Listado de artículos

Assata Shakur-en «Autobiografia bat» IRUTXULOKO HITZAn

Beltz guztien historia izan zitekeen Assata Shakurren historia

Donostia
Kultura
2022/10/28
Xalba Ramirez

Zergatik da Angela Davis horren ezaguna mundu osoan, eta Assata Shakur ez hainbeste? Erantzuna nahiko argi du Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak: “Davis mundu mailako mugimendu baten parte zelako [Alderdi Komunistako kide zen], eta mundu mailako kanpaina izan zuelako, eta Shakurrek, aldiz, ez”. Klaseak badu zerikusia, dio Danele Sarriugartek: “Davisek Herbert Marcuserekin egin zuen doktore tesia, Shakur ez zen unibertsitatera joan”.

XX. mendeko bigarren erdialdean, beltzen borroka izan zen AEBetako borrokarik garrantzitsuena. Eta, irudi lezake amaitu dela eskubide zibilen aldeko eta arrazakeriaren kontrako borroka, eta AEBetako gizarteak onartu dituela oinarrizko eskaerak. Egia dena da, beltzak etengabe txikituak, umiliatuak, jipoituak, jazarriak, torturatuak eta erailak izan direla. Horregatik da AEBetako demokrazia neoliberalentzat eta burgesentzat eredu; ez delako demokrazia.

Shakurrena da adibide: 2013tik FBIren terrorista bilatuenen zerrendan dago, eta bi milioi dolar eskaintzen dituzte bera atxilotzen laguntzeko. Izan ere, 1973an kartzelatik ihes egin zuenetik, Kuban bizi da Assata Shakur Black Liberation Army eta Black Pantherseko militantea (AEB, 1947), eta bertan idatzi zuen, ingelesez, best-seller bat den bere autobiografia. Danele Sarriugartek euskarara ekarri du, Katakrak argitaletxearekin.

Beltzen historia, errepresioaren historia

“Zirrara” sortzen diola aitortu du Sarriugartek: kontatzen denagatik, eta kontatzen duenagatik. Shakurren atxiloaldiarekin hasten da liburua, eta bere bizitzako pasarteetatik bidaiatzen dugu, Shakurrekin batera, bere haurtzaroa, bere aiton-amonak, amarekin duen harremana, maitaleekin eta, noski, Pantera Beltzekin eta beltzen askapen mugimenduarekin.

Bidaia horretan, boterearen egiturek eta instituzio politikoen barne dinamikak ulertzen saiatzen da Shakur, erizainek eta poliziek duten harremana ulertzen, heriotza zigorra ulertarazteko. Errepresioaren egiturak maila guztietan aztertzen laguntzen du honela Shakurrek, bere gorputzean hezurmamitu duen errepresioa.

Etxartek onartu duenez, honelako liburuak “mirariak” dira: “Mirariak, protagonista hauek ez erail izana miraria delako”. Shakurren bizitza heriotzatik ihes egiteko bizitza bat izan baita beti. “Erraz” irakurtzen den liburu horietako bat dela gehitu du Etxartek, “eleberri baten moduan irakurtzen baita”. Eta, gehitu du: “Harritzekoa da, hain ondo idazten duen idazle batek, liburu bakarra argitaratu izana”.

Sarrionandia eta Shakur

Kuban dago Shakur 1980ko hamarkadatik, errefuxiatu politiko moduan. Eta, hara non, Kuban errefuxiatu politiko moduan egon zen Joseba Sarrionandiak eta berak elkar ezagutzeko aukera izan zutela, iurretarrak berak kontatzen duenez. Hitzaurrea idatzi du Sarrionandiak, eta bertan jaso du pasartea, eta Shakur pertsona “normala” zela kontatzen du: “Hitzaren zentzurik normalenean: lasaia, argia, lotsatia, umore onekoa, eskuzabala […]. Terroristatzat dutenen antzinako esklabo jabeen oinordekoek eta Samuel Cartwighten estiloko publizista postmodernoek ezagun da baduela zerbait kontatzeko bizi garen munduko botere harremanez eta pertsona orok gure baitan daramagun askatasun gogo desordenatuaz”.

Etxartek argitaletxearen oharra nabarmendu du, “inoiz baino kolektiboagoa baita hau”. Kontatu duenez, Angela Davisen liburua argitaratzen ari zirenean, Iruñeko kaleetan poliziak eraildako Elhadji Ndiaye ekarri zuten gogora, “Davisek AEBei eta Palestinari buruz dioena, gurean kokatzeko” beharra sentitu zuten. Oraingoan, beltzen askapena euskal artetik, eta bereziki, musikatik begiratu dute.

Euskal artea, AEBetako beltzen alde

Mikel Azurmendiren poema musikatu zuen Imanol Larzabal donostiarrak bere lehen LP-an: “Xuri guztiak ez dira irinak / ezta beltz guztiak ikatzak / 70 dolar xuri / eta beltza hintzelako / Jackson”. George Jacksonen alde borrokatu ziren euskaldunak, eta borrokatu zen Angela Davis. Eta, lotzen dira euskaldunon borrokak, eta AEBetako beltzenak egun ere: “Beltzek, planeta osoan eta langile klaseko azken mailan ia beti, zapalduta jarraitzen dute: Bidasoan, Arrotxapean, Calaisen, Zeutan”.

Sarrionandiak berak ere, halakoa utzi zuen idatzita Laboaren Kiromantzidxe-rako: Gobernue/ bere indder gustidxekin dator / seure kontra / polisidxak juesak bankeruek danak / seure atzetik
kontuek atara sein ete da ba / sure erru larridxori / orraikiño nungotarra zara baño / ara ba karo / esara ba euskeldune / euskeldun jaidxo eskero /esta arritzekue gero / suerte eskasas bisitzie/ eskeldune saaratarra ixetie / indidxue ixetie / ero baltza ixetielakue da / eneuke egon gure sure kolkuen.

Emakume beltzen eredu, eta beraz, emakumeen eta beltzen eredu da Assata Shakur, eta bere autobiografia garai bat ulertzeko testua da. Azkenean euskaraz irakurtzeko aukera izango duguna.



Libro recomendado:

Autobiografia bat

Autobiografia bat

25,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema