«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
Heinrich von Kleist-en «Michael Kohlhaas» eleberria berrargitaratu du Katakrak argitaletxeak, Xabier Mendigurenek euskarara itzuli eta hogeita bost urte beranduago. Hizkuntzan moldaketak egin dira ale berrian eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea erantsi zaio.
ARIANE KAMIO DONOSTIA
“Michael Kohlhaas” benetako pertsona batean oinarritutako obra bat da, Heinrich von Kleistek idatzia. XVI. mendean girotua, Kohlhaas zaldiekin tratuak egiten dituen merkataria da. Egun batean jauntxo batekin gatazka bat izango du muga bat pasatzen duenean. Gatazka judizial bat izango da hasiera batean, baina berehala hartuko du gatazka politikoaren izaera.
Paper administratibo baten bila joandakoan zaldiengana itzultzen denean ikusiko du animalia horiek gaizki tratatuak izan direla eta hilzorian daudela. «Legearen irakurketa inozoa» egiten du Von Kleistek liburu horretan, Katakrakeko editore Hedoi Etxarteren esanetan. «Michael Kohlhaasek esperantza du legeak arrazoia emango diola, baina konturatuko da ez dela horrela izango, eta beste zerbait egin beharko duela. Orduan gertatzen da XIX. mendeko filosofoek deitu zuten nekazaritza gerra».
Hogeita bost urte igaro dira Xabier Mendiguren Bereziartuk (Ezkio, 1945) narrazio horren itzulpena egin zuenetik. Alemanetik euskarara ekarri zuen bere garaian, eta ez zen erraza izan hartutako lana. «Hasi eta buka, sukarraldi batean egina zegoela zirudien, tempo azkar batean, puntu eta bereizik gabe», aipatu zuen Mendigurenek. Beraren ustez, alemanak ohituta zeuden esaldi luze eta korapilatsuetara; «baina euskaldunok ez». Eta hor izan zuen itzulpenerako kosketako bat. «‘Zein’-ismoak erabili behar nituen, baina hemen ez zegoen ondo ikusia. Mea culparekin itzuli nuen, norbaitek zakurrak botako zizkidan beldur, baina inork ez zuen ezer esan». «Liburuan puntu eta bereizik ez egotea, dena lukainka bat bezala idatzita egotea, ez zen erraza». Eta horretan aldaketak egin dituzte edizio berrian, elkarrizketak paragrafoetatik ateraz eta hizkuntza orraztuz. Aurrekoan ez bezala, oraingoan Joseba Sarrionandiak Habanatik idatzitako hitzaurrea ere badu berredizio horrek.
«Liburua oso ondo hasten da», esan zuen itzultzaileak, baina «gero asko okertzen da, ezin pentsatuzko okerrera iristeraino. Okerretik okerrerako prozesu ikaragarri bat da. Gizon honek uste du legearen arrazoia jasoko duela, baina gero konturatuko da, beranduegi, gauzak ez direla horrela. Gauza bat da uste izatea eta bestea gauzak horrela izatea. Eta larrutik ordaindu zuen. Irentsi behar izan zituen justiziaren eta aberatsen amorrua», gaineratu zuen.
Liburuaren egileaz ohar bat ekarri zuen jendaurrera Mendigurenek. «Berak ere amaiera tragikoa izan zuen. Liburu hau idatzi eta urtebetera, dagoeneko aurreratua zegoen minbizi bat zuen emaztegaia tiroz hil zuen Von Kleistek eta gero bere buruari beste bat eman zion. 34 urte besterik ez zituela gertatu zen hori. Beren hilobian irakur daiteke esaldi bat: ‘Orain zurea nauzu’».