Listado de artículos

Alex Juanmarti GAUR8n

Egunotan Euskal Herrian dabil, LAB Irakaskuntzak gonbidatuta. «Hezkuntza Kataluniako errepublikaren eraikuntzan» izenburuak gidatuta, «procés»-a hezkuntza komunitatean izaten ari den itzala agertzen saiatu da.

«Gatazkaren benetako arrazoiak ikusi beharrean, hezkuntza sistema publiko katalana dinamitatzen saiatzen ari dira»

Amagoia Mujika Telleria

Alex Juanmarti Kataluniako Ustec-IAC sindikatuko kidea da eta egunotan Euskal Herrian dabil hitzaldiak ematen; “Hezkuntza Kataluniako errepublikaren eraikuntzan” izenburua ahotan hartuta. Katalunian pil-pilean dagoen procés-ean hezkuntza izaten ari den partea eta kaltea hartu ditu hizketagai elkarrizketa honetan. LAB Irakaskuntza 30. urteurreneko ospakizunetan dabil asteotan eta horien baitan etorri da Alex Juanmarti Euskal Herrira.

Oraintsu jakin dugu Sant Andreu de la Barcako bederatzi irakasle inputatu dituztela gorroto delituak egotzita. Guardia Zibilen seme-alabak umiliatu izana leporatzen diete. Hezkuntzan giroa estu samarra da, ezta?

Albiste zaila da eta uneotan Katalunian dagoen giroa islatzen du, urriaren 1aren ondorengo atmosfera. Kataluniako hezkuntza publikoa kriminalizatzeko etengabeko saiakera islatzen du. Lehendik ere bazegoen kriminalizazioa, baina areagotu egin da urriaren 1az geroztik. Urteak dira Kataluniako hezkuntza publikoa jomugan dagoela. Dagoeneko 2012an orduko Hezkuntza ministro espainolak, Wertek, garbi esan zuen: «Haur katalanak espainolizatu egin behar ditugu». Ondorengo urteetan ere Alderdi Popularraren eta Ciudadanosen ingurutik etengabea izan da eskola katalana jomugan jartzeko saiakera. Eta eraso hori areagotu egin da urriaren 1aren ondoren. Irakasleen eta hezkuntza zentroen kontrako hamarnaka salaketa daude gorroto delituak direla medio, eta, oraingo inputazioak, testuinguru horretan kokatu behar dira. Benetan kezkagarria eta larria da kasu zehatz honen inguruko egoera.

Zergatik?

Eskoletan ohikoa izaten den prozedura ez delako jarraitu inondik inora. Normalean, elkarbizitza arazoak baldin badaude, eskola batzordean lantzen dira. Batzuetan, baita herri mailan ere, udalarekin edota hezkuntza ikuskapenarekin batera. Baina, kasu zehatz horretan, prozedura horiek hankaz gora jarri eta zuzenean Guardia Zibilarengana jo zuten gurasoek eta bertan jarri salaketa. Instrukzioak aurrera egin zuen eta urtarrilean irakasle horiek deitu zituen Guardia Zibilak galdera batzuk erantzuteko. Azken egunotako albistea eta inputazioak benetan kezkagarriak dira ez dituztelako inondik inora kontuan izan irakasleen azalpenak. Familien ikuspuntua bakarrik hartzen da kontuan eta irakasleek urtarrilean egindako deklarazioak ez dira inondik inora ageri. Ez dago elementu objektiborik eta oso kezkatuta daude.

Urriaren 2an, eskolako patiora jaitsi eta bakearen eta elkarbizitzaren alde minutu batzuk isilean egitea proposatzen zaie ikasleei. Aldiz, fiskaltzaren idatziaren arabera, ikasleak independentziaren alde elkarretaratzea egitera behartuak izan ziren. Fiskaltzaren idatzia ez dator bat errealitatearekin, ezta inondik inora ere.

Urriaren 1eko erreferendumean ere eskolek protagonismo berezia izan zuten.

2017ko iraila hilabete zaila izan zen. Abuztuan atentatu gogorra gertatu zen Bartzelonan eta hortik gentozen. Testuinguru horretan, Gobernu espainola erreferendumaren arduradunak topatu nahian zebilen. Eguna gerturatu ahala, eskolek protagonismoa hartu zuten, erreferenduma egingo zen espazio fisikoa izango zirelako. Erreferendumaren aurreko astea oso mugitua izan zen. Aste erdiaren bueltan Escoles Obertes ekimena bultzatu zuten eragile desberdinek eta guk bat egin genuen proposamen horrekin. Hauxe zen proposamena: behin eskolako ordutegia amaituta, eskolak irekita mantentzea erreferenduma hasteko unea iritsi arte. Sekulakoa izan zen. Hezkuntza komunitateak autodeterminazio ariketa askearen aldeko deia egin zuen –posizionatu gabe– eta erantzuna azken urteotan Katalunian izan dugun ederrena izan zen, sindikatu bezala defendatzen dugun eskola ereduaren parekoa: auzoari irekitako eskola, demokratikoa, parte hartzailea, kritikoa, asanblearioa, emakumeei ahotsa ematen diena... 48 orduz auzokideak, familiak, ikasle izandakoak... batu ziren eskubide baten bueltan. Sekulakoa izan zen.

Ariketa eder horrek, baina, ondorio itsusiagoak izan ditu.

Urriaren 1eko gertaerek, 950 zauritu ez ezik, bestelako kalteak ere ekarri zituzten. Eskoletan kalte material garrantzitsuak izan ziren eta oraindik aseguru etxeek kalteak ordaindu zain daude. Horrez gain, irakasle asko jazarriak izan dira –batzuk epaitegietara eraman dituzte– eta sekulako sorgin-ehiza abiatu da.

Eta irakasleak ez daude lasai, noski.

Arazoa da irakasleak autozentsuratu egiten direla beren burua babesteko. Horren ondorioz, irakaslearen azalpenaren aberastasuna galdu egiten da, katedra askatasuna murriztu egiten da eta ikaslea da, zalantzarik gabe, galtzen duena.

Azken hilabeteotan, orain arte inolako arazorik sortu ez duten elementuak gatazkatsu bihurtu dira. Adibidez, Katalunian bada egun berezi bat urtarrila amaieran eta eskola askotan bakeaz eta indarkeria ezaz hitz egiten da egun horretan. Aurten irakasle askok ez dute egun hori ospatu nahi izan, familiek salatu egingo zituzten beldur.

Greba deialdietan ere sumatu da beldurra. Adibidez, Martxoaren 8ko azken greba ez dute babestu eskola askotan beldurragatik.

Curriculum mailan ere igartzen da tentsioa. Eskola gehienetan musikako klaseetan “Els segadors” erakutsi izan da betidanik, eta, orain, eskola batzuetan, ez erakustea erabaki dute. Zalantzarik gabe ikaslea da kasu horietan guztietan galtzaile nagusia.

Murgiltze ereduaren kontrako ahotsak ere nabarmendu dira azkenaldian.

Murgiltze ereduaren sistema aspaldi onartu zen Katalunian, 1983an. Nabarmendu beharra dago langile klaseko familia gaztelaniadunek eskatu zutela, beren seme-alabek katalana ikasteko aukera berdinak izatea nahi zutelako. Murgiltze ereduak primeran funtzionatu du kasik 40 urtean. Tamalez, Katalunian izan den hezkuntza adostasun bakarra izan da. 80ko eta 90eko hamarkadetan ere gutxiengo politikoek oso modu sutsuan eraso zioten murgiltze ereduari, baina ez zuten ezer lortu. Batetik, lege mailan blindatuta dagoelako, eta, bestetik, hezkuntza alorrean adostasun oso indartsua duelako. Milioi eta erdi familien artean, apenas dauden 20-30 kasu epai judizialak bideratu eta gaztelaniako ordu gehiago eskatu dituztenak.

Baina azken hilabeteetan, 155. artikuluaren aplikazioa baliatu eta hezkuntza sistema publiko katalana kriminalizatzeko eta erasotzeko saiakera berria egiten ari dira, are indartsuagoa oraindik. Helburua murgiltze ereduarekin bukatzea da.

Nabarmendu beharra dago, hala ere, Kataluniako hezkuntza komunitateak hortzak erakutsi dituela eta azken hilabeteotan manifestazio eta aldarrikapen oso indartsuak izan direla murgiltze ereduaren alde.

Gobernu espainolaren begietara hezkuntza kontrolatu beharreko alor garrantzitsua dela dirudi.

Kataluniako irakasle belaunaldi batek zortzi hezkuntza lege ezagutu ditu bere ibilbidean. Pentsa. Egia da gobernatzen duen alderdiaren arabera erabiltzen dela hezkuntza eta gobernu espainolaren baitan egonezin handia sortzen du murgiltze ereduak ondo funtzionatu duela ikusteak.

Gainera, independentismo katalanaren gorakadaren arrazoiak topatu nahi dituztenean, bizpahiru elementu jartzen dituzte beti mahaiaren gainean; horien artean, eskola publiko katalana. Oker dabiltza, arrazoiak beste batzuk dira, baina haustura sozial hori eragin nahi dute hezkuntza publikoa zalantzan jarriz. Hartara, gero gustatzen ez zaizkien gauzak kentzeko aukera izango dutela pentsatzen dute. Alegia, Kataluniaren eta Estatu espainolaren arteko gatazkaren benetako arrazoiak ikusi beharrean, hezkuntza sistema publiko katalana dinamitatzen saiatzen dira.

155. artikuluaren ezarpenak zer eragin dauka?

Fronte bat baino gehiago dago zabalik 155. artikuluaren ondorioz. Batetik, Kataluniako Gobernuak hezkuntza alorreko organo desberdinetan orain arte zeukan aulkia hutsik dago. Hartara, zenbait erabaki hartu behar izan direnean Gobernu espainolak bete du aulki hori eta berak hartu ditu erabaki horiek. Esaterako, duela hilabete batzuk oposizioen inguruko hainbat ezaugarri eztabaidatzen aritu ziren, datozen urtetako oposizioek nolakoak izan behar duten zehazten. Gobernu espainolak Gobernu katalanaren izenean bozkatu zuen kasu horretan eta, gainera, boto hori erabakigarria izan zen berdinketa hautsi zuelako. Segur aski Gobernu espainolak hartu zuen postura ez zen Gobernu katalanak hartuko lukeena.

Bestetik, hezkuntzaren alorrean bagenituen 2018ko aurrekontuen mende zeuden hainbat akordio. 2018an aurrekonturik izango ez denez, akordio horiek ez aurrera ez atzera geratuko dira. Akordio garrantzitsuak ziren, lan baldintzak eta 2010 eta 2015 bitartean izandako murrizketak zituzten hizpide. 155. artikuluaren ondorioz, akordio garrantzitsu horiek itxaron egin beharko dute.

Nolakoak espero dituzu datozen asteak?

Zailak eta korapilatsuak. Tentsioa nabari da. Hezkuntza komunitateak garbi dauka murgiltze ereduaren kontrako edozein erasori gogor erantzungo zaiola; jendeak iritsi nahi duen arte. Horregatik, mobilizazioak, protestak eta akaso grebak ere izango direla aurreikusten dugu.

Zailtasun handiekin segituko dugu lanean. Lehen solaskidea Gobernu katalana zen. Bagenituen desadostasunak, baina elkarrizketa orain baino errazagoa zen. Izan ere, orain gure solaskidea Gobernu espainola da eta 600 kilometrora dago. Horrek, zalantzarik gabe, kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko gure borroka zaildu egiten du.

Zein erronka ditu hezkuntza publiko katalanak?

Procés-ak indarra hartu duen azken bospasei urteotan, eskola publikoan eman diren murrizketei aurre egin nahian aritu gara. Finantzaketa murriztu egin da, bai estatu mailakoa eta baita Katalunia mailakoa ere. Badirudi pixkanaka azpifinantzaketa hori gorantza hasi dela. Baina, artean, eskola publikoaren erronka nagusietakoa izaten segitzen du murrizketei aurre egitea.

Bigarren erronka garrantzitsua eskola publikoaren kudeaketa sistema aldatzea da. LEC [Kataluniako hezkuntza legea] deritzona oso sistema piramidala da eta eskola publikoetan demokrazia galera handia gertatzen ari da. Egoera hori aldatu egin behar dugu. Eta, hirugarrenik, murgiltze ereduaren defentsa eta katedra askatasunaren defentsa daude. Nabarmendu beharra dago katedra askatasunak eta adierazpen askatasunak babes legal propioa dutela, Konstituzio espainolean jasoa dagoena. Horiek defendatu beharra dago.

LOMCEren baitan onartutako curriculumetan bertan aipatzen da ikasgeletan elementu kritikoak lantzeko aukera, eskolaren inguruko gaiak txertatzekoa, elkarbizitza lantzeko beharra... legez blindatutako askatasunak dira eta egun, beldurraren ondorioz, ez dira modu askean garatzen.

Batzuek, baina, doktrinamendua ikusten dute.

Irakaslearen lanbidearen parte bat da eskolaren inguruan gertatzen diren gaiak ikasgelara ekartzea, modu askean lantzea, aldeko eta kontrako argudioak mahaiaren gainean jartzea... Helburua jendarte informatua eta kritikoa sortzea da eta, hortik abiatuta, auzo hobeak, hiri hobeak eta nazio hobeak eraikitzea. Eskolaz kanpo gertatzen direnak eskolan landu ahal izatea aberasgarria da. Gainera, askotan ikasleak beraiek dira galderak egiten dituztenak, jakin mina daukatenak.

Eskola ez dago inguratzen duen mundutik bakartuta. Gatazka bat edo arazo bat dagoenean, horri buruz hitz egin behar da, ikuspuntu desberdinak landu behar dira, iritziak aberastu behar dira.... Finean, erabaki propioak hartzeko tresnak eskaini behar dizkiegu ikasleei. Hori da helburua.



Más artículos sobre este tema