Un solete
Lunes 02 de Septiembre
Elkar, Susa, Txalaparta eta Igelako editoreak hogei bat lagunen aurrean mintzatu ziren, Katakrak liburu dendako Hedoi Etxartek gidatutako mahai-inguruan. Lau editoreak liburugintzaz aritu ziren batik bat, eta egungo kezkak eta egoera aztertu ostean, etorkizuneko erronkak ere hizpide hartu zituzten.
1988. urtean hasi ziren Gorka Arrese eta Xabier Mendiguren editore lanetan. Susa argitaletxean Xabier Montoiaren “Narraztien mintzoa” izan zen Arresek editatutako lehen liburua eta Juan Luis Zabalaren “Gertaerei begira” kaleratu zuen Mendigurenek Elkar argitaletxean. 23 urte zituzten biek. Xabier Olarrak hurrengo urtean ekin zion Igela argitaletxea sortu eta itzulpenak plazaratzeari. Mikel Soto, berriz, 2005etik da Txalapartako editore, eta Laura Mintegiren azken liburua argitaratzearen ardura egokitu zitzaion.
Lau editoreek aitortu zutenez, argitaletxe batean egin beharreko lanak mitifikatutako horiek baino gehixeago dira: liburuak irakurri eta editatzeaz gain, diseinua, banaketa, administrazio lanak, promozioa eta logistika kontuak ere egin behar izaten dituzte normalean.
25 urte bete berri ditu Igela argitaletxeak, eta 100 liburu plazaratu ditu urte hauetan guztietan Olarrak. Elkarrek, berriz, 100 bat liburu plazaratzen ditu urtero. Mendigurenek emandako datuen arabera, erdiak gutxi gorabehera testuliburuak dira, 25 haur eta gazte literaturakoak eta helduen literatura dira gainerakoak. Azken horiek argitaratzeaz arduratzen da bera.
Plazaratzen duten liburu kopuruaz aritzeaz gain, normalean argitalpenok izaten dituzten salmentak eta zailtasunak, laguntzak eta edizio moldeak hartu zituzten hitzetik hortzera editoreek. Publikoak arreta handiarekin jarraitzen zuen aurki Interneteko etzi.pm gunean argitaratuko den mahai-ingurua. Pasioz aritu zen Arrese, ondotik erantzuten zion Sotok, eta patxadatsuago hartu zuten hitza Olarrak eta Mendigurenek.
Argitalpen lanak ematen duen eskarmentutik, egungo lan moldeak ere hizpide izan zituzten. Lau adibide zeharo ezberdinak: Txalapartak harpidetza bidez funtzionatzen du batik bat; Elkarrek etorkizunean nola jokatu asmatu ezinik jarraitzen du; Igelak baditu liburu elektroniko batzuk prest; eta Susak sarean egiten duen lanaren berri ere eman zuen, besteak beste.
Gai eta ertz asko atera ziren, eztabaida une sutsuagoak ere izan ziren, baina idazle, irakurle eta editoreen arteko solasaldia izan zen bereziki, konfiantza giroan. Datuak, zifrak eta portzentajeak, literatura eduki eta erronkei asko erreparatu gabe. Moderatzaileak etorkizuneko erronkei buruz egin zien azken galdera.
Susako Arresek «etziko erronka» bezala planteatu zuen euskarazko liburuek ISBN zenbaki propioa izatea, «hori da biharko euskal argitaletxeek behar duguna, baina aurretik euskal errepublika bat osatu beharko dugu, gure idazleak munduari erakusteko, beti doblajean eta subordinazioan ibili gabe»
Mikel Sotoren aburuz, «ziurrenik Txalaparta izango da etzi ere, ez dakit ni hortik bizi ahalko naizen, eta ze euskarritan argitaratuko ditugun lanak».
Xabier Mendigurenek, berriz, etorkizunaz hausnartzeko, aspaldi honetan gertatzen ari denari erreparatu zion, generoari.
Mahaiko guztiak gizonezkoak izan arren, egile eta batik bat irakurleen artean emakumezkoak gero eta gehiago direla nabarmendu zuen. Entzuleen artean ere, gehiago ziren.
Datorren astelehenean, maiatzak 15, Jule Goikoetxea (Lisipe), Lorea Agirre (Eskafandra), Xabier Eizagirre (Jakin) eta Esteban Antxustegi (EHU) arituko dira «etziko saiakerari» buruz liburu denda honetan bertan.