Listado de artículos

Emmanuel Rodríguez BERRIAn

EMMANUEL RODRIGUEZ. SOZIOLOGO ETA ANALISTA POLITIKOA

«M-15aren irakurketa kontserbadoreena egin zuen Podemosek»
Errealitate soziopolitikoaren begirale zorrotza da. Mendebaldeari egonkortasuna eman dion erdiko klasea suntsipen prozesu geldiezinean dagoela uste du, eta M-15 eta Podemos horren ondorio direla.

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA 2017-03-09 / Joxerra Senar

Emmanuel Rodriguez soziologo eta historialaria (Madril, 1974) Iruñeko Katakrak liburudendan izan zen gaur zortzi bere azken liburua aurkezten: El ocaso de la clase media (klase ertainaren gainbehera). Traficante de Sueños argitaletxeak kaleratutako liburuak azaltzen du demokrazia liberalari egonkortasuna eman dion klase ertaina gainbehera prozesu batean dela. Krisiak «ez du amaierarik», eta horren aurrean finantza botereei aurre egingo dieten kontrabotereak eraikitzeko beharra dago, haren ustez. Testuinguru horretan etorri zen lehen erantzun antolatua —M-15 mugimendua—, eta hari politikoki jarraipena eman zion Podemos alderdiak. Ikuspuntu kritikotik aztertu du.

Klase ertainaren gainbeheraren ondorio dira M-15 eta Podemos?

Era nabarmenean, bai. M-15ean, klase ertaineko gazteak —gehienak unibertsitate ikasketekin—, kalera atera ziren. 1970eko hamarkadan aktiboak ziren klase herrikoiak, berriz, ikusle pasibo hutsak dira. Espainiako Estatuaren eta Europako Batasun osoaren konfigurazioaren ondorio ere bada. Globalizazioak desindustrializazioa ekarri du, eta garai bateko langile klasea suntsitu dute. Ziklo honetan, protagonismoa ez dute langileek, gazteek baizik. Funtsean, aldarrikatu zuten ez dutela tokirik, nahiz eta horretarako prestakuntza jaso. Hori da M-15en anbiguotasuna: alde batetik, demokrazia liberal hutsa baino harago doan demokrazia aldarrikatzen du eta, bestetik, demokrazia liberala lehengoratzea eskatzen du.

M-15 eta Podemos bat-batean agertu ziren, eta mundu guztia ezustean harrapatu zuten.

M-15 aurretik, Democracia Real Ya mugimenduak manifestazioetara deitu zuen 50-60 hiritan. Gogoan dut egun haietan Iruñera etorri nintzela eta aipatu nuela zerbait handia etor zitekeela, agian krisi ekonomikoari emandako lehen erantzun antolatua. Mezu hura hotz samar jaso zen hemen. Jokabide hori Nafarroan eta ezkerreko beste esparru batzuetan nahikoa errepikatu zen. Inork ezin zezakeen imajinatu, ezta deitzaileek ere, eztanda hura.

Kaleak hustu ziren, baina zer gertatu zen gero?

Eztanda hark aste gutxi batzuk iraun zuen, baina garrantzitsuena ez zen hori izan. M-15en enborretik hainbat gizarte mugimendu masibo etorri ziren, 1970eko hamarkadatik ikusi gabeak: Marea Berdea, Zuria, Horia... Beste mugimendu garrantzitsu bat etxe kaleratzeen aurkakoa da. Espainiako krisi ekonomikoaren muinari heltzen zion, batik bat higiezin sektoreari lotutako finantza ereduari: bankuen eta kutxen erreskatea etxebizitzaren eta familien lepotik egin zituzten. 700.000 familia kaleratu dituzte etxetik.

Liburuan aipatzen duzunez, Espainiako erregimena krisi sakonean izan zen 2012ko udan. Zergatik ez zen denbora tarte horretan politikoki zerbait gorpuztu?

