Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Miércoles 13 de Noviembre
HAMAR MEZU LEKUAZ
John Berger
(Itzulpena: Amaia Apalauza Ollo eta Iñigo Roque Eguzkitza)
(1)
Norbaitek galdetzen du: marxista al zara oraindik ere? Etekin-bilaketak –kapitalismoaren hitzak erabilita– eragindako hondamendia ez da sekula egon gaur egun bezain hedatua. Ia edonork daki hori. Nola liteke, orduan, Marx ez kontuan hartzea, berak iragarri eta analizatu zuen-eta hondamendi hori? Hona erantzun bat: jendeak, jende askok, galdua du norabide politikoa. Maparik gabe, ez dakite norantz doazen.
(2)
Jendea lekuren bat iragartzen duten seinaleen atzetik abiatzen da egunero, ez etxera joateko, baizik eta aukeraturiko helmuga batera iristeko. Bide-seinaleen, aireportuetako ontziratze-seinaleen, terminaletako seinaleen atzetik. Batzuek plazer hutsez bidaiatzen dute; beste batzuek, negozio-kontuengatik; beste askok, galduta edo etsipenak jota. Iristean, konturatzen dira ez daudela harako seinaleek iragarritako lekuan. Leku berrian, dagozkion latitude, longitude, ordu eta dibisak topatzen dituzte; ez, ordea, aukeratutako helmugaren dentsitate erlatiboa.
Aukeratua zuten lekutik hurbil daude. Kalkulaezina da zer distantziatara dauden leku horretatik. Hiribide baten zabaleraren adinakoa izan liteke, edo mundu oso baten distantzia. Lekuak galdua du helmugaren zentzua. Galdua du bere esperientzia-lurraldea.
Batzuetan, bidaiari horietatik gutxi batzuek bidaia pribatu bati ekiten diote, eta iritsi nahi zuten lekura iristen dira: uste zuten baino latzagoa zaie, baina lasaitu itzela hartzen dute hura ikustean. Batzuek ez dute sekula lortzen halakorik. Gidaritzat harturiko seinaleak onartzen dituzte, eta iduri du ez dutela bidaiatu eta betiko lekuan geratu direla.
(3)
Orrialde honetako irudiko argazkiak Anabell Guerrerok hartu zituen, Gurutze Gorriaren iheslari eta emigranteentzako zentro batean, Sangatten, Calaisetik eta Mantxako kanaleko tuneletik hurbil. Zentroa itxi berria da, Britainia Handiko eta Frantziako gobernuen aginduz. Ehunka pertsona bizi ziren han, haietako asko Britainia Handira iristeko itxaropenez. Argazkietako gizona –Guerrerok nahiago du ez haren izenik eman– Kongokoa da.
Hilero-hilero, milioika pertsonak uzten dute beren jaioterria. Han ezer ez dagoelako alde egiten dute; ezer ez, salbu eta berek daukaten guztia, baina hura ez zaie aski beren seme-alabei jaten emateko ere. Garai batean, bai, aski zitzaien. Horra kapitalismo berriaren miseria gorria.
Bidaia luze eta lazgarrien ondoren, beren larruan bizi izan ondoren beste batzuen muturreko zitalkeria, beren adore paregabe eta tinkoaz soilik baliatu ondoren, aldi baterako geltoki atzerritar batean suertatzen dira emigranteak, esperoan, eta, orduan, berak dira beren jatorrizko kontinentetik geratzen zaien bakarra: beren eskuak, beren begiak, beren oinak, sorbaldak, gorputzak, arropak, eta gauean, teilaturik ezean, lo egiteko buru gainean jartzen dituzten zer horiek.
Guerreroren irudiari esker, ohartzen gara gizon baten hatzak direla laborantza-lurretatik geratu diren aztarna bakarrak, haren eskuak direla harako ibaietako aztarna bakarrak; eta berak joaterik izango ez duen familia-ospakizun bat ageri zaio begietan. Kontinente emigrante baten erretratua.
(4)
«Eskailerak jaisten ari naiz, metro-geltokian, B linea hartzeko. Jendetza dabil. Non zaude? Hara! Zer eguraldi duzue? Trenera sartzen… gero deituko dizut…».
Munduko hiri eta aldirietan, sakelako telefono bidezko milioika elkarrizketa izaten dira orduero, eta, gehienetan –deia pribatua nahiz lanekoa izan–, lehen-lehenik non dagoen aipatu ohi du dei-egileak. Jendeak zer lekutan dagoen zehaztu beharra dauka ezer baino lehen. Badirudi inon egongo ez ote diren zalantzak bizi duela jende hori. Abstrakzioz inguratuta dauden heinean, erreferentzia-puntu iragankor bat asmatu eta partekatu beharra daukate.
Duela hogeita hamar urte baino gehiago Guy Debord-ek profetizatu zuenez: «Merkatu izeneko esparru abstraktu horretarako seriean ekoitzitako ondasunak pilaturik, erabat birrindu ziren eskualde eta lege mailako muga guztiak, baita Erdi Aroko debeku korporatiboek lortutako artisau-ekoizpenaren kalitatea ere, eta, gisa berean, lekuen autonomia eta kalitatea ere suntsitu dira».
