22
Junio
Jueves
19:00
Guilló, Muelas, Arraiza, Fernandez, Lopez «Festak, genero-harremanak eta feminismoa»
Subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara festetan. Afektuak, konplizitateak, barrea eta dantza. Aitzitik, jendarteko gatazkak eta desberdinkeriak ere islatzen dira haietan. Izan ere, kultur (sistemen) adierazpen ahaltsu direnez gero, jendarte, herri, talde edota komunitate jakinen ezaugarri guztiak islatzen dira jaietan. Ondorioz analisi eta gogoetarako pribilegiozko leku bilakatzen dira: bizimodu sozialak egituratzeko moduen berri ematen digute, baita jendarte horren eraldaketarako eta disidentziarako estrategien berri ere
Liburu honetan, festak genero-ikuspegitik aztertzeko zenbait gako proposatzen dira, esaterako, antropologia feministak eta, oro har, feminismoak proposatzen dituen zenbait ainguraketaren bitartez. Hala, testuinguru desberdinetan sortzen diren zenbait jai-erritu, egitasmo eta genero-harreman analizatzen dira. Horrez gain, festa-esparruan sortu diren hainbat ekimen, aldarrikapen, prozesu parte-hartzaile eta gogoeta ere bildu dira. Agentzia feminista erdigunean, festak eraldaketa kolektiborako esparru ahalbidetzen baitira. Funtsean, abiagune, testuinguru eta narrazio desberdinen artean festa-politika feministetan eta plazeraren kudeaketa kolektiboetan arakatzeko mapa sortu nahi izan da, bestelako koordenatuen bilaketan.
Bertan izango dira liburuan parte hartu duten zenbait kide. Besteak beste, Miren Guilló Arakistain liburuaren koordinatzailea, Laura Muelas antropologoa, Baztango Plazara Dantzara Herri Ekimeneko kideak, Idoia Arraiza Bilgune feministako kidea, Mefffst musika ekimeneko Maider Fernandez eta Leire Lopez Ziluaga, edota Farrukas taldeko Maite Arraiza.