Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
Sarajevo irratiko kultura kazetaria izan zen, eta gerra garaian uhinetan jarraitu zuen. 1994an, Kataluniara ihes egin zuen;han tabernari izan da, eta hango prentsan kolaboratzaile.
Argazkia: IDOIA ZABALETA 2017-06-20 / Iker Tubia
Gerra egoeran utzi zuen sorterria, eta oraindik minez ikusten du bere Sarajevo maitearen egoera. Han, Slobodan Minic zuen izena, baina, Katalunian erbesteratu zenez geroztik, Boban Minic deitzen dute (Sarajevo, 1950). «Gal zitezkeen gauza material guziak galdu nituen, baina min handiena ematen didana arreba txikia galdu izana da, merkatuko sarraskian hil zutelako. Horrekin alderatuta, izena galtzea ezdeusa da». Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du La vida y la muerte de Yugoslavia (Jugoslaviako bizia eta heriotza) bigarren liburua (Uno Editorial, 2017).
Aurreko liburuarekin ikusi nuen jendeak baduela enpatia, baina ez duela argi zer izan zen gerra hau, zergatik gertatu zen... Konturatu nintzen hori azaldu beharra nuela.
Nazioarteko komunitatea kokoteraino zegoenean moztu zuten gerra, baina aizkoraz, gerra piztu zuten arazoak konpondu gabe. Talde etniko guziek uste dute gehiago lortzen ahal zutela urte bat gehiago iraun izan balu.
Gure bakea oso hauskorra da, herriaren banaketa oso handia da, nazioarteko komunitateak baztertu gaituela sentitzen dugu, eta kanpoko eraginak daude: Europako Batasuna zalantzaz beterik dago, Turkia presioa egiten ari da musulmanengan, eta Errusiak presioa egiten die serbiarrei. Gerra posible da, eta nik uste nahiko gertu gaudela. Baina gerra horrek mugak gaindituko lituzke, nazioarteko komunitateak esku hartuko lukeelako.
Bosnia eta inguruko egoera gerra ondoko lehen urtekoa baino makurragoa da orain. Tentsioa handitzen ari da. Gaur egungo lider politikoak boterean betikotu dira gorrotoa eta beldurra zabalduz. Ez dute interesik aurrerapausorik emateko.
Ez dut erantzunik. Gehiago jakinda, gehiago nahaspilatzen naiz. Wikileaksek argitutako azken dokumentu batzuen arabera, Jugoslaviaren kontrako nazioarteko konplot bat zegoela dirudi. Askorentzat ezerosoa zen Jugoslavia. Aberastasuna eta indarra zituen, eta neoliberalismoaren moldearen kontrara zegoen egina. Hura salbatzeko ez zuten deus egin, eta gerra ez gelditzeko asko egin zuten. Noski, Jugoslaviako lider nazionalistek erruaren puska handia dute, baina nazioarteak gelditu zezakeen.
Badira zaharberritutako eraikinak, eta badira orain dela hogei urte bezala daudenak. Hau sinbolikoagoa da: badira zenbat duten ez dakiten aberats berriak, eta badira pareta konpontzerik ez duten pobreak.
Ez, ezin da. Parte har liteke onean edo txarrean. Irratiko lankide batzuk gerra hasi bezain pronto igo ziren mendietara, eta propaganda erdeinagarri eta basatia egin zuten geratu ginenen aurka. Ni ere zerrenda beltzean sartu ninduten. Bestalde, geratu ginenak saiatu ginen humanismo pixka bat jartzen. Gerran ez nuen eragin, baina jendeari lagundu nion egunik gogorrenak gainditzen. Etorkizunaz hitz egiten nuen, psikologoak eta nutrizionistak elkarrizketatzen nituen... Seguru nago ezin nuela besterik egin.
Bai, baina ezin nuen deus egin frankotiratzaile batek hil ez zitzan. Ezer egin ezinik sentitzen zara, baina ezin diozu jendea laguntzen saiatzeari utzi.
Horregatik, nik egiten nuena ezin dut kazetaritza deitu. Psikologo-psikiatra kontsulta moduko bat zen. Ezin nintzen Sarajevotik atera, ezin nuen besteek ziotena aditu eta ezin nituen informeak alderatu. Gerran kazetaritza egitea ezinezkoa da barnean daudenentzat. Atzerritarrentzat bai; mugitzeko askatasun gehiago zuten, baliabide gehiago...
Ahotsik gabe geratu nintzen. Sei hilabete behar izan nituen berreskuratzeko. Kazetari lanik egin gabe, ezin nuen deus egin han. Tuneletik atera nintzen, bisarik gabe pasatu nituen mugak, Kataluniara ailegatu arte. Ez da erabaki kontziente bat izan. Beti pentsatzen duzu noizbait itzuliko zarela. Egun batean ohatzetik jaiki, eta haize hotz batek oilo ipurdia jarri zidan. Neure buruari esan nion: «Ez haiz itzuliko».