«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Viernes 20 de Diciembre
2020/11/15
EGUNEKO GAIAK
ERREPORTAJEA
«Rider»-en eta enpresen arteko harremana laborala dela ebatzi du Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak. Autonomo faltsuen kontua ez da berria. Plataforma digitalen trikimailuei erantzuna eman eta erregulatu egin behar direla diote sindikatu eta adituek.
ANE URKIRI ANSOLA
[...]
Soldatapeko enplegua gutxiesteko diskurtsoari aspaldi ekin zitzaiola dio Laureano Martinezek, Nafarroako Unibertsitateko doktore eta giza- eta lan-politikan adituak: «Errutinazkoa, errepikakorra, autonomiarik gabea eta berrikuntzaren eta aldaketaren aldekoa ez dena dela esanez deslegitimatzen saiatu dira». Ekintzaileen diskurtso idealak, aldiz, autonomia, independentzia, arrakasta sozial eta profesionala, errealizazio pertsonala, aberastasuna sortzea eta «zure ametsak betetzeko» aukera ematen duela sinetsarazi nahi duela ohartarazten du Martinezek “Mi jefe es una App” liburuan idatzitako hitzaurrean.
«Diskurtso horrek egoera afektibo eta emozionalei lotutako gaitasunak mugiarazten ditu, hala nola autokonfiantza, ilusioa eta grina, subjetuari, bere barnera begiraraziz, bere baitan sortzen duen energia-iturri agortezina dela sinetsaraziz. Erakargarritasunaren bidez jarduten duen diskurtsoa da, askatasunaren ideal bat eskaintzen saiatzen dena, Glovo-ren web orrialdean ikus dezakegunaren tankerakoa: “Gure zerbitzuaren malgutasunak askatasun handiagoa izateko eta zure aisialdian diru-sarrerak sortzeko aukera ematen dizu”».
Meritokraziaren diskurtsoa eta proaktibo izatearen onurak nabarmentzen dituztela azpimarratu dio GARAri Martinezek, arestian aipatutako adierazpenei tiraka: «Modu batean da ‘triste zaudelako ez zaude lanean’ esatea bezala; esan nahi dute, saiatuz gero, pozik egonez gero, bizitzan nahi duzuna lor dezakezula eta, horrenbestez, lana izango duzula».
Beste modu batean esanda, une oro lanerako prest egonez gero arrakastatsuago izango zaren diskurtsoa ere saltzen dute, denbora librean dirua egiten ez bazabiltza denbora galtzen ari zarela sinetsarazten. Kasu honetan, Nafarroako Unibertsitateko irakasleak hitz joko berezia ekarri zuen. «Zer da ba negozioa, ez bada aisialdia ukatzea (negar el ocio, gazteleraz)? Aisiaren eta lanaldiaren arteko mugak ezabatu dituzte plataforma digitalen lan moldeek».
[...]
Laureano Martinezen ustez ere erabat positiboa da Gorenak plazaratutako ebazpena, baina ziur da enpresek zirrikituak bilatzen jarraituko dutela langilearekiko harremana «laborala» ez dela frogatzeko; «eta behar adina baliabide dituzte horretarako; beraz, nire ustez, beharrezkoa da lan-harreman gisa erregulatuko duen formula bat, bestela enplegutasunaren atzetik korrika ibiltzearen moduko lasterketa bat izango da».