Ez zaio soilik M-15i edo Podemosi gertatzen. Euskal Herrian ere gertatzen da. Perspektiba estrategikoa falta da. Alderdi zaharren sistema suntsitzen ari den honetan, zer egin? Ez da ulertzen zer ari den desegiten eta zer eraiki daitekeen. Ez dago 1970eko hamarkadaren pareko antolamendu ahalmenik ere. 2012ko udan, Espainiako ekonomia amildegiaren ertzean izan zen, eta garai bateko klase arteko borrokaren ikuspuntutik arerioak erreakzionatu egin zuen: ez zen estatua izan, Europa baizik. Funtsean, Europako Banku Zentrala estatuen zorra erosten hasi zen. Mobilizazio zikloari emandako erantzun argi bat izan zen. Lehen aldiz jabetu zen EB egoeraren gidaritza hartu behar zuela eta ez zela mugatu behar makilkadak ematera.

M-15etik Podemosen sorrerara bi urte eta erdi iragan ziren. Zer galdu zen bidean?

Podemosek M-15aren interpretaziorik kontserbadoreena egin zuen. M-15aren anbiguotasun horretan, meritukrazia berregitearen alde egin zuen Podemosek, eta, alderdiak botoak irabazteko aukerak handitu ahala, hori are gehiago berretsi da. Ulertzen du gehiengoa moderatua dela eta harengana hurbiltzeko diskurtso mota horiek erabili behar dituela.

Bilakaera horretan, haren proiektua zertan geratu da?

Bidean. Sinesgarritasuna galdu du. Diskurtsoa egokitu egiten du egoera desberdinetara, eta, bestetik, dena harrapatu nahi duen alderdi bihurtu nahi izateagatik hizkera leundu du. Ez dira gai desegiten ari den egoera soziala interpretatzeko. Hizkera zaharra desegin da, eta gizartean ildo erradikalagoak jorratzeko aukera ez dute aztertzen. Beste alderdien gisako bihurtzen ari dira.

Hala ere, Podemosek mapa politikoa baldintzatzeko ahalmena duela erakutsi du Espainian eta Hego Euskal Herrian.

Hori da interesgarriena. Gaur egun ere ikus daiteke. 1978tik hona gobernatu duen alderdien sistema tradizionalarekiko atxikimendu falta handia dago, eta, hain da garrantzitsua, ezen Podemosi botoa eman dioten bost edo sei milioi herritar horiek nekez itzuliko direla beste alderdietara. Boto aldaketa basati hori gertatu bada ere, nola interpretatzen dugu? Podemosek interpretatu duen bezala, soilik ordezkaritza hobea bilatzen dute boto emaile horiek ala harago bultzatu behar da, beste batzuok ulertzen dugun moduan? Hor dago koska.

Antolakuntzan datza bere ahulgunea?

Oso azkar instituzionalizatu da eta bere burokrazia propioa eratu du. Ehunka pertsona alderdiaren menpe bizi dira, eta horrek eramaten zaitu zure posizioa bermatzera. Hor datza dialektika zaila eta konplexua: alde batetik, oskol bat nahikoa hutsa duzu eta, bestetik, ordezkaritza politiko bat bilatu duen gizartearen mugimendu oso bat. Egoerak oso irekita dago oraindik. Onerako, beharbada lor daitekeelako Podemos beste toki baterantz bultzatzea, baina okerrerako ere izan ahal da. Europan, klase ertainaren krisi honetan, badago beste aukera posible bat: nazionalismo kontserbadore eta arrazistak indarra hartzea.

Espainiako azken hauteskundeetan Hego Euskal Herrian eta Katalunian irabazi egin zuen Podemosek. Zergatik?

Hauteskunde autonomikoetan eta Espainiakoetan gako desberdinak daude. Hemen ere alderdi sistema krisian dago, baita ezker abertzalea ere. Katalunian mapa berezia eta konplexua da. Podemos PSCri botoa ematen zioten tokietan da indartsu: Bartzelonaren metropoliaren periferian. Lehen aldiz, sektore horiek mobilizatzeko indar bat dago, eta hori ez dute egin bertako ezker tradizionalak eta independentismoak.

Azken batzarraren ondoren, eraginkorra da oraindik ere?

Alderdi ereduak berdin jarraituko du. Kontua jada ez da zer egin dezakeen Podemosek besteentzat, baizik zer egin dezaketen besteek Podemosekin. Kontua ez da Podemos eraberritzea, baizik eta ikustea, haren bizio guztiekin, protesten dinamikarekiko sentikor dela oraindik ere. Eraginkorra izango da presio egiteko eta tolesteko balio badu.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema