Listado de artículos

«Emakumeak, kultura eta politika» DIARIO DE NAVARRAn

Gure munduaren gatazkak, Angela Davisen ikuspuntutik

NEREA ALEJOS Iruñea

Feminismoaren teorialari, arrazismoaren kontrako ekintzaile eta ezkerreko mugimenduetako militante, Angela Davis (Birmingham, Alabama, 1944) XX. mendeko ikono nagusietako bat bat bihurtu da 70eko hamarkadatik hona. Bere lehenengo ekarpen teorikoa Emakumeak, arraza eta klasea (1983) izan zen. Handik urtebetera Emakumeak, kultura eta politika argitaratu zuen eta 1990an eman zuen behin-betiko bertsioa. Bertan 80. hamarkadan idatzitako hitzaldi eta artikulu biltzen ditu, 18 ataletan banaturik. Gai guztiak hiru ardatz nagusitan sailkatzen dira: emakumeen berdintasunaren aldeko borroka, nazioarteko gaiak eta kultura.
Orain, Katakrak argitaletxe nafarrak obra hau euskarara ekarri du. “Emakumeak, kultura eta politika gaztelaniara oraindikan itzuli ez den liburua da. Ahal den neurrian, primizia ematen saiatzen gara”, esaten du Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak. Fermin
Zabaltza, Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Estibaliz Lizaso, Joxe Mari Berasategi eta Hedoi Etxarte berak itzuli dituzte liburuaren testuak. Bereziki aipatzekoa da Xabier Olarraren koordinazio lana, testu guztien terminologia eta estiloa bateratuz. Kon-
trazalean aipatzen den bezala, liburu hau hamaika pertsonaia historiko eta gatazka ezagutzeko eta sakontzeko gida bat da. “Edozein gatazkan dauden faktore ezberdinen eta konplexutasunen bila aritzeko gonbidapen bat da”. Gai anitzak jorratzen dira: arrazakeria, arma nuklearrak, familia beltzen egoera Estatu Batuetan, argazkigintza eta historia afroamerikarra, Winnie Mandelaren autobiografiari buruzko hausnarketak, Egiptoko emakumeak...

Katakrak argitaletxeak euskaraz kaleratu du ‘Emakumeak, kultura eta politika’
Gure munduaren gatazkak, Angela Davisen ikuspuntutik

Hedoi Etxartek azaltzen duenez, “aspaldiko gatazkak nolabaiteko antzekotasuna izan dezakete guk gaur egunean izan ditzakegun horiekin”. Emakumeen mugimenduari dagokionez, ikuspegi historikoa ematen du. Davisek XIX. mendeko Emakume Beltzen Kluben Mugimendua gogoratzen du, “garai hartako lintxamendu izurritearen kontra” jaio zena. Angela Davisek ospe handia lortu zuen gaztarotik. “Kaliforniako Unibertsitatean irakasle zela, izugarrizko kalapita egon zen bera Alderdi Komunistako kidea zelako”, kontatzen du Hedoi Etxartek. 1972an, Soledad anaien auzian nahasia ikusi zuen bere burua. “Hilketa, atxiloketa eta konspirazioagatik froga faltsuekin atxilotu ninduten”, gogoratzen du Davisek berak Emakumeak, kultura eta politika liburuaren hitzaurrean. Kartzelan
sartu zutenean, bere askapena eskatzeko mundo mailako kanpaina bat jarri zen abian. Azkenean absolbitu zuten.

Zapiaren erabilera Egipton

Etxartek azpimarratzen duenez, “Davisek badauka orijinaltzat har dezakegun aztertzeko modu bat. Gatazka bat azaltzerakoan, Davisek ahalik eta faktore gehien aipatzen ditu: erlijioa, historia, klase soziala... Gai guztietan saiatzen da ahalik eta ikuspegi zabalena izaten”, dio Etxartek.
Horren adibide garbia da Emakumeak Egipton: ikuspegi pertsonal bat izenburuko kapitulua. “Askotan, buruko zapi islamiarrari buruz egiten den irakurketa erlijioaren ikuspegitik izaten da soilik”, azaltzen du Etxartek. “Davisek erlijioa aipatzen du, baina Egiptoko historia ere aztertzen du. Hau da, noiz hasi ziren Egiptoko emakumeak zapia erabiltzen, ze zapia oso gauza garaikidea da Islamaren baitan”.
Egiptoren kasuan, zapiarena Kairon sortutako moda bat zen. “Hirietako klase ertaineko emakumeak hasi ziren zapia janzten XX. mendearen hasieran. Angela Davisek Egiptora bidaiatu zuenean, landa eremuan ia inork ez zeraman zapirik”.
Etxarteren ustez, azpimarratzekoa da Davisek bere liburuetan erabiltzen duen “estilo gardena”. “Nahiz eta batzuetan aipatutako ideiak sofistikatuak izan, beti modu argian azaltzen ditu”. Hain zuzen, hori izango litzateke mundu osoan lortu duen oihartzunaren gakoa.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema