Listado de artículos

Slavoj Zizek: Arrunkeria publikoen itzulera

Duela bi hilabete Donald Trump alderatu zuten festa batetako gelako iskinan zarata eginda kaka egiten duen gizon batekin... Ba al da AEBetako Presidentetzarako hautagai errepublikar hoberik?

Ziurrenik denok izango dugu gogoan Buñuelen Askatasunaren mamua filmeko eszena hura: bazkaltiarrak mahai inguruko komunetan eseri ziren, elkarrizketa atsegin batean eta, jan nahi zutenean, etxezainari galdetzen zioten «¿non dago leku hori, badakizu?» eta atzeko aldeko gela txiki batera itzuri egiten dute.

Ez al dira, hautagai errepublikarren eztabaidak — metaforari jarraiki — Buñuelen filme hartako bilerak bezalakoak izan? Ezin al dezakegu gauza bera esan munduko politikari buru askori buruz? Ez al zen publikoki kaka egiten ari Erdogan, berriki, bulkada paranoiko batean, kurduekiko bere politika kritikatu zutenak «traidoreak» eta «agente sekretuak» zirela esan zuenean? Ez al zen publikoki kaka egiten ari Putin bere Txetxeniako politika kritikatu zuena medikoki zikiratzearekin mehatxatu zuenean? Ez al zegoen Sarkozy publikoki kaka egiten, 2008an eskua eman nahi izan ez zion laborari hari «zoaz pikutara, ergel zikina!» esan zionean»?

Eta zerrendak jarraitzen du. Munduko Sionisten Batzarrean, 2015ean Jerusalemen Netanyahu lehen ministroak aditzera eman zuen Hitlerrek juduak Alemaniatik soilik kanporatu nahi zituela, eta, Jerusalemgo Mufti Handia palestinarrak –Haj Amin Al Husseinik– konbentzitu zuela, nolabait, Hitler judutarrak hiltzera.

Netanyahu 1941eko topaketa bati buruz ari zen. Al Husseinik Hitlerri esan omen zion juduak Europatik botatzen bazituzten «denak etorriko zirela hona [Palestinara]». Netanyahuren arabera Hitlerrek galdetu omen zion «Eta zer egingo dut orduan?» eta Muftiak esan zion «Erre itzazu». Israelgo Holokaustoko ikerleek, segidan jarri zituzten hitzok zalantzan, esanaz Al Husseiniren eta Hitlerren artean esandakoa ezin zela egiaztatu, eta SSen Europako Juduen hilketak jada gertatzen ari zirela bi gizonek elkar ezagutu zutenean.

Ez ditzagun ilusiorik izan Netanyahuren hitzen aurrean: gure esfera publikoaren atzeraldiaren seinale dira. Orain arte arrazakeria lizunaren azpi-mundu ilunean zeuden akusazio eta ideia hauek diskurtso ofizialen babesa irabazten ari dira egun.

Hemengo arazoa da Georg Wilhelm Friedrich Hegelek Sittlichkeit deitu zuena: ohiturak, bizitza sozialeko – idatzi gabeko – arauen geruza lodia, sustantzia etiko lodi eta iragangaitza, zer egin dezakegun eta zer egin ezin dugun esaten diguna. Arau horiek desintegratzen ari dira egun: duela pare bat hamarkada eztabaida publiko batean esan ezin zena inpunitatez ahoska daiteke egun.

Zuzentasun politikoaren gorakadarekin desintegrazio hori orekatzen dela pentsa daiteke. Zuzentasunak esan ezin dena preskribitzen du; halere, gertuko begirada batek argitzen du zenbateraino den «zuzentasun politikoa» sustantzia etikoaren desintegrazio prozesu beraren partaide. Puntu hori frogatzeko, nahikoa da zuzentasun politikoaren ez aurrera ez atzerako puntua nabarmentzea: zuzentasun politikoaren beharra sortzen da idatzi gabeko aruak jada ez direnean eraginkorrak eguneroko harremanak eraginkortasunez erregulatzeko; pentsatu gabeko ohitura espontaneoen ordez arau esplizituak dauzkagu «tortura» «galdeketetako teknika hobetua» bihurtzen denean bezala.

Funtsezko puntua da tortura –estatuak basakeriaz praktikatutako bortizkeria– publikoki onargarria bihurtu zela hizkera publikoan zuzentasun politikoak biktimak bortizkeria sinbolikotik babestu zituenean. Bi fenomenook txanpon beraren bi aldeak dira.

Antzeko fenomeno bat aurki dezakegu bizitza publikoko beste eremu batean. AEBen hego-ekialdean 2015eko uztailetik irailera ariketa militar handi batzuk egin behar zituzten: Jade Helm 15ak. Jarraian susmoak hedatu ziren ariketa horiekin plan federal bat zegoela Texasen gerra legea ezarri nahi zela, Konstituzioaren arau-hauste zuzen bat. Ohiko paranoia konspiranoiko handi bat gertatu zen, Chuck Norrisen mailakoa; All News Pipeline webgunea izan zen zoroena, ariketok Texaseko Wal-Mart supermerkatuen itxierarekin lotu zituen: «Aurki biltegi erraldoi horiek elikagaiak banatzeko gune gisa erabiliko dira? Eta Txinako armada inbasoreen kuartel orokor gisa? Amerikarrak desarmatzeko Michelle Obamak txinatarrei agindu zien bezala Obamak Etxe Zuria utzi aurretik?»

Afera hau kezkagarria egiten duena da Texaseko agintari errepublikarren erreakzio anbiguoa: gobernariak Estatuko Goardiari agindu zion ariketa militarrak gainbegira zitzala eta Ted Cruz senatariak Pentagonoari zertzeladak exijitu zizkion.

Trump da gure bizitza publikoaren degradazioaren joeraren adierazpen behinena. Zer egiten du «protagonismoa irabazteko» eztabaida publikoetan eta elkarrizketetan? «Ez-zuzentasun politikoen» nahasketa bat eskaintzen du: labankada arrazistak –migratzaile mexikarren kontra–, Obamaren jaiolekuarekiko eta unibertsitateko lizentziarekiko susmoa, emakumeen kontratko gustu txarreko erasoak eta John McCain bezalako gerra heroien kontrako irainak.

Halako gustu txarreko okurrentziek adierazten dute Trumpi berdin zaizkiola manera faltsuak eta «lotsarik gabe esaten duela berak –eta jende arrunt askok– pentsatzen dutena». Funtsean, garbi utzten du, bere dolar guztien gainetik, gizon arrunt arrunt bat dela, jende arrunta bezain beste.

Halere, arrunkeriok ez gaituzte engainatu behar: Trump dena delakoa izanda, ez da outsider arriskutsu bat. Zerbait izatekotan, bere programa nahiko moderatua da (Demokraten zenbait garaipen onartzen ditu, ezkontza homosexualenganako postura anbiguoa da). Bere probokazio «freskoen» funtzioa da, hain justu, bere programaren arrunkeria maskaratzea.

Bere benetako sekretua da, mirariz irabaziko balu, ezer ere ez dela aldatuko –Bernie Sandersekin gertatuko litzatekeenaren kontrakoa, zeren ezkerreko Demokrataren abantaila nagusia da akademiako ezkerreko liberalen politikoki zuzenaren gainetik langile eta laborari arrunten beldurrak eta arazoak ulertzen eta errespetatzen dituela–. Benetako hauteskunde duelu interesgarria litzateke Trump Errepublikarren hautagaia eta Sanders Demokraten hautagaia balira.

Beraz, zergatik hitz egin hezkuntzaz eta manera publikoez arazo «erreal» askoz larriagoak daudenean? Manerek garrantzia daukatelako: tentsio egoeretan, bizitzaren eta heriotzaren arteko kontua dira, basakeria eta zibilizazioa bereizten duten marra fina. Bada azken arrunkeria publikoen leherketen inguruko gertakizun bat aipatu beharrekoa. 60ko hamarkadan, noizean behineko arrunkeriak ezker politikoarekin lotzen ziren: ikasle iraultzaileek sarritan hizkera aruntera jotzen zuten hizkera finari, politika ofizialari, aurre egiteko. Gaur egun, hizkera arrunta ia eskuin erradikalaren esklusiba da-ia. Eta ezkerra hezkuntza ona eta ohitura publiko onak defendatzeko posizioan aurkitzen da.

Horregatik dago eskuin Errepublikar «arrazionala» urduri: Jeb Bushen erorreraren ostean aurpegi berri baten bila ari dira desesperazioz, Bloomberg deitzeko ideiarekin ere.

Baina benetako arazoa posizio «arrazional» moderatuen ahultasunean dago. Alegia, gehiengoa ezin dela kapitalista «arrazionalen» diskurtsoarekin konbentzitu, eta posizio populista anti-elitista bat babesteko aukera handiagoak daudela, klase baxuen primitibotasun gisa: populistek egoki detektatzen dute ikuspuntu arrazional honen irrazionaltasuna; osoki justifikatuta dago haien gorrotoa bideratzea haien bizitzak modu batere gardenean erregulatzen dituzten aurpegirik gabeko erakundeekiko

Slavoj Zizek 2016ko otsailak 12an Newsweeken



Más artículos sobre este tema