«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
MIREN MINDEGIA
IÑAKI PORTO 28.02.2020 | 03:10
Fernando Rey, ‘Den-dena nahi dugu’ liburuaren itzultzailea, atzo Karrikirin egindako aurkezpenean.
IRUÑEA – Altxamendu baten kontakizuna izan daiteke, edo migrazioaren erretratu unibertsala. Edo biak, akaso. Nanni Balestrinik (Milan, Italia, 1935 – Roma, 2019) 1971n idatzitako Vogliamo tutto, etorkizun oparoago baten promes antzuei jarraiki hegoaldeko lurraldea utzi eta Italia iparraldera abiatzen den pertsonaia nagusiaren ibilbidea du ildo nagusi. Banakoaren hari horretatik, alta, eleberriak kolektibo oso baten borroka agertzen du, ezer izan ez eta dena nahi izana zuenaren zartada. Den-dena nahi dugu izenburupean plazaratu du Katakrak argitaletxeak Balestriniren lan erranguratsuena, Fernando Reyren itzulpenarekin, atzo Iruñean aurkeztu zuena.
Itzultzaileak kontatu bezala, "aberastasunaren ahotsek" deituta, nekazal bizimodua utzi eta industria langile gisa FIAT fabrika batean lanean hasten den gizasemea du protagonista eleberriak. Migratzaile, egunerokoak iseka egiten dio aurpegira iparraldean aurkitzen duen gizartean. "Errealitatearekin topo egiten du, dena espero zuenean, dena agindu ziotenean... eta dena desegin behar dela konturatzen da, dena suntsitu behar dela". Eztanda horren lekuko eta ekintzaile bilaka-tzen da protagonista, beste milaka langilek zein ikasle mugimenduak ere hauspotutako altxamendu batean. "Altxamendu hori", zehazten du Reyk "alderdi politikoetatik eta sindikatuetatik aparte sortu zen, gainera. Oso mugimendu autonomoa izan zen, ikasleak eta langileak elkartu zituena". Hartara, Balestriniren lanak kapitalismoa bakarrik ez, eta gizartearen bestelako faktore asko kritikatzen ditu: alderdi politikoak, sindikatuak... "Baita lana antolatzeko modua eta lana bera ere".
Edukian bakarrik ez, eta estiloan ere berrikuntza azpimarratu nahi izan zuen Balestrinik Den dena nahi dugu honetan. Reyk "frenetikoa" bezala definitu duen estilo batean idatzia, ahozkotasunetik oso hurbil kokatzen da testua. "Niretzat, itzultzaile gisa, zailtasuna eta erronka izan da aldi berean" argitzen du. "Zailena, abiadura islatzea izan da erritmoa galdu gabe baina polita izan da deskubritzea euskarak ere badituela horretarako baliabideak".
Idazle italiarraren estraineko lana da euskaraz, eta aukeraketa ez da nolanahikoa izan. Den-dena nahi dugu lan erabakigarria izan baitzen, Balestriniren ibilbidean bakarrik ez, eta garai hartako zein hurrengo hamarkadetako italiar langileriaren borrokaren ikono gisa ere. Mugimendu ezketiarretan, liburu baten izenburu izatetik lema izatera ere igaro zen.
Egilearen ibilbidean ere bere konpromiso sozialaren urrats erabakigarria izan zen lan honen argitalpena. Neo-abangoardia mugimendu literarioko kide, Il Verri aldizkarian idatzi eta Alfabeta aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izan zen Balestrini, Italiako idazle esperimental nabarmenetako bat izan zen. 1979an Parisera eta Alemaniara erbesteratu zen.
Iñigo Aranbarri. "Narratzaileak protagonistarekin bat egiten duen ahotsari bolumena jaitsiz, kronika xehez beteko du kontakizuna, panfleto txatalez, aldarrikapen oihuz, despido gutunez, errepikapen estilistikoz, harian bildutako elkarrizketa ostuz... collage bat pindar zalantza galdera den mundua azaltzeko".
Franco Berardi, 'Bifo'. "Eta parabolaren muinean, ezinbestean, indarkeria topatuko dugu. Ez ideal komunista handien indarkeria edo sumin anarkistena, ez eztanda sozial iraultzaileen indarkeria epikoa, baizik eta Sandokan camorristaren indarkeria kriminala. Gaur egungoa bezalako degradazio zibil eta moralaren aroaren ezaugarriak biltzen dituena".