohartu naiz, era berean, banatzaile batzuek ez dutela berdin jokatzen liburu denda handiekin eta txikiekin, arrazoi ekonomikoak tarteko”. Dena dela, konplexua iruditzen zaio banatzaileen panorama. “Eguneratu beharra daukate, aurre egiteko 24 ordutan etxeko atarira liburu bat eramaten dizuten Amazonen gisako munstroei. Batzuk hasiak dira entrega-epeak azkartzen eta modu eraginkorrean funtzionatzen, baina era berean, irudika dezaket esfortzu hori langileen bizkar joango dela. Ez da batere gai erraza. Beste eremu askotan bezala, oihaneko legea da nagusi, harrapakari indartsuenak irabazten du”.
Katakrakeko Esparzak esperientzia handiagoa du liburuen munduan Castellanok baino. Orain hamar urte hasi zen, eta iruditzen zaio azken hiruzpalau urteetan ziklo amaiera bat gertatzen ari dela. “Orain arte banatzaile ertainak posible ziren. Oso bestelako harremana izan dute liburu dendekin: gordailuak egin dituzte, konfiantzan oinarritu dira. Baina irudipena dut halakoak desagertuko direla epe ez oso luze batean, eta aldaketa handiak datozela”.
Banatzaile ertain horietako bat zen berriki desagertu den Bitarte. Elkarrek erosi du orain. Auzolan liburu dendaren itxierak, gainera, zerikusi zuzena du operazio horrekin, denda Bitarte banatzailearen parte baitzen. Gauzak horrela, Elkarrek zati bat gehiago kendu dio pastelari, eta banatzaile nagusi gisara sendotu da Hegoaldean. Esparzaren ustez, liburu denda txikiei eta ertainei eragingo die batez ere mugimendu horrek. Castellanok, berriz, berari horrek zertan eragingo dion galdetuta, hala dio: “Hori da auzoko burdindegi bati Leroy Merlini buruz galdetzea bezala. Bi negozio eredu desberdin gara”.
Kaxildatik ere sarritan kritikatu dute “euskarazko liburuen banaketak bizi duen monopolioa”. Malventiren irudiko, Elkarren jokaldiak enpresaren logikari erantzuten dio, eta egun duen merkatu-konpetentziaren baitan ulertu behar da, Donostian ireki duten Casa del Libro ahaztu gabe. “Askotan eztabaidatu dugu Elkarrekoekin hemengo argitaletxe ekologian duten inpaktuaz. Ezin diogu uko egin beraien banaketari, euskarazko ekoizpen osoa –eta ez hori soilik– haien sarearen menpekoa delako. Baina inolaz ere ez gara Elkarrekin elkartu, itxuraz independenteak izan arren liburuak baldintza berezietan lortzeko haiekin akordioak dituzten beste proiektu batzuk bezala”. Bitarte desagertzea arazo handitzat du Malventik, “Elkarren monopolioa handitzen duelako eta gertuko proiektu batzuk –Katakrak, kasurako– haien baldintzen menpe jartzen dituelako”. Aldiz, iruditzen zaio Kaxildari ez diola eragingo, orain arteko bide beretik jarraitzen badute: nahi ez dituzten liburuak baztertuz, eta bazkide sare baten bidez enpresa handien funtzionatzeko modutik ihesean jarraituz.
Amazon multinazionalaren Espainiako banaketa-zentroa ikus daiteke irudian.
Liburu denda txikientzako diru-laguntza falta sumatzen du Castellanok. “Adibidez, Bartzelonan badira, eta hemen ez”. Esparzak, berriz, beste bi mehatxu nagusi ikusten ditu: batetik, online salmenta egiten duten korporazio handiak. Bestetik, banaketa ereduan gertatzen ari diren aldaketak. Haren ustez, musikagintzak ez bezala, liburuak ez du eredu aldaketarik jasan afera teknologikoarengatik. “Liburuen eta liburu denden etorkizunak lotura handiagoa du banaketarekin: agian hamar urtean ez da liburu dendarik eta banatzailerik izango”. Harentzat, Amazon ez da banatzaile bat. “Ez dauka biltegirik. Argazkietan ikusten ditugunak zentral logistikoak dira. Biltegiak beste batzuk dauzkate, eta Amazonek biltegi horiei eskatzen dizkie liburuak”. Hain justu, horixe da Esparzaren ustez Amazonen arrakasta ulertzeko gakoa: eroslearentzat baldintza onak dauzkala, jatorrizko denden edo banatzaileen kontura. “Adibidez, zuk musika entzuteko kasko batzuk eros ditzakezu. Amazonek banatzaileari eskatu eta zeuri bidaliko dizkizu. Zuk hamabost egunez erabil ditzakezu. Gero, argizariz zikinduta, doan itzul ditzakezu. Jatorrizko banatzaileak kasko horiek jan beharko ditu. Ezin ditu berriz saldu, manipulazioan eta bidalketan dirua gastatu du, eta ez du ezer irabazi. Banaketa eta bilketa erabat prekarizatzen ditu guztia eskura dezakeela salduz, nahiz eta ez den hala –Fariña liburuarekin nabarmen ikusi zen bezala–”.
Malventiren ustez, berriz, langileen eguneroko bizitza bidegabeki kontrolatzeak ezaugarritzen ditu Amazon garaiak. “Ez da Amazon soilik, Carrefour, Eroski, Mercadona, Zara, Ryanair eta beste enpresa askok erasotzen dituzte egunero langileen lan baldintzak. Liburuaren industrian ere aurrezkiaren logikan eta bezeroaren fidelizazioan jarduten dute enpresa handiek. Baina botere orok du bere erresistentzia, eta, kasu honetan, horixe gara liburu denda independenteok. Gainera, zerbait egiten dugu egunero: existitu egiten gara. Eta jende askok, liburu bat non erosi erabaki behar duenean, Kaxilda bezalako tokiak hautatzen ditu”. Seigarren urteurren festa ospatu dute ekainaren 2an Donostiako Guardetxean. Honakoa zen festaren leloa: “Ezinezkoa ematen duen arren, hemen jarraitzen dugu”.