Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Azaroak 27 Asteazkena
Alemaniako St. Pauli taldearen historia kontatu, eta beste futbol mota bat posible dela azaltzeko idatzi dute liburua Parrak eta Carles Vinyasek. Liburuarekin, ez dute taldearen mitoa indartu nahi izan.
Argazkia: IÑIGO URIZ 2017-06-07 / Iñaki Berastegi
Finalik jokatu edo txapelketarik irabazi ez badu ere, Hanburgoko (Alemania) St. Pauli taldeak hogei milioi zale baino gehiago ditu mundu osoan. Auzoko talde batek horrelako arrakasta nola lortu zuen azaldu dute Natxo Parrak (Bartzelona, 1981) eta Carles Vinyasek St. Pauli: Otro futbol es posible (St. Pauli: beste futbol bat posible da) liburuan. Egun, taldearen ikurrak nonahi ikus daitezke, eta St. Pauli taldeko zaleak beldur dira taldeak bere berezko izaera galdu, eta soilik ikur komertzial bilakatzeko arriskua dagoelako. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu dute liburua Kataluniako St. Pauli peñako bi kideek.
Finean, egungo futbol modernotik aldentzen den eredua da. Kirola eta ekintza soziala sustatzeari utzi eta soilik negozio bilakatu den futbola arbuiatzen du. Komunitatean, auzoan oinarritutako futbol herrikoia bultzatu nahi du. St. Paulik argi du auzoko talde bat dela, komunitate bateko taldea, eta auzoari gertatzen zaion guztiak taldean eragin behar duela.
Espero dut St. Pauli uharte bakar bat ez izatea. Eredu txiki batzuk dauden arren, guk beti ezberdintzen ditugu harmaila ezkertiarrak eta klub ezkertiarrak. Harmaila ezkertiar asko daude, baina ez daude, St. Pauli bezala, estatutuetan faxismoaren, arrazismoaren, sexu arrazakeriaren edo sexismoaren aurka daudela bildu duten klubak.
St. Pauli arrakastarik ez zuen burgesiaren talde bat izan zen hasieran, 1910etik aurrera. Bigarren eta hirugarren mailen artean ibili zen, eta Hirugarren Reich-eko arauak ere onartu zituen. 1980ko hamarkadan, ordea, hori guztia aldatu zen. Alemanian, eta Hanburgoko St. Pauli auzoko Hafenstrasse kalean batik bat, mugimendu autonomo, okupa eta ekologista handi bat sortu zen. Horrekin batera, nazien presentzia handia zela eta, HSV Hanburgo taldeari jarraitzeari utzi zion mugimendu autonomo horretako talde batek, eta St. Pauliko zelaira joatea erabaki zuen.
Ezin da St. Pauli ulertu auzoak taldearekin duen sinbiosirik gabe. Zaleen talde hark ulertu zuen futbola gauzak aldatzeko bide ona zela, auzoa eta komunitatea eraikitzeko modu egokia, azken finean. Auzoarekin oso identifikatuta sentitzen ziren, eta hori klubari txertatu zioten.
Millerntorren, St. Pauliren futbol zelaian, talde neonazi batek jarraitzen zuen, eta Nurenberg taldearen aurkako partida batean, jokalari atzerritar bat iraindu zuten. Horren aurrean, harmailak mugimendu bat sortu zuen, baina egoera salatzetik haratago joan nahi zuten. Hainbesteko indarra lortu zuten, klubak estatutuetan bildu zuela faxismoaren aurka zegoela.
Wilhem Koch presidenteak kluba hondamendi ekonomikotik salbatu zuen. Oso pertsona maitatua zen. Alabaina, ikerketa bati esker jakin zen nazien alderdiko kide izan zela. Hori horrela, mugimendu indartsu batek eskatu zuen bere izena zeraman futbol zelaiari bere hasierako izena itzultzeko. Klubak zenbaterainoko heldutasuna duen erakusten du horrek.
Emakumeen taldea ikustera joan ginenean, desilusionatu egin ginen. Harmailarik ez zuen zelai kaxkar batean jokatzen zuten, eta hamar lagun joaten ziren ikustera. Uste genuen klubak babes handia emango ziela. Orain, zorionez, gauzak aldatu dira. Hala ere, emakumezkoen taldea abian jartzea proposatu zutenean, ezezkoa jaso zuten, eta borrokatu egin behar izan ziren taldea sortzeko.
Arriskua dago, bai. Liburuarekin ez dugu mitoa indartu nahi izan. Arriskua dago mugimendu herrikoi bat izateari uzteko. Zaleek beldur hori badute, bai. Klubaren kontrola galdu baino gehiago, eskuetatik ihes egiten duen zerbait sortzeko beldur dira; ez dute turistentzako erakargarri bat izan nahi. Era berean, argi dute kirol arloko helburuak ez direla garrantzitsuenak.