Gaur egungo kaos globalaren hitz gakoa deslokalizazioa edo birlokalizazioa da. Ez da soilik ekoizpena beste leku batera eramatea han eskulana merkeagoa delako eta araudia malguagoa delako. Botere berriaren kanporako amets eroa ere bada horretan: aurretik finkaturiko lekuen estatusari eta konfiantzari azpia jateko ametsa, mundu osoa trabarik gabeko merkatu bakar bat izan dadin.
Kontsumitzaileak, funtsean, bere burua galduta ikusten du, edo ikusarazten diote, kontsumitzen ez baldin badu. Markak eta logoak dira Ezlekuko toki-izenak.
ASKATASUNA edo DEMOKRAZIA iragartzen duten seinaleak ere, aurreko garai historikoetatik lapurtuak, nahasbiderako erabili ohi dira. Antzina, beren lurraldea inbaditzaileen aurka defendatzen zutenen ohiko taktika izaten zen bide-seinaleak aldatzea; esate baterako, ZARAGOZA zioen bat aurkako noranzkoan jartzea, BURGOS aldera. Gaur egun, defendatzaileek ez, baizik eta inbaditzaileek trukatzen dituzte seinaleak, tokiko biztanleak nahasteko, ez dezaten garbi izan nork gobernatzen duen nor, zein den zoriontasunaren funtsa, zenbaterainokoa den samindura, edo non dagoen eternitatea. Noranzkorik gabeko noranzkoon helburua zera da: jendeari sinetsaraztea bezero izatea dela salbazio bakarra.
Hala ere, ordaintzen duten lekuaren arabera definitzen dira bezeroak, eta ez bizi eta hiltzen diren lekuaren arabera.
(5)
Behinola landagune izandako lurralde zabal asko eremu ari dira bilakatzen. Prozesuaren nondik norakoak ez dira berberak kontinente batean edo bestean, Afrikan, Erdialdeko Amerikan edo Hego-ekialdeko Asian. Hasieran, baina, beste nonbaitetik etorri ohi da txikizioa, interes korporatiboen eskutik betiere, gero eta gehiago pilatzeko goseak bultzaturik, eta horrek natura-baliabideen harrapaketa dakar (Victoria aintzirako arrainak, Amazoniako egurra, hango eta hemengo petrolioa, Gaboneko uranioa, etab.): bost axola zaie norenak diren lurra eta ura.
Ustiaketak aireportuak eraikitzea eskatzen du, base militar eta paramilitarrak ezartzea, eskuratutako ondasunak defendatzeko, eta tokiko mafiosoekin elkarlanean aritzea. Gerra tribalak, gosetea eta genozidioa etor litezke geroago.
Jendeak bizitoki-zentzua galtzen du halako eremuetan: haurrak zurtz gelditzen dira (umezurtzak izan ez arren), emakumeak esklabo bihurtzen, gizonak alproja. Behin halakorik gertatuz gero, belaunaldiak behar izaten dira etxekotasuna berreskuratzeko. Harrapaketa horren urte bakoitzak denboran eta espazioan luzarazten du Ezlekua.
(6)
Bitarte horretan –eta erresistentzia politikoa sarri hasten da bitarte batean–, funtsezkoa da zera konprenitzea eta gogoan hartzea: gaur egungo kaosetik etekina ateratzen duten horiek, hedabideetan jarriak dituzten eleketariak tarteko, okerreko informazioa eta okerreko argibideak ematen dizkigutela etengabe. Ezin da arrazoitu haien adierazpide eta ohiko termino maiztuak erabiliz. Erabat arbuiatu eta baztertu behar dira halakoak. Ez dute deus ere argitzen.
Informazio-teknologiak korporazioek eta haien armadek garatu dituzte beren Ezlekua bizkorrago menderatzeko, baina, orain, beste batzuk baliatzen dira halakoez, lortu nahi duten Lekuoro horretan barrena komunikatzeko.
Edouard Glissant karibetar idazleak ederki azaldu zuen: «Globalizazioari aurre egiteko modua ez da globaltasuna ukatzea, ezpada irudikatzea zein den berezitasun posible guztien batura mugatua eta ohartzea berezitasun batbedera galtzen den aldiko globaltasuna ez dela izango behar lukeen bezalakoa».
Gure mugarriak ezartzen ari gara, lekuak izendatzen, poesia aurkitzen. Bai, Bitarte horretan, aurkitu daiteke poesiarik.
Eguerdiko adreiluak eguneko bero arrosa atxikitzean
arrosa arnasa hartzeko negutegi bat ernaraztean
eta bera haizearen pare loratzean
urki meheek larritasunari beren haize-istorioak xuxurlaka kontatzean
kamioietan
egunak galdu uste zuen argiari
hesiko hostoek eustean
beraren eskumuturreko habia taupaka aritzean kurloiaren bularra sorgin-haizean bezala
lurreko koruak bere begiak zeruan aurkitzean
eta elkarri erakustean iluntasunaren borborrean
eutsiozu, laztana
— Gareth Evans
(7)
Haien Ezlekuak denboraren kontzientzia arrotz bat –aurrekaririk gabekoa izateagatik arrotza– sorrarazten du. Denbora digitala. Betiko irauten du, etenik gabe, gau eta egun, urtarotik urtarora, jaio eta hil. Dirua bezain axolagabe. Hala eta guztiz ere, etengabea izan arren, xoil-xoila da. Orainaldiko denbora da, iraganetik eta etorkizunetik bereizia. Beraren barruan, orainak baino ez dio eusten zutik; beste biek grabitatea falta dute. Denbora ez da engoitik zutabe-segida bat, 1ez eta 0z osaturiko zutabe bakarra baizik. Inguruan absentzia besterik ez duen denbora bertikal bat.
Irakurri Emily Dickinsonen orrialde gutxi batzuk, eta, gero, ikusi Lars von Trierren Dogville filma. Dickinsonen poesian, eternitatea urrats bakoitzean ageri da. Filmak, berriz, gordinki erakusten du zer gertatzen den eternitatearen aztarna oro desagertzen delarik eguneroko bizitzatik. Eta zera gertatzen da: hitz guztiak eta hizkuntza osoa esanahiz gabeturik geratzen direla.
Orainaldi huts batean, denbora digitalean, ezin da tokirik aurkitu edo ezarri.
(8)
Beste denbora-ingurune batean orientatuko gara. Eternitatea, Spinozaren esanetan (zeina Marxen filosoforik gogokoena baitzen), oraina da. Hura ez dago gure esperoan; aitzitik, dena ondo egokitu eta solasak oro gisakoak diren istant labur baina denboragabe horietan topo egiten dugu berarekin.
Rebecca Solnitek, Hope in the Dark liburu indartsuan, Gioconda Belli poeta sandinistaren aipu bat dakar, non Nikaraguan Somozaren diktadura eraitsi ondoko egunak deskribatzen baititu: «Bi egun haietan, bazirudien antzinako sorginkeria magiko batek bildu eta Genesira itzularazi gintuela, mundua sortu zeneko lekura bertara». Gerora, AEBk eta haren mertzenarioek txikituko zituzten sandinistak, baina horrek ez du inondik ere apalesten une hori iraganean, orainean eta etorkizunean.
(9)
Orain idazten ari naizen leku honetatik errepidez kilometro batera, lau asto –bi asteme eta bi astakume– alhatzen dira larre batean. Arraza bereziki txiki batekoak dira. Astemeen belarri puntta-beltzak kokotsera iristen zaizkit tentetzen direnean. Astakumeak, duela aste gutxi jaioak, terrier handien bestekoak dira, baina buruak ia txakurren saihetsaldeen neurrikoak dituzte.
Hesia gainetik pasatu, eta larrean esertzen naiz, bizkarra sagarrondo baten enborrean paraturik. Astoek beren zidorrak egin dituzte larrean barrena; haietako batzuk behe-beheko adarren azpitik, halako moldez non makurtu egin behar bainuke pasatzeko. Niri begira daude. Esparruko bi zatitan ez dago batere belarrik, lugorria baizik, eta animaliak egunean hainbat aldiz joaten dira hara iraulka ibiltzera. Astemeak lehenbizi, astakumeak gero. Astakumeek dagoeneko badaukate beren arrasto beltza sorbaldetan.
Orain, nigana datoz. Asto- eta zahi-usaina dute… zaldiena baino usain apalagoa, betiere. Astemeek buru-gaina laztantzen didate beheko masailezurrekin. Mutur zuria dute. Euliak dabilzkie begien inguruan, haien behako jakin-nahiak baino hagitzez asaldatuago.
Basoaren hegiko itzalpean daudelarik, euliek alde egiten dute, eta, batzuetan, ordu eta erdi ere egiten dute han, zutik eta geldi. Eguerdiko itzalpean, denbora moteldu egiten da. Astakumeetako batek errapea hartzen duelarik (ez dago emakume-esnetik hain hurbil dagoen beste esnerik), astemearen belarriak atzealdera makurtzen dira, buztan aldera.
Laurak inguruan dauzkadalarik, eguzkitan, haien hankei erreparatzen diet, hamaseiei banan-banan. Zein lirainak diren, zein soilak, zein trinko-trinkoak, zein ziurrak. (Zaldien hankek histerikoak dirudite haien aldean.) Haien hankek ezein zaldik gainditu ezin lituzkeen mendiak zeharkatu ditzakete; miresgarria da nolako zamak garraia ditzaketen hanka horiek, kontuan izanik nolako belaunak dituzten, nolako izterrak, ezproiak, xangarrak, berna-hezurrak, trabatokiak, apatxak. Asto-hankak.
Badoaz buru-makur, alhan, belarri-zoli; artoski begiratzen diet. Gure arteko harremanetan, bere xumean, eguerdietan elkarri egiten diogun konpainian, bada halako esker on bat hondarrean –ezin dut bestela deskribatu–. Lau asto larrean, 2005. urteko ekainean.
(10)
Bai, ni, besteak beste, marxista naiz oraindik ere.
John Berger